LURRA IZENEKO PLANETAN
Munduko felido mehatxatuenei egindako argazkiak
Katamotz iberiarraren lurraldean
- Testua: Jaione Pagazaurtundua
Argazkiak: Andoni Canela
300 katamotz pasatxo baino ez dira aske bizi gaur egun, desagertzeko etengabeko mehatxuaren mende. Horrek esan nahi du Administrazioak eta herritarrek espeziea mantentzeko lan egin behar dutela, mediterraneoko mendien eta gure natur ondarearen ezinbesteko pieza baita.
Katamotz iberiarra Iberiar penintsulako espezierik enblematikoena da, eta era berean, planeta osoko felidorik mehatxatuena. Itxura sendoa dauka, hanka luzeak eta buztan motza, muturrean borla beltza duela, arrisku-momentuetan etengabe mugitzen duena. Belarri-puntetan ile beltz tentez osatuta pintzel modukoak ditu eta bere ilearen kolorea marroiaren eta grisaren artekoa da.
Iberiar penintsulako espezie endemikoa da, XX. Mendearen bigarren erditik desagertzeko arrisku larrian dagoena. Bere habitata oso zehatza da: mediterraneoko basoa; eta bere elikaduraren oinarri nagusietako bat untxia da (Oryctolagus cuniculus). Zoritxarrez, pasa den mendeko azken hamarkadetan izandako gaixotasun biralen ondorioz, animalia horien kopurua asko jaitsi da. Zirkunstantzia horrek, inguru geografikoaren aldaketen eta gizakion jardueraren ondoriozko beste mehatxu batzuen ondorioz, katamotzen eta euren bizitokien kopurua asko murriztu du. Katamotzek habitat horiek aukeratzen dituzte sasi motako landare ugariz inguratuta eta harrapakin ugariko inguruetan bizi behar dutelako. Ehiztari arina da, batez ere untxiak harrapatzeko. Elikadura-dietaren %80a izan ohi dira untxiak, baina galeper eta bestelako ugaztun edo hegazti txikiz ere elikatzen dira.
Historian zehar hainbat proiektu garatu da espeziea berreskuratzeko helburuarekin. Gaur egun 300 katamotz daude eta kopuru hori handitzeko itxaropena daukagu.
LIFE Lince Proiektua: «Katamotz iberiarra (Lynx pardinus) mantentzeko ekintzak (1994-1999)»
Katamotzak bizi diren autonomia erkidegoek parte hartu zuten lehenengo LIFE proiektuetako bat, Estatu espainolean. Proiektua burutu eta diru-laguntzak jaso zituztenak honakoak izan ziren: Madrilgo Komunitatea, Ingurumen Agentzia; Ikerketa Zientifikoen Goi mailako Kontseilua (CSIC), Doñanako Estazio Biologikoa; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa (MAPA), Gaztela eta Leongo Junta, Ingurumen eta Lurraldearen Antolaketa; Gaztela Mantxako Erkidegoen Junta, Extremadurako Junta eta Nekazaritza eta Ingurumen Kontseilaritza, Ingurumen Agentzia.
Katamotzen eremuen zainketa eta jarraipenean oinarritutako ekintzak izan ziren batez ere, katamotzaren populazio, arrisku eta mehatxuei buruzko ezagutza hobetzeko asmoz. Gainera, heriotza ez naturalak kontrolatu eta saihestea da asmoa.
1996aren amaieran «Katamotzarekin bizi» izeneko Sentsibilizazio Kanpainari hasiera eman zitzaion eta eskola mailako marrazketa eta erredakzio lehiaketak egin ziren.
«Katamotz iberiarrak (Lynx pardinus) berreskuratzea Andaluzian», (2002-2006)
2002. urtean eman zen ontzat eta orduan kalkulatu zen 200 katamotz inguru geratzen zirela munduan, bideragarriak ziren bi eremutan; bata Doñana (Huelva eta Sevilla) eta beste bat Sierra Morena (Kordoba eta Jaen). Oso mugarri garrantzitsua izan zen espeziearen biziraupenerako. Proiektu horrek bazkide gisa hartu zituen CDB Habitat Fundazioa, Ekologistak Martxan, Andaluziako Ehiza Federazioa, Ateca eta Aproca.
Helburu nagusia Andaluziako iberiar katamotzen populazioak egonkortzea zen, bi katamotz-multzoen epe luzerako bideragarritasuna bermatuz.
Ingurumen arloko Kontseilaritzak, LIFE Proiektuaren onuradun moduan, ekimen batzuk bideratu zituen katamotz iberiarraren habitat naturala berreskuratzeko lanetara; heriotza ez naturalak murriztu eta katamotz eta untxien populazioen bilakaeraren jarraipen eta azterketak egin ziren.
Proiektu hori amaituta, %49ko gutxieneko gehikuntza bat lortu zen ale kopuruan eta %25-%32koa lurralde kopuruan. Horrela, espeziearen banaketa-eremua ere %73an handitu zen. Eboluzio hori lotuta egon zen habitata hobetzeko, harrapakinen populazioak hobetzeko, heriotza ez naturalak saihesteko, jarraipenerako eta abarrerako jarduera guztiekin. Jaiotza-tasa handitu egin zen eta heriotza ez naturalak murriztu ziren.
