GURE INGURUNEA
Biodibertsitatearen altxorra goi-goian gordea
Bizkaiko estai menditarreko intsektuak
Santiago Pagola Carte – Entomologoa eta Biologian doktorea
Pirinioen eta Kantabriar Mendikatearen artean, Bizkaiko mendietan intsektu oso berezi eta mehatxatuak aterpetzen dituzten habitat menditarrak aurkitzen dira. Espezie horietako batzuk azken glaziazioaren erlikiak eta gure biodibertsitatearen altxorrak dira, babesaren beharrean daudenak. Intsektu horietako gehienen berririk ez genuen oraintsu arte, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako ikerketa bat ondare horren zati bat ezagutarazten ari baita.
Mendiak eta hipotesiak
Bizkaiko altitude handienak «Euskal Mendiak» deritzon multzoari dagozkio. Eta horrela deitzen zaie Kantabriar Mendikatea, mendebaldetik, eta Pirinioak, ekialdetik, lotzen dituzten mendizerra guztiei. Gorbeia, Urkiola eta Ordunte dira, Bizkaiko mendizerren artean, 1.000 metroko kota lasaien gainditzen dutenak. Duela gutxi, Natura 2000ko testuinguruan, Kontserbazio Bereziko Eremutzat (KBE) aitortuak izana pozez hartzeko moduko albistea izan da, zenbait arrazoi direla eta.
Arrazoi horietako batek intsektuekin du zerikusi handia. Bereziki, han goian eta beste inon bizi ezin diren espezie multzo baten kontserbazioarekin. Banaketa boreo-menditar edo boreo-alpetarreko espezieetaz ari gara, latitude nahiz altitude handietako eremu hotz samarretan bizi direnetaz, alegia. Europan, iparraldeko herrialdeetan dezente zabalduta dauden baina hegoaldean soilik mendietan baztertuta aurkitzen direnak izaten dira. Eta usuena da haien populazioak kilometro askoko tarteen bitartez bananduta suertatzea mendikate batetik hurrengora (Alpeak, Pirinioak, etab.). Nola da posible espezie hauek honaino iritsi izana, hau da, beharrezko zaizkien baldintza hotzen bila hegoaldeko mendietara iritsi izana? Erlikia klimatikoen hipotesiaren arabera, horrelako espezieen gaur egungo banaketa hurrengo konbinazioaren emaitza da, «besterik gabe»: banaketa zabalagoa iraganeko garai hotzagoetan (bereziki azken glaziazioan zehar) gehi latitude eta altitude handietaranzko baztertze-prozesua azken milurtekoetan, baldintza epelagoak nagusitzen joan diren heinean.
Bi adibide: kakalardo bat eta tximeleta bat
Cryptocephalus floribundus kakalardoa mendebaldeko Pirinioetako espezie endemikotzat hartzen zen, zehazki eremu oso murriztu batetik. Lerro zuzenean ehun kilometro baino gehiago daude eremu horren eta orain Bizkaian 1.000 metro baino gehiagoko altitudean aurkitutako populazioen artean: bata Anbotoko hegaletan (Urkiola KBE) eta bestea Arrabaren inguruetan (Gorbeia KBE). Oraindik ez dugu ezagutzen bi populazio hauen arteko isolamendu maila, ez eta Pirinioetako gunearen eta Kantabriar Mendikateko beste balizko gune baten artean kokatzen diren ere. Urkiola eta Gorbeiari dagokienez, antzeko habitata konpartitzen dute: kareharrizko azaleratze harritsuak larre menditarren artean eta landare errupikolen zein ondo garatutako beste belarkara batzuen mosaikoa.
