ELKARRIZKETA

«Arkitekturak pertsonen zoriontasuna sortu eta handitu behar du»

Luis de Garrido, emozioen arkitektoa

Arkitekturan eta Informatikan Doktorea. Hirigintzan Masterra. Ibilbide profesional luze eta zabala izan du eta, 1987. urtean lehendabiziko arkitektura estudioa ireki zuenetik, Luis de Garridok hiru frontetan uztartu du bere jarduna: irakaskuntza, ikerketa eta jarduera profesionala. Haren arkitektura bost funtsezko zutabetan oinarritzen da: jendea zoriontsu egitea, ekologia-maila gorena, diseinu berezia, prezio baxua eta industrializazio zein aurre-fabrikazio mailarik handiena.

Bizkaia Maitea: Duela urtebete, Kordobako Lorategi Botanikoan, sendagile naturisten kongresu nazionalari amaiera eman zenion, «Arquitectura, salud y felicidad» izeneko hitzaldiarekin. Esaguzu, mesedez, zeintzuk diren binomio horren gakoak, ongizate pertsonal eta kolektiboaren balioa ulertzen laguntzeko.

Luis de Garrido: Txikitatik interesatu zait asko gure burmuinaren funtzionamendua. Gure garun-egituren araberakoa izango da pertsona bakoitzak bere buruaz duen pertzepzioa, munduaz duena, baita munduarekiko duen harremanaren pertzepzioa ere.

Gure bilakaera eta gizakion transzendentziarako, beraz, funtsezkoa da gure burmuina kaltetuko ez duten bizi-ohiturak hartzea, gaztetan garuna garatzen eta bizitzan zehar hura mantentzen lagunduko digutenak. Horrela, ezinbestekoa da gure elikadura, jarrera eta ingurua kontrolatzea. Hortaz, osasuntsu egon behar dugu eta inguru emozional pozgarria izan behar dugu, erronka mailakatuak lortze aldera.

Zentzu horretan, gure inguru eraikiak, gure garapena barne hartzen duten arkitektura eta hirigintzak, osasuna eta zoriontasuna bermatzetik urrun, berau narriatu egiten dute nabarmen eta etengabe.

Duela 20 urtetik hona zehaztasunez aztertu izan dira gure osasunean eragina izan dezaketen arkitekturaren alderdiak, arkitekturan osasun ona bermatuko digun paradigma berri bat sortze aldera, ahalik eta maila ekologiko onenarekin. Paradigma hori hezurmamitu duten eraikin ugari sortu ditut dagoeneko, eta emaitzak bermatu egiten dira, ohiko prezioetan.

Era berean, 2000. urtetik zehaztasunez aztertu ditut giza zoriontasunari buruz egindako ikerketa guztiak, bereziki zoriontasuna bera handitu edo murrizten duten faktoreei dagokienez.Horrela, paradigma berri bat garatu ahal izan dut arkitekturan, bertan bizi diren pertsonen zoriontasuna sortu eta handitzeko gai izango dena. Zenbait proiektu burutu ditut dagoeneko, ideia horren arrakasta bermatzen dutenak, eta gaiari buruzko zenbait liburu idatzi ditut, edozein arkitektok gauza bera egin ahal izan dezan.

B.M.: Zure obrak erraz ezagutzeko modukoak omen dira, eta zoriontasun eta bizi-aberastasun sentsazioak eragiten dizkiete bertan bizi direnei, aldarrikatzen duzunarekin bat. Azalduko al zeniguke zure proiekturen bat (harroen sentiarazten zaituztenak, adibidez), harreman hori hobeto ulertzen laguntzeko?

L.G.: Bereziki harro nago proiektu batez baino gehiagoz, esate baterako, Valentziako Ramat Eco-House etxeaz. Espainia: ur, energia eta elikagaiei dagokienez maila globalean buruaskia den lehendabiziko etxebizitza. Bertan bizi den pertsona baten osasun prekarioa hobetzeko balio izan du etxebizitza horrek, bere zoriontasuna bermatzeko.

Beste zenbait proiekturen gaineko oroitzapena ere atsegina da: Mariposa Eco-House (Cali. Kolonbia); Eye of Horus Eco-House (Isla Sedir Adasi. Turkia); Carolina Eco-House (Malaga. Espainia); Green Castle Eco-House (Harlem. New York. AEB); Biotecnopolis. Hiri sozial, buruaski eta ekologikoa (Cali. Kolonbia); Geoda 2055. Hiri buruaskia. (Arrasate. Euskadi); eta Berimbau. JJ.OO Telekomunikazio Dorrea (Rio de Janeiro. Brasil).

