INGURUMENAREN GESTIOA

Norvegiaren kasua

Nazioarteko lankidetza eta basoak

Mikel Mancisidor. Jurista eta Nazioarteko Harremanetan Doktorea

Deforestazioa da gure planetaren arazo handienetako bat. Deforestazioak ondorio negatibo garrantzitsuak dauzka: biodibertsitatean galerak, klima aldaketa eta desertifikazioa eragiten ditu, eta milioika pertsonaren bizitzan eragin nabarmena dauka.

Gaur egun, Nazio Batuen datuen arabera, lurrazalaren %31 (itsaso eta ur-azalerak kenduta) basoz estalita dago. 1.600 milioi pertsona inguruk (munduko populazioaren %20 gutxi gorabehera) basoen beharra daukate bizibidea, ostatua, energia lortu eta kultura mantendu ahal izateko. Egungo 2.000 kultura indigena daude basoetan.

Munduko biodibertsitatearen %80 basoetan dago. Klima-aldaketaren arduradun dira berotegi efektuko gasak eta horien %12-20ren eragin baliokidea du deforestazioak.

Kezkagarriak dira baso-masaren galerak, bereziki baso sortzaileari eta baso tropikalari dagozkionak. Urtero 13 milioi baso-hektarea galtzen dira munduan. Neurria hobeto ulertzeko erreferentzia bat nahi duzue? Bizkaiaren azalera baino 50 bider gehiago!

Azken urteotan deforestazio tasa murriztu bada ere, beherakada horrek nahikoa izan gabe jarraitzen du, biodibertsitatea eta ehunka milioi pertsonaren giza garapena babestu nahi badugu.

Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar dugu, batzuetan, pertsona eta gobernu askok uste dutela deforestazioa beharrezkoa dela zenbait herrialde pobretuetan hazkunde ekonomikoa lortzeko. Iritzi hori tamalgarria da, baina baita leku askotako garapen eta enplegua errazteko kalte saihestezina ere; izan ere, zenbait lekutan basoa etekin ekonomikoen iturri erraz eta azkar gisa ikusten dute, nahiz eta iraunkorra ez izan.

Hori dela eta, duela hamarkada pare batetik hona, basoen babesa eta tokian tokiko zein herrialdeko giza garapena bateragarria egiteko formulak aztertzen ari dira. Basoak bedeinkapen gisa ulertu behar ditugu, garapen iraunkorrerako aukera gisa, ez muga gisa.

Gainera, basoen onurak globalak badira (biodibertsitatea, klima), globala izan behar du, baita, haren kontserbazioa lortzeko inplikazioak, globala izan behar dute haren inguruko erantzukizunak eta lanak.

Duela zenbait urtetatik lantzen ari dira nazioartean basoen kontserbaziorako laguntza partekatzeko formulak, ondasun komunaren erantzukizun globalerako modu berriak. Munduak basoak nahi baditu, hau da, gizadiaren onerako hegoaldeko zenbait herrialdek horiek kontserbatu eta babestu behar badituzte, nazioarteko komunitatearen gainerako kideek, bereziki herrialde aberatsek, fakturaren zati bat ordaindu beharko lukete eta natura-baliabideen erabilera mugatua duten herrialde horien garapenean lagundu.

Ideia ona da. Baina edozein arazo konplexuren soluzioak bezala, bizar eta meandroak dauzka honek ere, zailtasun eta kontraesanak. Nola bermatu nazioarteko komunitateak emandako baliabideen jarraitutasuna eta, aldi berean, modu iraunkorrean kudeatu?, Nola erraztu baliabide horiekin inguruko egiazko giza garapena, tokiko biztanleen ongizatean eraginik izango ez duen aurrekontu publikoa handitu barik?, Nola sustatu tokiko gaitasunak eta nola saihestu menpekotasuna? Horiek eta antzeko beste zenbait galdera errepikatzen dira gai hauen inguruan mintzatzen garenean.

