TXANGOAK

Markina-Xemein / Gernika-Lumo etapa

Donejakue bidea Euskadin

Hasiera gutxi daude Markina-Xemeingo irteera bezain suspergarriak. Lehenik, Bolibarko herri idilikoa, eta gero, Bizkaian bakarra den monumentu erlijiosoa: Ziortzako Kolegiata zaharra, bederatzi mende baino gehiago daramatzana Santiagorantz doazen ibiltarien iraganaren lekuko izanik. Gorontzugaraiko basoa dugu azken landa-izaerako ingurunea jendeztatuta dauden ibar eta herrixka mordora itzuli aurretik, Gernika-Lumoko herri historikorainoko bidean. Etapa honek trantsiziotarteak izango ditu eta kilometro gutxi batzuk egin ondoren, hala Munitibarren nola Zarran, hainbat benta edo iturri aurkituko ditugu kantinplora betetzeko edo bertako jendearekin pixka bat hitz egiteko. Gernikako Juntetxea eta haritz historikoa, egun horretarako pentsa daitekeen saririk onena dira.

Markina-Xemein → Munitibar

km 0 - MARKINA-XEMEIN. Gernika-Lumorantz aterako gara, Atxondoko kiroldegiaren alboko bidegorriari jarraituz. Bidegorria amaitzen denean zebrapasagune bat zeharkatuko dugu eta kontserba-fabrika baten atzealdean Erdotzako Andre Mariaren baselizara bideratuko gaituen bidexka hartuko dugu. Handik hurbil, errepidearen alboan, Santutxuaren gurutzetokia dago. Bidegorriaren tarte baten alboan jarraituko dugu, ibaiaren eta industrialde baten artean. Tartea amaitzen denean, erortzear dagoen Kareagako dorretxea aurrez aurre izango dugu.

Eskuinaldean Erdi Aroko zubia gurutzatuko dugu eta handik pixka batera ezkerraldean dagoen hesi bat gurutzatuko dugu, ibaiarekiko paraleloan jarraitzen duen bide zahar bati jarraituz Iruzubietako gunera iritsi arte.

km 3 - IRUZUBIETA. Bolibarrerantz aterako gara Arnola jatetxearen inguruan hasten den pista batean gorantz joanez, eta Altzagako auzoa osatzen duten baserri batzuetara iritsiko gara; han, eskuinalderantz joango gara pinudi batean sartuz eta Alegriako zelaietaraino jaitsiz. Hemendik errepideraino jaitsiko gara eta handik pixka batera utzi egingo dugu, Simon Bolibar Museoaren albotik igaro ondoren plazan amaitzen den auzo-bidera sartzeko. Errepidea gurutzatuko dugu eta aurrerantz jarraituko dugu garai batean kolegiata izan zen Ziortzako Monasteriora igotzen den galtzadara iritsi arte, eta bertan erromesen ostatua eta aterpetxe bat aurkituko ditugu.

km 6,2 - ZIORTZAKO MONASTERIOA / KOLEGIATA. Paisaiari eta arkitekturari dagokionez xarma handia duen lekua da, baketsua eta lasaia. UNESCOren Munduko Ondarearen Zerrendan dago, eta Kostaldeko Donejakue Bideko gune garrantzitsuenetako bat da.

Monasterioa atzean utziko dugu, asfaltatuta dagoen pistari jarraituz. Seinaleak jarraituko ditugu dagoeneko baso-pista bihurtu den pistan, errepide alboan dagoen Gorontzugaraiko gainera iritsi arte. Ezkerraldetik jarraituko dugu asfaltatuta dagoen auzo-bide bati jarraituz Urionako auzora iritsi arte. Azken etxearen albotik igaro ondoren, lehendabizi ezkerraldean ikusiko dugu hesi bat zeharkatuko dugu eta pixka bat aurrerago beste hesi bat, eta ondoren Gerrikaitzera doan bidexka bat jaitsiko dugu.

Munitibar → Gernika-Lumo

km 10,2 - MUNITIBAR/GERRIKAITZ. Andra Mariaren elizak Gerrikaitz herri zaharrerako sarrera markatzen digu. Espaloiari jarraituz Munitibarreraino jaitsiko gara, eta bertan plaza zeharkatuko dugu San Bizente Martiriaren elizara iristeko. Ezkerralderantz joango gara, Gernikarantz, Lea ibaia gurutzatu ondoren asfaltatuta dagoen auzo-bide bat hartuko dugu, eta Aldakara igoko gara. Pistari jarraituko diogu Astorkigana gaineraino. Errepidera iritsi gabe ezkerralderantz joango gara Urnatei baserrira jaisteko eta Bekoerrota baserriraino jarraitzeko. Aurrerantz jarraituko dugu, Telleria errekaren alboan doan bidexka bati jarraituz. Aurrerantz egingo dugu eta Berreinondoko baserrietara iritsiko gara, dagoeneko Mendatan gaudela. Golako ibaiaren parean doan auzo-bideari jarraituko diogu Zarrako auzora sartzeko errepideraino; ondoren hura utzi eta Gorriño baserrira eramango gaituen bidexka bat hartuko dugu. Baserriaren albotik igarotzen den bide asfaltatura iristen garenean eskuinalderantz joango gara Zarrako auzora jaisteko.

