IRAUNKORTASUNA
Oinarrizko tresna basa-bizitzaren kontserbazioan
Isilpeko ehizaren kontra, genetika molekularra
Juan Ignacio Perez. Fisiologia Katedraduna eta EHU/UPVko Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzailea
Genetika molekularrak irauli egin ditu ekologia ikerketa, bilakaera, jokabidea eta kontserbazioa. DNAren azterketari esker, gaur egun posible da basa-espezieen biologiaren eta horien kontserbaziorako beharrezko informazioaren berri ematea.
Fauna basatiaren salerosketa munduko krimen antolatuaren laugarren modalitate bilakatu da, haren garrantzi ekonomikoaren ondorioz, eta Afrikako elefantearen marfil-trafikoa merkataritza mota horren zati garrantzitsua da. Estimazioen arabera, 2011. urtean 40.000 elefante afrikar inguru hil zituzten eta 41 tona marfil harrapatu. 2013. urtean, ordea, 51 tona marfil konfiskatu ziren; hortaz, pentsa dezakegu 50.000 elefante baino gehiago ehizatu zirela. Afrikan milioi erdi elefante inguru geratzen direla kontuan izanik, erraz jabetuko gara hondamendi honen neurriaz.
Elefanteak baliabide ekonomiko garrantzitsua dira Afrikako hainbat herrialdetan, fauna handiak mundu osoko milaka turista erakartzen baititu urtean. Baina, ezeren gainetik, Afrikako elefanteak berezko balio izugarria dauka. Fauna basatiaren ikur nagusietakoa da; gure planetaren azaleran topa dezakegun animaliarik handiena da, gaitasun kognitibo handiak dituen ugaztuna, eta emozioak gehien adierazi eta agerien uzten dituen espeziea. Horrekin guztiarekin, argi ikusten dugu berebiziko garrantzia duela elefanteen isilpeko ehizari eta marfilaren legez kontrako salerosketari aurre egiteak.
Washington Unibertsitateko (Seattle, AEB) ikertzaileek eta Interpoleko kide batek osatutako taldeak ikerketa bat egin du; bertan, elefante afrikarraren ezaugarri genetikoak definitu eta sailkatu dituzte, eremu ezberdinak eta azpi-espezie biak kontuan hartuta (oihanekoa eta sabanakoa). Horretarako, 29 herrialdetako 71 eremutako 1.350 DNA lagin aztertu zituzten. Jarraian, 1996 eta 2014 urte bitartean Afrika eta Asian konfiskatutako 28 partida handitatik hartutako hortzen DNA aztertu zuten. Marfil laginetako DNA eta erabilitako adierazle molekularren sailkapen geografikoa konparatzean, jatorri geografiko zehatz bat esleitu ahal izan zioten marfil lagin bakoitzari. Horri esker, isilpeko ehiza gehien jasotzen duten eremuak identifikatu ahal izan dituzte.
Ikerketa horren emaitzarik adierazgarrien gisa, aipa daiteke aztertutako partida handi guztien jatorria lau eremutan kokatu dela eta, denbora-esparrua 2007 ondorengo harrapaketetara mugatuz gero, jatorri horia bi eremutan kokatzen dela. Sabanako elefantearen marfilaren %90 inguru Tanzania hego-ekialdetik eta Mozambike iparraldeko ingurutik dator. Basoko elefanteen marfilaren %90, ordea, TRIDOM izenaz ezaguna den ingurukoa da (Trinational DJA-Odzala-Minbeke), Kongo ibai-arroko oihanaren %7 hartzen duena. Elefanteen isilpeko ehizaren kokapen hain zehatza eta azalera hain mugatua izateak izugarri errazten du delitu horren zaintza eta jazarpena; horrek balio behar izango luke elefanteen ehizari eta marfilaren legez kanpoko trafikoari modu eraginkorragoan aurre egiteko.
Genetika molekularrak aplikazio harrigarriak ditu. Orain dela ez asko jakin genuen kontserbako atunaren jatorriaren berri izan daitekeela eta, bere genoma aztertuta, zein espezieri dagokion zehazteaz gain, posible dela zein gune geografikotatik datorren zehaztea. Besteak beste, txahal-hanburgesan zaldi-haragirik ba ote den jakiteko ere balio dezake. Eta oraintsu ikasi dugu oso informazio baliagarria eman diezagukeela elefanteen isilpeko ehiza Afrikako zein gunetan egiten den zehazteko eta marfil-salerosketa kontrolatzeko.
GENETIKA MOLEKULARRAREN APLIKAZIO-ESPARRUAK
Genetika molekularraren aplikazioak askotarikoak dira; hainbeste, non gure bizi-eredu berria zehazteko balio diezaguketen.
Elikagaien segurtasuna eta trazabilitatea
- Lehengaiak identifikatzea
- Kalitate-ziurtagiriak Egiaztatzea
- …
Medikuntza pertsonalizatua
- Patologia jakin batzuetarako joera identifikatzea
- Elikagaien genetika
- …
Diagnostiko molekularra
- Gaixotasunen diagnostikoa hobetzea (sentikortasun handiagoa, intrusio txikiagoa, …)
- Patologiak antzemateko denbora murriztea eta diagnostikoa zehaztea
- Epidemiologiaren trazabilitatea (patogenoen filogenia)
- …
Basa-bizitzaren kontserbazioa
- Fitness genetikoa zehaztea
- Birpopulatzeko aproposak diren gunean identifikatzea
- Historia demografikoa ezagutzera ematea
- Populazioak zenbatzea
- …
Nekazaritza eta abeltzaintza Ekologikoa
- Espezie endemikoak identifikatu eta babestea (biodibertsitatea)
- Mikroorganismo bio-ongarriak bilatzea
- Introgresio genetikoak kontrolatzea
- Adierazle molekularrek lagundutako hautaketa
- …
Ur eta lursailen Deskontaminazioa (Bio-konponketa)
- Espezie mikrobiano bio-araztaileak identifikatzea
- Mikrobioma arrunten alterazioagatiko karakterizazioa
- …
Industria prozesu berriak (bioteknologia)
- Lehengaien espezie/aldaera optimoak identifikatzea
- Entzimak hautatzea (elikagaien industria, papergintza, kimika...)
- Bio-sentsoreak
- …
Javier Gamboa eta Ibon Hormaeche