B.M.: Zalantzarik gabe, ezaguna eta aitortua da balio ekologiko handiko arkitekturaren gaineko ikerketan duzun kezka. Zein iraunkortasun-adierazle nagusi izan behar da kontuan zeuk praktikatu eta hedatzen duzun arkitekturan? Eta nola haztatu beharko lirateke?

L.G.: Beno … «iraunkor» terminoa ez dut inoiz erabiltzen, nahiz eta nire ahotan sarritan jartzen duten. Ez dut termino hori erabiltzen, inolako esanahirik gabeko hitza delako. Confuciok, aspaldi esan zuenez, «Aldian-aldian izena aldatu behar zaie gauzei, gauza bera izaten jarrai dezaten».

«Ekologiko» hitza erabiltzen dut nik, horrek bai baitauka esanahia; hala ere, interes politikoek eta, batez ere, enpresa-interesek desitxuratu egin dute; hainbeste desitxuratu, non gaur egun hiritar asko behartuta dagoen gauza jakin batzuk ekologikoak direla sinestera, ekologiko izan gabe ere. Sarritan, ekosistemari arriskuak ere ekar diezazkioke.

Horretaz jabetuta nagoenez, duela zenbait urte neure kasa kapsulatu nintzen, eta gizarte honetan desinformazio manipulatuaren fluxuaren zarata izugarritik urrundu nintzen; orduan, giza jardunaren edozein alderditan ahalik eta maila ekologiko handiena lortzeko metodorik onena sortzea erabaki nuen. Eta planteamendu horrek, balizko gainerako jarduerez gain, arkitektura barne hartzen du.

Geoda Arrasate. Euskadi.

Hasteko, ekosisteman modu perfektuan integratutako jarduerak eta, ondorioz, egiazko arkitektura ekologikoak nolakoa izan behar zuen definitu nuen.

«Egiazko arkitektura ekologikoa izango da bertan bizi direnen beharrak asetzen dituen hori, edozein une zein tokitan eta ekosistema naturalarekin oreka perfektuan, betiere, aldaketa nabarmenik eragin gabe. Hortaz, arkitektura iraunkorrak giza garapenarekiko eta egonkortasun sozialarekiko konpromiso zintzoa eskatzen du, estrategia arkitektonikoen bitartez honako helburuak lortzeko: (1) baliabide eta materialak optimizatzea; (2) energia-kontsumoa murriztea; (3) energia berriztagarria sustatzea; (4)  hondakin eta isuriak ahalik eta gehien murriztea; (5) mantentze-beharra, funtzionaltasuna eta eraikinen prezioa ahalik eta gehien murriztea; eta (6) bertan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzea».

Arkitektura Iraunkorraren Munduko Erakusketaren harira, arkitektura iraunkorrarekin konprometitutako munduko arkitekto onenetako 12k Arkitektura Ekologikoaren definizio hori onartu eta balioztatu zuten 2010ean, Canal Fundazioan (Madril). Beranduago, hitzez hitz jaso zuen Wikipediak.

Definizio horretan modu argian identifikatzen dira arkitektura ekologikoa lortzeko 6 helburu orokorrak eta, hortaz, baita haren oinarri diren zutabeak ere.

Oinarrizko zutabe horietako bakoitzaren lortze-mailak, beraz, eraikin baten ekologia-maila baldintzatuko du.

Oinarrizko zutabe horiek orokor eta anbiguoak direnez, ezinbestekoa da atal ezberdinetan banatzea, elkarren artean ezberdinak eta, era berean, identifikatu, gauzatu eta ebaluatzeko errazak izan daitezen. Duela 20 urte baino gehiago, 39 adierazle ekologiko identifikatu nituen eta, ordutik, horiek zehazten aritu naiz, eguneroko jardun profesionalean etengabe erabili izan ditudalako; eraikin jakin baten maila ekologikoa ebaluatzeko erabil daitezke, baita diseinurako metodologia orokorra lortzeko ere, edo ahalik eta maila ekologiko handiena duen eraikuntza lortzeko.

Aipatu behar dut ingurumen arloko kalifikazio-sistema ezagunenetako batzuek (LEED kasu) 39 adierazle ekologiko horietatik 3 baino erabiltzen ez dituztela. Hori dela eta, neurtzen ari direna ez da, inolaz ere, eraikinaren maila ekologikoa. Eraikuntza arloan sustatu nahi duten tresnen kontsumo-maila da benetan neurtzen dutena. Beste negozio bat da (ekologia aitzakia), herritarren desinformazioa eta ezjakintasunean oinarrituta dagoena.

