LURRA IZENEKO PLANETAN

Fase geologiko berri bat

Antropozenoa: giza aztarna planetan

Alejandro Cearreta. Antropozenoari buruzko Nazioarteko Lantaldeko kidea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Mikropaleontologia Irakaslea.

Gizakiaren eraginak historia geologikoaren fase berri batera eraman du Lurra: Antropozenora, alegia, gizakien garaira. Planetako sedimentuetan orain arte ezezagunak izan diren material eta elementuak sartzeak (egunerokotasunean erabiltzen diren produktuetatik eratorriak, boligrafoak edo plastikozko panpinak kasu), formazio prozesuan eragile aktibo bilakatu gaitu. Ezabatu ezin daitekeen aztarna uzten ari gara, milioika urtez bertan geratuko dena.

Azken milaka urteetan, planetan uzten dugun aztarna handitu dugu pixkanaka gizakiok, tresna kultural eta teknologiko gero eta sofistikatuagoak sortuz joan garen heinean. Oso jauzi kualitatibo garrantzitsua eragin genuen Industria Iraultzaren hasieran, baina XX. mendearen erditik aurrera giza eragina fenomeno global bilakatu eta mundu osoan bizkortu da (Bizkortze-aldi Handia deritzona). Ordutik, giza populazioa hirukoiztu egin da (7.200 milioi pertsona baino gehiago gara orain), eta kontsumoa eta teknologia faktore erabakigarri bilakatu dira ingurumenean dugun inpaktuan.

Planetak duen giza aztarna horren nondik norakoa argi islatzeko balio dezakete zenbait adibidek: munduko biztanleen erdia baino gehiago hirietan bizi da gaur egun eta Internet bidez informazioa eskuratzeko aukerak mendebaldeko kontsumo maila handien hedapen globala bultzatzen du; atmosferan berotegi-efektuko gasen gorakadaren zatirik handiena (120 ppm) azken hamarkadetan gertatu da; une honetan, zuhaitz gehiago dago nekazaritzako plantazioetan baso naturaletan baino; ugaztunen biomasaren zatirik handiena gizakiek eta abereek osatzen dute; meatzaritza eta bestelako giza indusketek 4 bider sedimentu gehiago mugitzen dute munduko glaziar eta ibai guztiek baino; urtean fabrikatzen den plastiko kopurua egungo giza biomasaren baliokide da. Prozesu horiek guztiak dagoeneko jasota daude artxibo geologikoetan: substantzia kutsagarriak, hondakin fosilen pobretzea, sedimentuen metaketa-tasaren aldaketa, material berrien presentzia (porlana, aluminioa edota plastikoak kasu). Hau da, azken 70 urteotan inoiz baino aldaketa handiagoa izan da naturarekiko dugun harremanetan, eta gorantz doan giza jarduera marka ezabaezina uzten ari da erregistro geologikoan ere.

Antropozeno terminoa Paul Crutzen (Kimikaren Nobel Saria) eta Eugene Stoermer-ek (limnologoa) erabili zuten lehenengo aldiz 2000. urtean, lurrazalean gizakia eragiten ari den aldaketaren intentsitatea islatzeko asmoz. Ordutik, kontzeptu hori berehala sartu da literatura zientifiko eta herrikoian, gure espezieak planetan eragin duen ingurumen-aldaketa handiaren isla argi gisa. Haren definizio eta onarpen formala Geologiarekin lotutako kontu garrantzitsu bilakatu da une honetan. Antropozenoa, hortaz, oso kontzeptu eraginkorra da gizadia Lurraren funtzionamendua aldatzen ari dela adierazteko.