Animalia gehienak finka pribatuetan eta ehiztari sozietateek kudeatutako lurretan zeuden; hori horrela izanik, jabetza pribatuarekin lan egiteko modu bat bilatu behar izan zen, eta lankidetza-hitzarmenen bidez lortu genuen.
Katamotz iberiarraren egoera hobeto ulertzen laguntzeko dibulgazio eta kontzientziazio programa bat garatu zen, mehatxuak behin betiko desagerrarazteko asmoz ere; batez ere legez aurkako ekintzak: zepoak eta lazoak.
LIFE Proiektua: «Andaluziako katamotz iberiarra zaindu eta berriro ere ugaritzea», LIFE06NAT/E/000209 (2006-2011)
2006an abiarazi zen eta proiektu horren barruan hainbat neurri jarri ziren martxan katamotz iberiarraren arazo nagusiei irtenbidea emateko. Ekintza horietako batzuk untxia berreskuratu eta katamotzaren habitata suntsitzea saihesteko asmoz burutu ziren. Beste batzuen helburua heriotza ez naturalaren arrazoiak murriztea izan zen, hala nola bideak iragazkortzea autoek harrapatzea saihesteko (Andaluziako Juntaren Obra Publiko eta Etxebizitza Kontseilaritzak eraikitako ekoduktoekin, Europako Natur eremurik garrantzitsuenetako bat, hau da, Doñana, zeharkatzen duen errepidea iragazgaizteko), edo legez kontrako ehizaren, tiroen, lazoen eta zepoen ondoriozko heriotzak saihesteko. Esan behar da horiek murrizten hasi zirela.
Ekimen horrek gizarteko hainbat sektoreren arreta bereganatu zuen eta horien bazkidetza lortu zuen. Horrela, esaterako, sektore zinegetikoaren izenean Andaluziako Ehiza Federazioak, ATECAk eta APROCAk parte hartu zuten; sektore kontserbazionistaren izenean, Ekologistak Martxan, Adena/WWF, CBD Hábitat Fundazioa eta SECEM izan ziren; eta Administrazioaren izenean, Extremadurako Junta eta Andaluziakoa, Nekazaritza eta Arrantza, eta Lan Publiko, Garraio eta Ingurumen Sailekin batera; era berean, Ingurumen Ministerioak ere parte hartu zuen, finantzazioa emanez.
Bigarren LIFE proiektu horren bidez jauzi kualitatibo bat eman zen; jarduera berriak jarri ziren martxan, katamotzak sartu ziren Andaluziako banaketa historikoko gune batzuetan eta populazio- guneak sortu ziren: Bata Guadalmellaton (Kordoba) 2009an (7 animaliarekin); eta beste bat, gerora, 2010ean, Guarrizasen (Jaen) (5 animalia). Gainera, Doñanako populazioaren genetika sendotzeko jarduera batzuk burutu ziren. Horretarako, Sierra Morenatik zetozen aleak lekuz aldatu ziren.
Ehiztari sozietate eta jabe partikularren babesak oso garrantzitsua izaten jarraitzen du, lehenengo LIFE hartan izan zen moduan. LIFE Lince «Andaluziako katamotz iberiarra zaindu eta berriz ugaritzea (Lynx pardinus)» Proiektua amaituta, 170 lankidetza-hitzarmen lortu dira. Horrek esan nahi du katamotz iberiarraren eta untxiaren habitata hobetzeko moduan dagoela, 180.840 hektareatan.
Helburu nagusia espezia desagertzeko arriskua murriztea zen, eta horretarako, populazio-eremuen eta animalien kopuruak handitzea lortu behar zen.
LIFE Lince proiektu bietan egindako lanari esker, espeziea dagoeneko ez dago «desagertzear». 2002ko egoera oso prekarioa zen baina gaur egun 326 katamotz ditugu, lau multzotan banatuta: Doñana-Aljarafe (Huelva - Sevilla), Guadalmellato (Kordoba), Guarrizas (Jaen) eta Andujar -Cardeña (Jaen – Kordoba). Ale nahikotxo trukatzeko aukera izan da.
«LYNX: EN LA TIERRA DEL LINCE IBÉRICO» Andoni Canelaren liburua
«Lynx: en la tierra del lince ibérico» liburuak katamotzaren eta bere bizileku diren paisaien edertasuna erakutsi nahi dizkigu. Mendizerran gordeta, urki, kardana eta legeltxorren artean ezkutuan, Sierra Morenako granito arroketan, sei, zortzi edota egun gehiagoz ere desagertu naiz, mendizerra eta padura itxurako paisaiaren eta noski, katamotz iberiarraren argazkiak lortzeko. Argazkiotan katamotza protagonista izatea nahi izan dut, baina inguruari ere garrantzia emanez. Doñanako Parke Nazionaleko dunetatik Yeguas ibaira edo Andujar Mendizerrara, granitozko arrokak edo basoko soilguneak. Katamotz eta untxiez gain, orein, basurde, adarzabal, azkonar, galeper, dortoka, erbi eta mozoloen argazkiak ere egin ditut.
Europar Batasunaren LIFE programaren esparruan hainbat proiektu jarri da martxan, katamotzak bizi diren eremuak ezagutu eta gure basoetan bizi den espezie hori mantentzen laguntzeko. Liburua bat etorri proiektu horiekin. Liburu honen edizioan honakoek parte hartu dute: Biodiversidad, Amigos del Aguila Imperial eta Lince Iberico Fundazioek eta Natur gune pribatuek.