INGURUMEN OSASUNA

Hiri-inguruen kudeaketa genero ikuspegian oinarrituta

Hiri biziak, hiri seguruak

Trinidad L. Vicente

XX. mendearen zati handienean, azpiegitura eta ekipamenduez hornitutako hiri-ehundura ordenatua sortzea izan zen hirien erronkarik handiena. Azken hamarkadetan, ordea, kezka nagusiak ez dira hiriaren produkzioan zentratu, haren kudeaketan baizik; espazioen banaketa eta aprobetxamenduan, haren antolamenduak biztanleen bizi-baldintzetan duen eraginean, heterogeneotasun sozialaren integrazioan, ingurumenean, kultura-ondarearen mantentzean...

Hirien plangintza eta kudeaketak haren konplexutasun eta aniztasun sozialaren isla izan behar du, eta bertan bizi diren pertsona -emakume zein gizon- guztien egoera eta beharrizanei erantzun inklusiboak eskaini behar dizkie, horien adina edozein dela ere. Hala eta guztiz ere, ez da beti horrela izaten.

Hiriak ikuspegi maskulinoan oinarrituta planifikatu izan dira urte luzez (zehatzago esanda, adin ertaineko gizonengan pentsatuta: egoera fisiko ona, lan egonkorra eta ondo ordaindua, hiritik desplazatzeko ibilgailu propioa…). Eta, nahiz eta hirurogeita hamarreko hamarkadatik nabarmendu izan den hirietako plan estrategikoetan genero ikuspegia barne hartu behar dela, gai hori lantzeke dago oraindik.

Genero ikuspegia aplikatzearen helburua hiriaren erabileran berdintasuna lortzea izan arren, hiri plangintza eta kudeaketan ezkutuan geratu ohi diren beste gizatalde batzuen arazoak identifikatu eta ikusgarri egiten ere laguntzen du, hiriaren bizigarritasun anitza aldarrikatuz. Hori dela eta, hirietako plan estrategikoen zenbait elementu garrantzitsuren genero azterketan zentratuko da artikulu hau; segurtasunean, mugikortasunean eta garraio publikoan, besteak beste.

«Komunitatea» segurtasunaren bermatzaile

Gure hiriak seguru izan daitezen, ezinbestekoa da osagai erreal bat kontuan izatea (bertatik ibiltzen diren pertsonentzako «puntu arriskutsuak»), hori bezain garrantzitsua den beste osagai subjektibo bat ahaztu gabe (segurtasunaren pertzepzioa). Nahiz eta mugikortasun libre eta segurua beharrezkoa izan eta herritar guztiei eragin, horren gainean ditugun bizipenak oso ezberdinak dira gizon eta emakumeen artean; azken horiek dira, segurtasun ezaren aurrean, maizen desplazamenduak saihestu edo murrizten dituztenak, eta, horrekin batera, espazio publikoa gozatzeko eskubidea mugatzen dutenak.

Lurrazpiko pasabideak, txoko isolatuak, argiztapen okerra, zaindu gabeko guneak edo inguru zikinak, eskailera edo aldapak, alde bakarrean eraikinak dituztenak, zutabedun karrerapeak (norbait bertan ezkutatzeko modukoak) … horiek guztiak saihestu egiten dira ahal den heinean. Begiratzen gaituzten pertsona anonimoz beteriko kaleek, ostera, segurtasun sentsazioa ematen digute, baita inguruan dugun espazioa begiz kontrolatzea ahalbidetzen diguten eraikinek ere, edo denda, ekipamendu eta merkataritza zentroek; kanpoaldetik barrualderako ikusgarritasuna ahalbidetzen baitute (ez da horrela gertatzen ate eta erakusleihorik gabe diseinatutako espazioetan, kanpora itxita egonik, barrualdean baino ez baitute sortzen segurtasun eta erosotasun sentsazioa).

Espazio publikoetan segurtasuna, beraz, ez da soilik polizia neurrien bidez bermatzen, are gutxiago arriskutsu gisa sailkatutako kolektiboengandik (droga menpekotasuna dutenak, eskaleak, prostitutak, etab.) bereizteko neurrien edo segurtasun pribatuaren bitartez. Segurtasunaren izenean askatasuna mugatzea baino, beharrezkoagoa da bizitza soziala artikulatuko duten neurriak hartzea, komunikazioa, harremana eta herritarren partaidetza sustatuz, aniztasunarekiko atsegin, ireki eta tolerante izango den inguru batean. Azken batean, hiria biziberritzea da helburua eta, horretarako, beharrezkoa da jarduera, topaketa, elkartasun eta elkarrekiko konfiantza espazioak sortzea eta komunitate sentimendua sustatzea.

Mugikortasuna genero ikuspegian oinarrituta

Mugikortasunak ere ezberdintasun nabarmenak agertzen ditu generoari dagokionean. Emakumeak, oro har, gizonak baino espazio mugatuagoetan desplazatzen dira, ibilbide ezberdinak egiten dituzte eta garraiobide ezberdinak konbinatzen dituzte horretarako. Ezberdintasun horiek oso lotuta daude generoen arteko rol banaketa ezberdinarekin, zeinek oraindik ere gizona esfera produktiboan kokatzen duen, eta emakumea erreproduktiboan. Egoera hori arlo produktiboa, bizitegia, administrazioa eta aisialdia banatu izan dituzten hirietan gertatzen da, desplazamenduak ugarituta eta distantziak luzatuta.

Gizonak emakumeak baino gehiago desplazatu ohi dira ibilgailu pribatuan eta emakumeak, ordea, gizonak baino hurbilago bizi ohi dira lantokitik, eta gehiago mugitzen dira oinez zein garraio publikoan. Bestalde, gizonek desplazamendu pendularrak egiten dituzte (etxetik lanera eta lanetik etxera), eta emakumeen desplazamenduak konplexuagoak izaten dira, sigi-saga erakoak, ibilbide ezberdinak uztartzen baitituzte funtzio ezberdinak betetzeko (etxetik eskolara, handik lanera, lanetik eskolara, erosketak egitera, etab.). Horretaz gain, emakumeak desplazatzen dira gehien pertsona adingabeak, dibertsitate funtzionala dutenak, gaixoak, adinekoak... laguntzeko.

Horregatik guztiagatik, eta ibilgailu pribatuaren eredua bideragarria ez delako, ezinbestekoa da bide-azpiegiturak eta garraio publikoa diseinatzeko orduan genero ikuspegia aintzat hartzea. Horrela, mugikortasunaren ikuspegi zabalagoa bermatuko da, herritarren (ez soilik emakumeen) beharrizanei hobeto erantzuteko eta gizonezkoen mugikortasun iraunkorragoa sustatzeko. Hori guztia nork bere autonomia edo helburu pertsonal zein profesionalak alde batera utzi gabe, eta «kontziliazio-hiri» bati ematen zaion erabilera askatasun osoz hautatzeko aukera eskainita.