Jakina, egiazko arkitektura ekologikoak ahalik eta adierazle ekologiko gehien bete behar ditu. Hala ere, kontuan izan behar dira zenbait kota.

B.M.: Aldarrikatzen dituzun 39 iraunkortasun-adierazle horiek zorrotz betetzen badira, baiezta dezakezu gaur egun eraikin batean lor daitekeen maila ekologikorik handiena lortuko dela? Eskura dugun teknologia erabiliz eta gaur egun gizarte garatuetan eskatzen den ongizate-mailarekin?

L.G.: Identifikatu dudan diseinu ekologikoaren metodologiari jarraiki, edozein profesional edo enpresak lor dezake maila ekologikorik handiena bere jardunean, kosturik txikienean.

Izan ere, gizarte ekologikoa lortzeak herritarrentzako abantailak baino ez dakartza; baina enpresek diru gutxiago irabazten dute.

Bestela esanda, inori ez zaio interesatzen jarduera guztiz ekologikoa burutzea, nahiz eta herritarrentzako kostu ekonomikorik txikienean egin daitekeen.

B.M.: Eta zer nolako eragina izan dezake horiek bete edo ez betetzeak planetako gune edo eskualde baztertuenetan, gutxien garatuta daudenetan? (horrek ez baitu esan nahi garapen bidezkoa izateko guk baino behar edo eskubide gutxiago dutenik) Eta prezioari dagokionez, bideragarria al da horien ezarpena?

L.G.: Garatu dudan diseinu-metodologia planetako edozein bazterretan ezar daiteke. Metodologia berbera da, nahiz eta bitartekoak zein emaitzak ezberdinak izan. Munduko bazter bakoitzean garapen ekologikoaren paradigma beraren gauzatze ezberdinak izaten dira. Kontuan izan behar dugu gauza bat: leku batean ekologikoa dena baliteke beste leku batean ekologiko ez izatea. Inguru sozial, politiko eta ekonomiko bakoitzak beharrizan espezifiko batzuk ditu, banan-banan ase beharrekoak. Paradigma beraren adierazpen ezberdinak dira. Oso erraza da. Gauza da gizartea otzandu egin dela, balio demokratikoak andeatu dituen klase politikoak aldarrikatutako fikziozko berdintasunaren menpe, eta herritarrei sinestarazi zaie batentzat ona dena guztientzat izango dela ona. Baina hori guztiz faltsua da, eta barregarria ekologiari dagokionean.

Carolina Eco-House. Espainia.
B.M.: Amaitu baino lehen, «Gizadiaren Etorkizunari» buruz egin duzun gogoeta bat berreskuratu nahi dugu; zeintzuk izango lirateke inflexio-puntu nagusiak (eta probableenak) giza balioen sisteman? Zein agertoki aurreikusten da 2030, 2050 eta 2100 urteetarako?

L.G.: Orain liburu bat idazten ari naiz funtsezkoa iruditzen zaidan gai baten inguruan: gure etorkizuna. Hori dela eta, gai honetan aditu ugariren ikerketak aztertzen ari naiz (Richard Duncan, Meadow, Laurence Smith, etab.) eta neure ikerketa propioak egiten.

Etorkizunean izan litezkeen agertokiak modelatzearen helburua da herritarrei hausnarketa eragitea, euren bizimodua alda dezaten, izan litezkeen etorkizuneko agertoki horiei lotutako alderdi negatiboenak saiheste aldera eta eragin negatiboa murrizte aldera.

Etorkizunean izan litezkeen agertoki horien zenbait alderdi errazak dira aurreikusten, eta segurtasun nahikoaz ziurtatu daiteke gertatuko direla (esate baterako, segurtasun handiz iragar daitezke superpopulazioari eta gizartearen zahartzeari lotutako arazoak); beste alderdi batzuk, ordea, birbideratu litezkeen joeren estrapolazioz burutzen dira (joera teknologikoak edo ohitura sozialak, adibidez).

Eredu horien arabera, ondorio nagusietako bat da giza populazioak hazten jarraituko duela zenbait urtez (2050era arte-edo gutxienez) eta ordutik aurrera hasiko dela murrizten, zenbaitetan modu dramatikoan. 2050. urtean populazioaren zahartzeak une gorena izango du, eta migrazio-mugimendu handiak gertatuko dira Afrika erdigunetik (bereziki Nigeriatik) Europa eta Amerika osora. Mexiko ere izango da zaharkitua eta Nigeriako lan-esku masa handia jasoko du.

