GURE INGURUNEA
Biodibertsitatea galtzearen kausarik garrantzitsuenetako baten kontra borrokatzea
Landare inbaditzaileen kontra, irmotasuna eta konstantzia
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila – BFA
Oztopo naturalak (mendiak, itsasoak…), iraganezinak ziren lehen espezie gehienentzat; gaur egun, ordea, «globalizazioaren» ondorioz (turismoa, merkataritza, garraioa…), erabat eraginik gabekoak dira oztopo horiek, eta mundu osoko espezieak heltzen dira gurera, lurraldeak inbadituta. Behin inguru jakin batean egokitu eta finkatuta, oso zaila (eta, kasu batzuetan, ezinezkoa) izaten da horiek kanporatzea. Ez dago errezeta magikorik horiek errotik ezabatzeko, horien kontrol eta ezabaketan saiatuak izatea besterik ez zaigu geratzen.
Sorlekutik atera eta beste leku batzuetan sartu, garraiatu eta askatutako espezie guztiak ez dira inbaditzaile bilakatzen. Inbasio biologikoaren mailara heltzen dira inguru berriari erabat egokitu eta bertan iraunarazteko gai direnean; orduan, tokiko espezieekin lehiatzen dira eta, oso sarri, horiek baztertu egiten dituzte, habitat-aren berezko ezaugarriak eraldatuta.
Landare-espezie inbaditzaileen arazoa handia da; Bizkaian ere bai. Maila biologikoan, ondorioak oso larriak izan daitezke: ekosistemetan muturreko aldaketak eragitetik hasita, bertako espezieen desagerpenera bitarte, aldaketa ekologiko txikiak barne: elikagaien zikloetan, lurzoruaren eraketan, uraren erregulazioan, higaduraren kontrolean, polinizazioan, etab.
Hala eta guztiz ere, espezie inbaditzaileen arazoak ez dira soilik ingurumen arlokoak; espezie batzuek giza osasunari ere eragiten diote nabarmen, gaixotasunen bektore eta gordailu gisa jarduten baitute.
Azpimarratu beharra dago, baita, inbasio biologikoek kostu ekonomikoak dituztela, eta horiek izugarri handiak izan daitezkeela. Horren adibide gisa aipa daitezke Europako Batasunaren (EB) datuak, zeintzuetan kalkulatzen den urtean 12.500 milioi euroko kalteak eragiten dituztela espezie inbaditzaileek (Europan biodibertsitatea babestu eta hobetzeko 2020 Biodibertsitate Estrategia). Amerikako Estatu Batuetan kalkulatutako datuek ere islatzen dute 138.000 milioi dolar xahutzen direla urtean helburu horrekin (Pimentel eta al. 2000). Kostu horien barne, inbasioen kontrol eta erradikaziorako beharrezko inbertsioez gain, espezie horiek eragindako galerak ere zenbatu behar dira: nekazaritza arloko errendimenduen murrizketa, hazkuntzarako lurren eta espezie zinegetikoen degradazioa, egituretako ondorio eta kalteak (komunikabideak, tutueria eta kanalak, … ).
Beharrezko erantzun normatiboa
Indarreko araudia betetzea, paradoxikoki, ez da kontu erraza, herri administrazioei betebehar eta zeregin ugari ezartzen dizkielako eta, ondorioz, baliabideen exijentzia maila altua dakarkielako, hala antolamenduari dagokionez nola material eta ekonomiari dagokionez.
Alde batetik, EB-k, Europan biodibertsitatea babestu eta hobetzeko 2020 Biodibertsitate Estrategiaren esparruan, lehentasunezko helburuen artean barne hartu du espezie exotiko inbaditzaile ororen kontrako borroka. Ondorio nagusietako bat izan da 1143/2014 Araudia, espezie exotiko inbaditzaileen prebentzio eta kudeaketari buruzkoa, onartzea, EB mailan esparru juridiko koordinatua ezartzen duena. Inbasio biologikoei aurre egiteko hartu beharreko neurriez gain, Araudi berri horren xedea da EBrentzako kezkagarriak diren espezie exotiko inbaditzaileen zerrenda bat garatzea (Batzordearen 2016/1141 Betearazpen Erregelamendua (UE), 2016ko uztailaren 13koa).
Tresna garrantzitsua da 630/2013 Errege Dekretua, Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoa arautzen duena; izan ere, horren bidez, arlo honetan Administrazioaren ekintza-esparrua ezartzeaz gain, inbaditzaile gisa sailkatuta egoteagatik borrokatu beharreko espezieen zerrenda ezartzen da. Landareen kasuan, 66 barne hartuta daude Katalogoan; horietatik 41 bat datoz penintsulan diren inbasioekin. Errege Dekretu horrek ñabardura garrantzitsua jaso du Auzitegi Gorenaren azken epaiaren bidez (637/2016 Epaia. Auzitegi Gorena. Administrazioarekiko Auzien Sala), eta zenbait betebehar garrantzitsu ezartzen ditu:
- Espezie bat katalogoan sartuta debekatuta dago horien ale bizi zein hilak eta hondar zein hedakaiak eduki, garraiatu, trafikatu eta salerostea, kanpo-merkataritzari arloan barne. Debeku hori baliogabetu ahal izango da, aurretiko baimen administratiborik gabe, ikerketarako edota pertsonen osasun edo segurtasun arrazoiengatik beharrezkotzat jotzen denean.