Gaur egun, Antropozenoa denbora-tarte geologiko berria izateko aukera aztertzen ari da. Analisi horretan, aldaketa global garaikidearen ebidentziak aztertzen dira, baita erregistro ekologikoan izan dezakeen isla ere. Biologiaren zeregin garrantzitsu bat da biosferaren konplexutasuna antolatzea, berau osatzen duten izaki bizidun guztien sailkapenaren bitartez; Denbora Geologikoaren Eskalak ere, oinarrizko zatiketa ezartzen du gure planetaren historia osatzen duten 4.600 milioi urteak eta tarte luze horretan osatu diren harkaitz guztiak sailkatzeko. Eskala hori Geologiak zientzia gisa egin duen eraikitzerik garrantzitsuentzat jo daiteke. Antropozenoa, oraingoz, oso laburra da arlo geologikoan, baina horrek ez du esan nahi aro geologiko gisa balio txikiagoa duenik; izan ere, haren meritua da gure inguruan sortzen ari diren eta oinarri dauzkagun material geologiko ugariei esanahi praktikoa ematea.

Kontzeptu berri horren garrantziaren arrazoia da ez dagoela giza jardueraren hastapenetako ebidentzietan oinarrituta, baizik eta gure espezieak planetan eragindako aldaketaren handitasun, intentsitate eta sinkronizitatearen ondorio dela. Hau da, Antropozenoa hasten da gure espeziea gai denean planeta azken milioika urteetan izan duen berezko funtzionamendutik ateratzeko. Antropozenoaren hasiera 1945. urtean koka liteke, Trinity bonbaren lehendabiziko eztanda nuklearraean oinarrituta (Alamogordo, Mexiko Berria). Gertakari haren ondorioz, isotopo erradiaktiboak geratu ziren lurrazalean, ordutik eta 1980. urtera bitartean burututako proba atomiko atmosferikoen emaitza gisa. XX. mende erdialdeko kutsaduraren adierazle dramatikoenak lotura estua dauka aro nuklearraren hasierarekin eta erradioisotopo artifizialen hedapen globalarekin. Planetako isotopo artifizialen aberaste honek, atmosferan egindako 500etik gora proba atomikoen ondorio gisa, sedimentu antropozenoen mugarri adierazlea ezarri du.

Baina Antropozenoaren proiekzioa Geologiatik harago doa. Kontzeptuaren egiazko indarra bere potentzialean dago; iritzi publikoan eragina izateko, klima- aldaketarekin eta ingurumenaren degradazioarekin kezkatuta dauden pertsonei zilegitasun zientifikoa emateko. Gure jarduerek planetan zer nolako eragina duten kontzienteki dakigun lehendabiziko belaunaldia gara, baita planetarekiko dugun harremana aldatzeko gaitasun eta erantzukizuna duen lehendabiziko belaunaldia ere. Hala eta guztiz ere, gizadiak ez du aurretiko esperientziarik eragiten ari garen ingurumen-aldaketaren eskala eta abiadari aurre egiteko. 

ANTROPOZENOA GALEA LURMUTURREAN

Alejando Cearreta geologoa, Euskal Herriko Unibertsitatean Mikropaleontologiako irakaslea eta Antropozenoari buruzko nazioarteko Lantaldeko kide bat da. Taldea 35 zientzialarik osatzen dute, eta euren egitekoa zera izango da: gizakiak eragindako aro geologiko berri hau –Antropozenoa– irudikatu eta azaltzeko leku aproposa topatzea.

Galea Lurmuturreko labarretan ezkutatuta, Tunelboka hondartza da Estratigrafiako Nazioarteko Batzordeak ebidentzia zientifikoak ikertu eta proposamen irmoa aurkezteko aukeratutako kokapenetako bat. Bizkaiko inguru honetan hamar metro sedimentu daude eta, hortaz, paraje aparta da Antropozenoa ikertzeko. Kostaldeko inguru honen hormen artean, pasieran dabiltzan pertsonek upel, adreilu eta burdina-hondarrak ikus ditzakete. Hainbestekoa da hondartzak duen magnetismoa, non, lurrera iman bat botaz gero, inguruko harea gainera hurbiltzen zaion berehala. Alejandro Cearretaren arabera, Tunelboka ikerketarako oso interesgarria izan arren, oso pikor lodiak ditu eta elementu batzuek ihes egiten dute, kutsatzaileek edo isotopo erradiaktiboek kasu. Gainera, itsaso-mailak igotzen jarraituko du datozen urteetan eta kostaldeko puntu zehatz hau ehun urtetan desagertzea eragin lezake horrek.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.