Era berean, esan daiteke gaur egun ikatza erabiltzen hasi dela berriro energia-iturri primario merke gisa, eta horrek kutsadura handitzea dakar. 2100. urtean energia-iturri nagusia ikatza eta biomasa izango dira, nahiz eta beste energia-iturri batzuk ere izango diren (askoz garestiagoak). Hau da, ezberdintasun sozialak egun daudenak baino askoz handiagoak izango dira. Oro har, kontsumorako baliabideek 2050. urtean izango dute unerik gorenena eta pixkanaka murriztuz joango dira (populazioa ere gutxituko da arrazoi horrek eraginda). Ondorioz, 2100. urtean, egun baino baliabide eta zerbitzu gutxiago izango dituzte biztanleek.

B.M.: Zer agertoki alternatibo izan genitzake etorkizunean, bizi-ohitura berriak eta balio-sistema berria hartuko bagenitu? Eta, zein ezaugarri izan beharko lituzkete ezinbestean etorkizuneko arkitekturak eta hiri-sistema berriak, gizakiaren bilakaera eta transzendentzia zuzena ahalbidetuko duen testuingurua lortze aldera?

L.G.: Egungo joerak eta ondorio kateatuak estrapolatu edota aldatzean oinarrituta etorkizuneko agertokiak irudikatzen saiatzen garenean, ikasten dugu premiazkoa dela gizakiok gure bizi-ohiturak aldatzea. Xahutzeari utzi beharko genioke eta gutxiago kontsumitzen hasi (hala baliabideei nola zerbitzuei dagokienez). Bizi-ohitura soilak hartzen dituztenek abantaila-faktore handia izango dute, eta horrek biziraupena eta ongizatea bermatuko die, eurei zein egoki heziko dituzten ondorengoei.

Zentzu horretan, eraikinek askoz hobeto diseinatuta egon beharko lukete, termikoki autoerregulatzeko gai izan daitezen, tresna teknologikorik erabili behar izan gabe. Hau da, gizakiak bere beharrak asetzeko teknologiaren menpe egoteari utzi behar dio, eta gauzak hobeto egin behar ditu, bizimodu soila ardatz hartuta. Bestela esanda, orain arte gizakiak eraikin txarrak egin izan ditu, tresna teknologiko ugarirekin habitagarriak baino ez zirenak. Hemendik aurrera, bertan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak bermatzeko gai izango diren eraikinak egin behar ditugu, horretarako tresna teknologikoak jarri beharrik izan gabe.

Duela 20 urtetik hona 7.000 etxebizitza bioklimatiko diseinatu ditut; termikoki autoerregulatzeko gai dira, berogailu-sistemen edo aire egokituen beharrik gabe. Etxebizitza horiek erabat edo partzialki buruaskiak dira energiari dagokionez, eta zenbaitetan elikagai arloan ere bai. Nire lanean erronka handia delako egin dut hori, besterik ez, eta, aldi berean, gizakiaren biziraupena bermatzeko beharrezkoa delako. 

RODEO SOZIALA – ECO-CITY: HIRI EFIZIENTEA

Eco-city Rodeo soziala hiri buruaskia da, Jamundin dago (Cali Hegoaldean, Kolonbia) eta etxebizitza sozialen eraikinek osatzen dute. Hiri ekologiko eta bioklimatikoa da, efizientzia energetiko handikoa, eta etxebizitza sozialak baino ez daude bertan, baita hiria buruaski izateko beharrezko zerbitzu guztiak ere (ikastetxeak, merkatuak, poliziaren zentrala, suhiltzaileak, osasun zentroa, larrialdietako zerbitzuak, eliza, zenbait gizarte zentro, kiroldegiak, berdeguneak, etab.), askotariko espazio ludiko zein berdeguneak barne.

Hiri horretako eraikinak, Luis de Garridok diseinatutakoak, benetan erakargarriak dira. Argiak, freskurak, koloreak, usainak eta, bereziki, formak Euskal Herriko baserrietan inspiratuta daude eta, batez ere, munduko haur guztiek irudikatzen duten etxetxo kontzeptuan. Egiazko Monopolya da; bertan, eraikin bakoitza kolore batekoa da, bloke bakoitzeko biztanleek ‘etxe’ sentsazioa izan dezaten, lotura emozional eta pertsonal sendoa sortzen baita, nahiz eta beste 100 pertsonarekin partekatu.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.