GURE INGURUNEA
Bizkaia 21 Egitasmoak iraunkortasuna sustatu du 2005-2016 aldian, Foru Aldundiaren estrategia eta plangintza integratu gisa
Bultzada Bizkaiko garapen iraunkorrari
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila - BFA
Bizkaiko Lurralde Historikoan oso egoera konplexua kudeatu behar izan da azken hamarkadan. Hainbat erronkari aurre egin behar izan zaie: sistema ekonomikoa modernizatzea, ingurumena zaintzea eta berrikuntza sozialean aurrera egitea. Gainera, krisi globalaren ondorioak ere hor izan dira. Hala ere, Bizkaia 21 Egitasmoak, Foru Aldundiaren estrategia eta plangintza integratu gisa, iraunkortasunaren ikuspegia sustatu du 2005-2016 aldian.
Zorionez, Bizkaiko Foru Aldundiak ikuspegi estrategiko bat hartu zuen 2005ean, Europa mailako iraunkortasun politiken eta Aalborg+10 konpromisoen ildotik, eta Bizkaia 21 Egitasmoan jaso egin ziren konpromiso horiek. Programaren lehenengo bertsioaren ondoren, egun indarrean dagoena ezarri zen, 2011-2016 aldirako.
Bizkaia 21 Egitasmoa Foru Aldundiaren barne erabilerarako dokumentua izan da, baina, era berean, Bizkaia osoan hainbat jarduera egiteko aukera eman du. Jarduera eremu zabala izan du; kultura, ingurumen, ekonomia eta gizarte gaietan islatu da. Era berean, funtsezko aspektuetan hobetu eta aurrera egin dugu; hala nola komunikazioan, prestakuntzan, ikerketan, azpiegituretan eta gizarte digitalera begira hartutako bidean.
Plangintzari dagokionez, hainbat garapen-dokumentu eman ditugu ontzat, batzuk Programak proposatutakoak eta beste batzuk programaren barruan sortutakoak. Biodibertsitatearen Estrategia, Gizon eta Emakumeen arteko V Berdintasun Plana, Energia Iraunkorraren Estrategia, Pertsona Nagusien Plan Estrategikoa edo Iraunkortasunerako Heziketa Plana horren adierazle batzuk dira.
Jardueren artean bereziki aipatuko ditugu iraunkortasun politikak sustatzeko Udalei emandako laguntzak, batez ere, Tokiko Agenda 21 delakoaren inguruko jarduerak. Lan horretan egindako aurrerapenak Bizkaiko Tokiko Iraunkortasunari buruzko Topaketetan aurkeztu ziren. Hala ere, momentu garrantzitsuena Herri eta Hiri Iraunkorren 8. Konferentzia izan zen. Topaketa horretan eman zen ontzat Euskal Adierazpena, tokiko gobernuek datozen urteetarako markatu duten ibilbide-orria.
Bizkaia 21 Egitasmoaren oinarrizko jardueren artean, aipatu beharrekoak dira Aldundiaren barruan egindako prestakuntza-jarduerak, Bizkaia 21 Atariaren bidez egindako baliabide-zabalkundea eta Sailen eta bestelako erakunde batzuen artean sortutako koordinazio eta kolaborazio harremanak. Atal honetan garrantzia du I. Gazteen Foroa Bizkai Iraunkorraren Alde ekitaldiak. Ingurugelak koordinatzen du eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean antolatu dute.
Bizkaia 21 Egitasmoaren barruan burututako ekintzek ondorioak izan dituzte: batetik, Aalborg+10 Konpromisoei egindako ekarpenaren bidez; eta bestetik ongizatea hobetu, ingurumena zaindu, kultura eta enplegua eta tokiko ekonomia sustatzeko lanaren bidez.
Jarduera horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundiaren baitan egindako koordinazio lanari esker burutu ahal izan dira, Iraunkortasun Eragileen lana ahaztu gabe. Horrela izanik, Sailetako eta Zuzendaritza Nagusietako arduradun politikoek langile tekniko propioen laguntza izan dute informazioa kudeatu eta jarduerak koordinatzeko.
Bizkaia 21 Egitasmoak etengabeko jarraipen eta ebaluazioa izan ditu. Horren emaitza Burutzapen Mailetan eta urteroko txostenetan jaso da, informazio orokorra eta programaren beraren adierazleak zehaztuz. Era berean, Bizkaiko Aztarna Ekologikoa kalkulatu da, lortutako aurrerapenen indize gisa, eta emaitzak oso positiboak izan dira Bizkaiko Iraunkortasunaren Adierazle Sistema berrian integratuta dago. Lurralde Historikoaren errealitatea islatzen du, XXI. mendearen hasieratik izandako datuekin.
Bizkaia aurrera doa iraunkortasunaren bidean. Erronkak oso handiak dira oraindik ere, beraz, ongizate mailan denontzako etorkizun egokia moldatzen jarraitu behar dugu.
AURREIKUSPENAK 2030ERA ARTE
2015ean Agenda 2030 delakoa onartu zen Nazio Batuen Erakundearen barruan. «Gure mundua eraldatuz: garapen iraunkorrerako Agenda 2030» mezuarekin, Estatuek egindako dokumentuak 17 xede definitu ditu, Garapen Iraunkorraren Helburu deituak, eta 169 helburu zehatz.
Bizkaiko Foru Aldundiak urte bererako finkatu du helburu nagusia, Bizkaia Goazen 2030 estrategia ontzat ematearekin batera. 4 ardatz finkatu dira eta horietatik abiatuta, dokumentuak 17 helburu estrategiko eta 120 jarduera jaso ditu, azken horiek 2015-2019 aldirako.
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.