- Estatuak eta Autonomia Erkidegoek Estrategiak sortuko dituzte Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan jasotako espezieak kudeatu, kontrolatu eta errotik ezabatzeko zuzentarauak ezartzeko, mehatxupean dauden bertako fauna, flora edo habitaten kontserbaziorako arrisku handia duten espezieei lehentasuna emanda eta uharte-biodibertsitateari arreta berezia eskainita.
Bizkaiko Foru Aldundiaren esku-hartzeak (BFA)
Esan dugu dagoeneko ez dagoela errezeta magikorik aipatutako espezieak errotik ezabatzeko, hortaz, horien kontrol eta ezabaketan saiatuak izatea besterik ez zaigu geratzen. 2015ean Gobernu Kontseiluak onartutako Bizkaiko Dibertsitatearen Estrategiak helburu eta ekintza espezifikoak ezartzen ditu inbaditzaileei buruz, eta, lehendabizi, ezinbestekoa da horiek betetzea.
Flora espezie inbaditzaile guztien ugaritzea errotik moztu eta saihestea teknikoki bideraezina da, baita ekonomikoki ere. Hortaz, biodibertsitate eta paisaiarentzako kaltegarrienak diren eta hedapen- potentzial handiena duten espezieen azterketa egin ondoren, esfortzurik handienak hauetan zentratuko dira: Fallopia japonica, Bacharis halimifolia, Cortaderia selloana (Panpa-lezka), Buddleja davidii eta Carpobrotus sp (katu-azazkala).
Hala eta guztiz ere, inbasioaren fase goiztiarretan esku-hartze irizpidea mantentzen da eta, ondorioz, aurretik aipatutako zerrendan jasota ez dauden espezie batzuen fokuak ezabatzeari ekin behar zaio, betiere teknikoki zein ekonomikoki bideragarria denean, bakoitzak biodibertsitate handiko espazioak kaltetzeko duen potentzialaren arabera.
Halaber, natura-gune babestuetako esku-hartzeei lehentasuna ematea erabaki da, oro har, biodibertsitate handiena duten espazioak direlako.
Bestalde, beharrezkoa da beste administrazio eta erakunde publikoekiko koordinazioa indartzea: Foru Aldundia (Errepideak, Nekazaritza…), URA - Uraren Euskal Agentzia, Kosten Demarkazioa – Ministerioa, Eusko Jaurlaritza – IHOBE, Udalak eta Mankomunitateak, EHU/UPV. Azpimarratzekoak dira Muskiz, Zierbena, Abanto Zierbena, Sopuerta eta Galdameseko Udalekin Panpa-lezkaren kontra egindako kanpainak.
Posible den heinean, lehentasuna ematen zaie herbizida edo produktu fitosanitarioen beharrik ez duten erauzte- teknikei, eskuzkoei zein mekanikoei, eta, edozelan ere, horrelako produktuen erabilera ezinbestekoa den egoeretan, horiek erabiltzeko legezko baldintzak bete behar dira.
ZER EGIN DEZAKEGU?
Herritar gisa:
- Informatu eta lagundu arazoaren berri ematen.
- Parte hartu horiek errotik ezabatzeko ingurumen-erakundeek antolatutako jardueretan.
Lursail baten jabe den partikular edo enpresa gisa:
Jabeek euren lursailak espezie inbaditzailerik gabe mantentzeko betebeharra dute. Zaindu zure lursaila eta, espezie honen aleren bat topatuz gero, esku hartu berehala. Ale isolatuak arrakastaz kendu daitezke errotik praktika erraz jakin batzuk betez. Kontsultatu Foru Aldundiari, Mankomunitateari edo Udalari!!!
MARTXAN DAUDEN PROIEKTUAK
Daisie proiektua (Delivering Alien Invasive Species Inventories for Europe, ingeles siglak) 2005. urtean jarri zen martxan, 1492. urtetik Europan sartu diren espezie exotiko guztien inbentarioa egiteko. 10.961 espezie zerrendatuta daude, animaliak, landareak eta mikroorganismoak kontuan hartuta.
Plataforma anitzeko aplikazio hau herritarren ekarpenei esker elikatuta eta teknikari adituek baliozkotuta dago, eta aukera ematen digu landare inbaditzaileen banaketaren ikuspegi orokorra bat izateko.