BRIKOLAJE EKOLOGIKOA
Bosgarren edukiontziaren alternatiba landa-guneetan
Etxeko konposta da gure hondakinen soluzioa?
Testuak eta argazkiak: Hondakinen Atala – Bizkaiko Foru Aldundia
Konposta etxean egiteari «autokonpostaje» edo etxeko konposta esaten zaio; horren bitartez, hondakin organikoak mantenugai bilakatzen dira modu errazean. Horrela, materia organikoaren zikloa ixten laguntzen da, naturan berez gertatzen den deskonposizio prozesua erreproduzitu eta azkartuz.
Etxean konposta eginda, etxean sortutako sukalde eta lorategiko hondakinak aprobetxatu egiten dira, etxean bertan landare, lorategi edo ortuetan erabiltzeko ongarri naturala produzitzeko. Ez da teknologia berria, inondik inora ere, betidanik konpostatu izan baita baserrietan; nekazariek euren konposta sortzen zuten, ganaduaren simaurra eta uztaren soberakinak nahastuta. Horrela, soroetan erabiltzeko ongarri organikoa eskuratzen zuten.
Materia organikoa etxean birziklatzeak erabiltzaileei dakarkien balioaz gain, etxeko konpostatzeak etxeetako hondakinak komunitate mailan murriztea ere badakar berekin; horrelako praktiken bitartez, edukiontzietako hondakinak tratamendu instalazioetan bildu, garraiatu eta kudeatu beharra murrizten baita. Hortaz, praktika honek onurak baino ez dakartza, hala ingurumenari nola ekonomiari dagokionez.
Non egin konposta?
Lurralde-eremu jakin batzuetan, hala nola landa-udalerrietan, populazio txikiko nukleotan, urbanizazioetan eta etxebizitza isolatuetan, etxeko konpostatzea bide egokia izan daiteke materia organikoaren hondakinak kudeatzeko. Hala eta guztiz ere, etxeko konpostatzea modu kolektiboan ere egin daiteke, inguru hiritarragoetan (konpostatze komunitarioa). Dagoeneko badira horrelako ekimenak Lurraldean; horretarako, erabiltzaileek elkarren artean partekatutako espazio bat izan behar dute eta prozesuaren arduradun bat izendatu, konpostaren prozesua kontrolatzeaz arduratuko dena.
Zer behar da konposta egiteko?
Gaur egun konpost modernoa konpostagailuetan egiten da; plastikozko ontziak dira, hondo gabeko eta estalkidun plastikozko kutxa baten antzekoak. Aire zabalean piloak egitea baino sistema eraginkor eta garbiagoa da eta, gainera, espazioa aurrezten da. Konpostagailuari esker, produktua eguraldiaren gorabeheretatik (eguzkia, euria, haizea) babestuta egoten da eta ez da gehiegi lehortuko, ezta hezetuko ere; horri esker, prozesua erraztu eta 3 eta 4 aldiz azkarrago burutuko da, prozedura tradizionalarekin alderatuta.
Hondakin begetalen konpostagailu barruko deskonposizio prozesuak usain bereizgarria dauka, baso hezearen usaina gogorarazten duena. Hori gertatzearen da antzekoak direlako konpostagailuko hondakinekin elikatzen diren organismoen prozesua eta natura bera. Zizareak eta materia organikoaren deskonposizioan diharduten gainerako organismoak konpostagailuan instalatzen dira, bertan elikagaiak dauzkatelako, eta lorategia are garbiago geratzen da.
Etxeko konpostagailua lurrarekin kontaktuan instalatu behar da: horrela, mikroorganismoak hondakin organikoetara joango dira zuzenean eta, aldi berean, lurrak ontzian gordetako hondakin begetalen gehiegizko ura xurgatzea ahalbidetuko da. Kontuan izan behar da sukaldeko hondakinen %70 inguru ura dela; hezetasun hori pixkanaka-pixkanaka desagertuko da, harik eta konposta sortu arte (material granular lehorra da). Ur horren zati bat egituratzaileak xurgatzen du. Horri dagokionez, komeni da konpostatzailetik hurbil egituratzaile iturri bat edukitzea (orriak, belar lehorra, inausketa hondakinak, lastoa, txirbilak eta zerrautsa). Soberako hezetasuna pixkanaka infiltratuko da lurrean. Hezetasun maila egokia lortzeko ezinbestekoa da material freskoak (sukaldeko hondakinak, hosto berdeak, belar moztu berria, ortuko edo lorategiko landareak, etab.) eta lehorrak (hosto lehorrak, lastoa, zerrautsa, adar birrinduak, pinaburuak, etab.) neurri berean gehitzea.