km 15,4 - ZARRA. Zarrabenta taberna-jatetxea (gaur egun itxita dago) auzoaren goi ingurura eramango gaituen maldaren hasieran dago, eta han goian San Pedro baseliza aurkituko dugu, baita gertu dagoen Montalban Dorrerako desbideratzea ere. Mendi-hegalaren erdialdetik jarraituko dugu Zarra eta Arratzuko elizatea elkartzen zituen galtzada zaharraren lehengoratutako tarte batekin topo egin arte. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren harizti onenetako bat zeharkatuko dugu, bere galtzadaren zati bat eta Erdi Aroko zubi eder bat erakusten dizkigun bide zahar batean barrena (Artzubiko zubia), eta hortik Elexalde Arratzuko guneraino igoko gara.

km 17,4 – ELEXALDE-ARRATZU. Arratzuko Santo Tomas elizaren inguruan haranaren ikuspegi onak goza ditzakegu, ehun urtetik gora dituen arte baten azpian atseden hartzen dugun bitartean. Gurutzebidea jarraituko dugu Golako ibaiaren erriberaraino, eta bertan Olazarrako burdinola aurkituko dugu. Ibaia igaro ondoren igotzen hasiko gara eta lehen baserrira iritsi baino lehen eskuinaldean sortzen den bidexka bat hartuko dugu eta Marmiz auzora igoko gara. Marmizetik pista bat abiatzen da, eskuinalderantz, Burgogana mendiaren ekialdeko hegalean barrena zihoan bide zaharrari jarraituz. Bide hori baso-pista askok gurutzatzen dute Ajangizeko gunera iritsi aurretik, eta hortik Gernika-Lumora jaitsiko gara bide zaharrari jarraituz, Errenteriako portu-eremu zaharrera iritsi arte. Zubia igaro ondoren, San Joan, Urtarrilaren Zortzia eta Andra Maria kaleak hartuko ditugu udaletxeko plazara iritsi arte. Juntetxean, «Gernikako Arbola» mitikoa ikus dezakegu, euskaldunen sinbolo unibertsala izaki.

_______________

• Arreta handia jarri behar da gurutzaguneetan eta trafiko handia izan ohi duten errepide-tarteetan (Bolibar, Zarra eta Ajangiz-Gernika).

DONE JAKUE BIDEA EGOKITZEA

Markina-Xemein – Gernika-Lumo

Etaparen luzera: 25 km

Metatutako malda: 770 m

Estimatutako denbora: 6 ordu eta 50 minutu

2016ko abuztuan eta irailean soilik 7.000 erromes baino gehiagok baliatu dituzte Done Jakue bidearen etapa horretan egindako egokitzapen-lanak. Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak burutu ditu.

2015eko abenduaren eta 2016ko abuztuaren artean Markina-Xemein eta Gernika-Lumo arteko 25 km-ko etaparen lurzorua egokitu da, arekak egin dira eta sastrakak kendu dira. Ur-bide txikiak gurutzatzeko egurrezko 10 pasabide, 3 eskailera-tarte, egurrezko 16 langa eta 60 zeharkako pasabide baino gehiago instalatu dira, bideko ura ebakuatzeko.

Munitibarreko Uriona eta Garro auzoen arteko jaitsieran instalatutako egur landuzko eskailera bereziki aipatu beharra dago. Euria ari zuen egunetan, zailtasun handiko tartea zen erromesentzat.

Seinaleei dagokienez, 80 norabide-seinale aldatu edo instalatu dira, baita 2 informazio-panel ere, Markina-Xemein eta Zarran (Mendata), hurrenez hurren.

 

INTERES BEREZIKO TELEFONOAK

Uhagon Kulturgunea (Markina-Xemein)
946 166 303 / 665 212 689

Bengola – Natur Energia Interpretazio Zentroa (Gerrikaitz)
649 795 484 / 650 124 729

Gernika-Lumoko Turismo Bulegoa
94 625 58 92

Donejakue bideen lagunen elkartea
94 679 20 99 / 687 529 606

Bizkaiko Aterpetxezain Boluntarioen Elkartea
609 031 526

Larrialdiak
112 SOS DEIAK

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.