Zailtasunak zailtasun, ezagutzeko moduko esperientziak dira. Norvegia da proiektu mota honetan herrialde liderretako bat. Esate baterako, urtean 500 milioi dolar emateko konpromisoa hartu zuen 2007an Balin egin zen Klimari buruzko Goi-bileran. Herrialde nordiko horrek bete egin zuen bere konpromisoa, eta ordutik 1.000 milioi dolar ordaindu dizkio Brasili, bertako basoak mantendu ditzan. Denbora-tarte honetan, emaitza argia izan da: herrialdean deforestazioa nabarmen murriztu da. Basoa galdutako 27.772 km2 ziren 2004 urtean, eta 2014 urtean, ordea, 5.000 km2 baino gutxiago.

Esan daiteke Brasilen izan den emaitza on hori ez dela soilik Norvegiaren ekimenari esker izan, barne-politikek garrantzia handia izan baitute prozesuan. Bai, jakina; kontua ez da herrialdeari merituak kentzea, baizik eta aitortzea Norvegiaren ekimenak lagundu egin duela baliabideak eskainiz, aurrerapenok gauzatzea posible egin duela, alegia. Deforestazioaren murrizketa hori nahikoa ez dela iruditu dakiguke (azken bi urtetan atzerako urratsak eman direla aitortu behar dugu, gainera), baina, txostenetan jasota dagoenez, Brasilen deforestazioa %80 murriztu da azken hamarkadan. Gobernu-politikak eta nazioarteko laguntza egon ez balitz, ordea, ez zatekeen murriztuko; areago, oso bestela izango zatekeen. Politika eta laguntzarik gabe %20 inguru haziko zatekeen deforestazioa, herrialdeko bertako lan-taldeen estimazioen arabera. Baliteke oraindik nahikoa ez izatea, baina aitortu beharra dugu hartutako neurriek badutela garrantzia.

Norvegia bere sistema luzatzen ari da beste herrialde batzuetara, hala nola Liberia, Guyana edo Perura. Beste herrialde-emaile batzuk ere ari dira, modu xumeagoan, asmo berarekin programak garatzen. Ez, hitzarmen horiek ez dira panazea, ez dira lurralde horietako garapen arazoen behin betiko konponbidea, ezta klima aldaketaren konponbidea ere. Ez, ez dira perfektuak eta, ziur asko, kontraesanak izango dituzte, lehen esan dudanez. Baina, hala ere, beste tresna batzuekin batera aplikatzen bada, tresna erabilgarria dira; betiere gobernu onak, erakunde arduratsuek eta giza garapen endogenoak osatutako testuinguruan ezartzen badira, menpekotasunik gabe eta hezkuntzan, osasunean zein jendearen gaitasun eta aukeren sustapenean oinarrituta.

Azaldutako konpromisoa osatzeko, Norvegiako Parlamentuak onartu berri du instrukzio berezi bat, erosketa publikoen horniketa-katean deforestazioarekin lotutako edozein produkturen presentzia debekatzen duena (egurra, haragia, olioak zein energia). Munduko lehendabiziko herrialdea izan da horretan.

Kritikoenek esan dezakete deforestazioaren kontrako politika horiek ez direla inolako panazea, ez dituztela arazo guztiak ebazten. Ez, ez dituzte arazo guztiak ebazten; baina uste dut, proiektuaren mugak onartuta ere, asko dugula haren asmakuntzez ikasteko. 

USTELKERIA, OZTOPO HANDIA

Norvegiak, 2010 urtean, Brasilen ezarritako antzeko hitzarmena egin zuen Indonesiarekin (hau ere 1.000 miloi dolarrekoa), bertan deforestazioaren arazoa Brasilen baino okerragoa baita. Baina laguntza honen inplementazioan arazo larriak antzeman ziren. Mundu mailako komunikabide handi bik erreportaje garrantzitsuak egin dituzte 2016an gai honi buruz: The Economist (otsailean) eta Financial Times (martxoan). Kontua da orain arte 1.000 milioi horietatik 60 baino ez dituela ordaindu. Ustelkeria da oztopo nagusia. Indonesiako agenteek eurek aitortu behar izan dute hori: «badakigu ez dela Norvegiaren errua, ohartzen gara ustelkeria dela gure arazo nagusiena». Palma olioaren laborantzaren atzean dauden interesak identifikatu dira kasu honetan arazoaren iturri gisa.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.