Erebia epiphron tximeletaren kasuan, bere presentzia Ordunte KBEan, orain aurkitua, Kantabriar Mendikatea eta Pirinioak lotzen dituzten «irlen» arrosarioaren barruan kokatzen da eta garrantzi handikoa suertatzen da Bizkaia atlantiarraren esparruan. Izan ere, hauxe da bere lehenengo aipua hemen, Urduñako mendietako beste bat alde batera utzita. Erebia generokoak dira eguneko tximeleta menditar nagusiak Europan. Hego ilunak dituztelarik, erebiak ekainetik aurrera behatu daitezke larre eta belardien gainean hegan, haien larbak belar gramineoez elikatzen direlako, eta estai menditarretik alpetarrera bitartean (espezieen arabera). Erebia meolans da espezierik arruntena Euskal Herrian; 600 m baino altuera handiagoko mendi gehienetan ikusiko dugu. Erebia epiphron espezie arraroa, ordea, Ordunte mendizerrako leku gutxi batzuetan aurkitu ahal izan dugu, beti 950 m baino gorago eta sakonune txiki edota hezeei lotuta, non litekeena baita bere elika-landareak babestuago geratzea.
Geure intsektuen arduradunak
Ikusten ari garenez, intsektu menditar batzuentzat Bizkaiko mendiak haien banaketaren muturra izan daitezke, edo bestela Pirinioen eta Kantabriar Mendikatearen arteko «zubia». Ondorioz, entomofauna (= intsektuen fauna) menditarraren kontserbazioa ardura handiko kontua da... are handiagoa gaur egungo ingurumen- testuinguruan. Ukaezina da intsektu hauen gehienen populazio asko kalteberak suertatzen direla XXI menderako plazaratu diren beroketa klimatikoaren eszenatokien aurrean, zergatik eta haien banaketek gora egingo baitute altitudean (gorago igo al litezke gure «irletan»?). Gure mendientzat berezko irizpide zientifikoak lortzea da garatzebidean diren ikerketen asmoa, horrela arriskurik handiena duten espezieak kontserbazio- neurrien jomugan kokatze aldera. Baliteke horrelako ahalegina azken aukera izatea, agian ez populazio hauek suntsitu ez daitezen lortzeko, baina gutxienez jakiteko eta jasota uzteko «zeintzu ziren XXI mendearen hasieran Euskal Mendietan oraindik bizirauten zuten espezie menditarrak».
OASIAK IRLEN BARRUAN
Denok ezagutzen ditugu erliebe-mapa horiek non mendiak nabarmentzen diren eta haranak hondoratuta geratzen diren. Bada, Bizkaiko horrelako mapa bat jarriko bagenu mahai gainean eta ura botako bagenio pixkanaka, une bat iritsiko litzateke ezen mendi altuenak baino ez baitziren azaleratuko: Gorbeia uhartea, Itxina artxipelagoa, etab. Horixe da, hain zuzen, jorratzen ari garen espezie erliktikoek «ikusten» dutena. Beren habitatak irla horietan baino ezin dituzte topatu. Eta topatzen al dituzte?
Egia esan, gaur egun han bizi badira, bakoitzaren habitata aspaldian aurkitu zutelako da. Habitata denboran zehar kontserbatu denez etengabe, intsektua ere mantendu da bertan belaunaldiz belaunaldi. Kasu batzuetan, nekez biziraun dute, giza jarduerek (batez ere, artzaintzak) irla edo uharte horien barruko habitat-«oasi» txikietan bizitzera behartu baitituzte. Hori dela eta, «ogitartekoaren hipotesi» bat plazaratu genezake, zeinaren arabera intsektu batzuk baitaude Euskal Mendietan isolatuta geratu direnak erlikia klimatiko modura (behetiko presioa) baina, aldi berean, beren habitataren eremu txikietan baztertuta ere geratu direnak, eremu horiek murrizten joan baitira nekazaritza-abeltzaintzaren ondorioz (goitiko presioa).
Harkaitz batzuk eta bertako landare errupikolak, belardi mardulak abereei helezin zaien malda handiko magaletan, landare menditarrak banaketa erliktikoa ere badutenak... horiek guztiak dira, besteak beste, intsektu hauen habitatak.