Zer egin behar da etxean konpostatzeko?
Etxeko konposta egiteko zeregin nagusia hondakinak nahastea da, konpostatzailearekin batera dagoen aireztagailuaren bitartez (kortxo-kentzeko handi baten antzeko hagaxka metalikoa da). Komeni da material fresko eta hezeen geruzak ez tartekatzea, edo material lehorren geruzak elkarren artean ez txandakatzea. Hau da, material beraren kopuru handi bat jartzen denean (belar moztua eta hosto lehorrak), materialak erabat nahastu behar dira.
Azkenik, konposta umotu egin dela jakingo dugu kolore marroi ilun edo beltza hartzen duenean, bertan metatutako hondakinak elkarren artean ezberdindu ezin daitezkeenean, eta berorik jariatzen ez duenean. Une horretan produktua prest egongo da erabiltzeko, beraz, konpostagailuaren hondotik atera ahal izango dugu.
Produktu konpostagarriak eta ez-konpostagarriak
KONPOSTATU
Sukaldekoa
- Barazki eta fruta hondakinak
- Ogi lehorra eta prestatutako jakien hondakinak
- Kafe hondarrak eta infusioen hondakinak
- Apurtutako arrautza-oskolak
- Fruitu lehorrak
- Sukaldeko papera eta paperezko zapiak
- Lorategi edo baratzekoa
- Loreak, sorta zimelak eta hosto berde edo lehorrak
- Zelaiko belarra eta beste belar batzuk
- Inausketa-hondakinak eta adar txikituak
- Baratzeko hondakinak
- Egur naturalaren zerrautsa
EZ KONPOSTATU
- Tratatutako egurraren edo aglomeratuen zerrautsa
- Hondakin ez organikoak eta ez biodegradagarriak
- Hondakin bereziak
KONPOSTATU NEURRIZ
Kantitate txikietan konpostatu beharreko materialak
- Haragi eta arrain hondakinak
- Hezurrak, arantzak eta itsaski oskolak
- Kortxozko tapoiak
- Borraja eta bestelako hosto gogorrak
- Kartoi ondulatua eta arrautza-ontzien kartoia
- Zitrikoen azalak
Material batzuk konpostatu ditzakegu soilik prozesuak behar bezala funtzionatzen badu eta higienizazio tenperaturak lortzen baditugu
- Gaixo dauden fruta eta landareak
- Animalien gorozkiak
- Belar txarrak
EGITURATZAILEAREN FUNTZIOAK KONPOSTAGAILUAN
- Beste material batzuen (belarra edo sukaldeko hondakinak) gehiegizko ura xurgatzen du.
- Karbono eta nitrogeno kopuruaren arteko ordeka mantentzen laguntzen du. Biak dira funtsezko mantenugaiak eta proportzio egokietan egon behar dute, konpostatze prozesua egokia izan dadin. Inausketaren hondakinek karbono gehiago askatzen dute eta, horrela, nitrogeno eduki a duten hondakinak orekatzen dituzte (sukaldekoak, belar moztua edo simaurra).
- Edukiari harrotasuna ematen dio eta horrek aire-zirkulazioa hobetzen du, prozesuan oxigenoaren presentzia bermatuz.
5. EDUKIONTZIAREN DIRU-LAGUNTZAK
Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak konpostatzearen aldeko apustua egin du, Bizkaiko Lurralde Historikoko Udal eta Mankomunitateei edukiontzi eta konpostagailuetarako diru-laguntza eskainiz. Horrela, tratamendu plantetara iristen den hondakin-zatiaren pisua nabarmen murriztea lortu da, atxikitako udalerriei garraio eta tratamendu kostuetan aurrezpen garrantzitsua eraginda. Gainera, balio handiko produktu birziklatua sortzea lortu da.
Bosgarren edukiontzia (marroia) erabiltzeko edo etxeko konpostagailua eskuratzeko interesa duten pertsonek Udalera zuzendu behar dute; bertan erabileraren sistematikaren berri emango diote eta kanpainetan parte hartzeko beharrezko prestakuntza eta jarraibideak jasoko ditu.