EKIPAMENDUAK
Erakusketa iraunkorra Amorebieta-Etxanon
Nekazaritza ekologikoaren topagunea
Testua eta argazkiak: ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) ekoizpen ekologikoaren inguruko erakusketa iraunkorra pasa den uztailean inauguratu zen bere egoitzan. Amorebieta-Etxanoko Udalak Jauregibarria baserriaren lagapenarengatik ezarri baldintzetako bat betetzen da horrela, publiko guztiei eta, bereziki, gaztetxoei zuzendutako erakusketa autogidatuaren instalazioarekin.
Nekazaritza organikoa pertsonen, ekosistemen eta lurraren osasuna zaindu eta hobetzen duen ekoizpen-sistema da. Prozesu ekologikoetan, biodibertsitatean eta tokiko baldintzetara egokitutako zikloen ezarpenean oinarritzen da, eragin kaltegarriak izan ditzaketen lehengaiak baztertuz. Nekazaritza organikoak tradizioa, berrikuntza eta zientzia uztartzen ditu. Bere helburua da ingurumena laguntzea. Printzipio eta balio horiek jendarte guztiari transmititzeko, eta ekoizpen ekologikoaren teknikak zertan datzan adierazteko asmoz, ENEEKek panel ezberdinak, formatu handiko irudiak, Euskadiko eragile ekologikoen mapa eta ikus-entzunezko edukinak batzen dituen ekipamendua prestatu du.
Bisuala, erakargarria eta didaktikoa izatea du helburu erakusketak. Uztailaz geroztik ateak zabalik dauzka eta edonork bisitatu dezake dohainik, ENEEKren bulegoetako lan-ordutegian. Bisitariari harrera tamaina handiko mapa batek egiten dio, non ENEEKen inskribatuta dauden eragile guztien kokapena zehazten den. Mapan hiltzatutako 523 koloredun txintxetek gure nekazaritza ekologikoak duen aberastasun eta aniztasunaren zantzua ematen dute. Erakusgelaren zatirik handiena ekoizpen ekologikoaren xehetasunak azaltzen dituzten panelek hartzen dute. Ekoizpen-azpijardueren arabera sailkatutako 3 ataletan (nekazaritza, abeltzaintza eta eraldaketa), Europako herrialde guztientzat komuna den araudiko puntu garrantzitsuenen gainbegirada egiten da. Eredu ekologikora atxikitzen den ekoizleak konpromiso sendo bat hartzen du, eta horixe bera azaltzen da laugarren atal batean, eragileek gardentasunarekin, pertsonekin eta planetarekin hartzen duten konpromisoa. Panel bakoitzean dauden irudiak laguntzeko, bi minutu eskaseko bideoak prestatu dira atal bakoitzari buruzko informazioa emanez.
Lurzoru emankorraren garrantzia
Azken hamarkadetan elikagaien ekoizpenak izandako bilakaeraren ondorioz, agrotoxikoen erabilera masifikatu egin da. Honek ekarri duen eraginetako bat izan da lurzoru emankorren galera. Gainera, kontuan izan behar da elikagaien ekoizpenerako daukagun lur-azalera oso murritza dela. Horiek horrela, lur emankorra mantendu eta hobetzeko gaitasuna duten ekoizpen ereduen bultzatzeak (nekazaritza ekologikoa kasu) berebiziko garrantzia du. Erakusketa honetan lurzoru emankorren mantentzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan da, hain zuzen ere. Horretarako, zati ezberdinetan banatzen den sagar erraldoi bat instalatu da gelaren sabaian. Janaria ekoizteko eskuragarri daukagun lurraren baliokidea litzateke sagar erraldoi honetatik banatzen den azalaren zati nimiño bat.
Praktikarekin ikasi
Amorebieta-Etxanoko Jauregibarria baserrian instalatu den interpretazio zentru hau adin guztietako pertsonentzat prestatua dago. Edonola ere, bereziki ikastetxeetako gaztetxoak izango lirateke hartzaile nagusiak. Hauei begira, lurraren analitika errazak egiteko espazio bat ere prestatu da. Aztertuko den lurra ENEEKren egoitzatik oso gertu dagoen baratzezain ekologiko baten ortutik jasoko dute ikasleek. Esperimentazio-gune hau prestatzeko, Neiker-Teknaliako Mikrobiologia eta Edafologia departamenduaren laguntza izan du ENEEKek. 2016-2017 ikasturtetik aurrera Amorebieta-Etxanoko ikastetxeei eskainiko zaie, eta asmoa da hurrengo ikasturtetik aurrera Euskadiko ikastetxe guztietara zabaltzea nekazaritza ekologikora praktikaren bitartez hurbiltzea ahalbidetzen duen baliabide hau.
Ordutegia
Astelehenetik ostegunera
8:00 – 17:00 (urritik
maiatzera)
8:00 – 15:00 (ekainetik irailera)
Ostirala eta jai bezperatan
8:00 – 14:00
Harremanetarako telefonoa
94 627 15 94
Web
Helbidea
Jauregibarria auzoa, 4 – Jauregibarria Baserria (1 solairu) 48340 Amorebieta-Etxano (Bizkaia)
Nola iritsi
Garraio Publikoa: Euskotren eta Bizkaibus
Errepidetik
- N-634 errepidean, Amorebietarako lehenengo sarbidean (Durangotik Bilborako norabidean).
- Autopistaz, Amorebieta-Etxanoko irteeran.