INGURUMENAREN GESTIOA
Bilboko Ingeniaritza Eskolako kafetegietako batean elikagaien hondakinak bereizi eta murriztea
Iraunkortasunerako berrikuntza proiektua
Amaia Menéndez, Mª Arritokieta Ortuzar, Ana de Luis, Elena Bilbao e Itziar Aranguiz (Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimiko eta Ingurugiro Saila). Jone Varela (Peñascal Kooperatiba).
Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimiko eta Ingurugiro Saileko bost irakaslek, Bilboko Ingeniaritza Eskolako kafetegiko arduradunarekin batera, elikagaien hondakinak murriztu eta gaikako bilketa egiteko proiektu batean parte hartu dute. Proiektua Bilboko Ingeniaritza Eskolako kafetegietako batean jarri dute martxan, Peñascal Kooperatibaren kudeaketapean. Kooperatiba horrek bi hamarkada baino gehiago darama lanean, kualifikazio profesionalaren bidez Gizarteratze eta Laneratzea sustatzen.
Azken urteotan, hondakinak minimizatzeko helburuz sortutako ekimen interesgarri ugari ezagutu ditugu. Teknika errazen (aprobetxamendu-sukaldaritza kasu) eta sofistikatuagoen bidez (ospitale, ikastetxe, egoitza, espetxe eta abarretarako sukalde handietarako softwareak, adibidez), baliabideak modu optimizatuan kudeatzea ahalbidetzen da, nutrizio, ekonomia, logistika eta, hortaz, ingurumen arloetan eraginda. Hondakinak murrizteko ekimen horien esparruan kokatzen da elikagaien hondakinak murriztu eta kudeatzeko proiektu hau, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko Ingeniaritza Eskolako kafetegian ezarritakoa, alegia.
Euskal Herriko Unibertsitatearen Ingeniaritza Kimiko eta Ingurugiro Saileko bost irakasleek osatutako taldeak hartu du parte proiektuan, kafetegiko arduradunarekin batera. Prozesuan, oso kontuan izan dituzte hiru «eragile» nagusi:
- Kafetegiko langileak; hondakinen kudeaketaren hasierako egoeraren eta helburuak finkatzeko aukera errealen gaineko informazioa jaso dute.
- Kafetegia erabiltzen duen unibertsitateko komunitate osoa; neurriak iradoki ditu eta proiektuaren martxari buruzko informazioa jaso du.
- Bilboko Udala; beira biltzeko edukiontzia eman du Eskoletatik hurbil kafetegiko gaikako bilketa errazte aldera.
Hasierako ideia zen kafetegian sortutako materia organikoa konpostatzea; baina, Bilboko Udalak 2015eko azarotik aurrera Deustun egindako edukiontzi marroiaren esperientzia pilotua Bilboko gainerako auzoetara zabaltzeko asmoa zuela jakinda, hondakinak murriztu eta gaika biltzea izatera pasa zen helburu nagusia; izan ere, suposatu genuen epe labur- ertainera edukiontzi marroia Basurtu auzora ere helduko zela (bertan dago gure Eskola).
Abiapuntua eta hartutako neurriak
Abiapuntuko egoera ezagutzea izan zen lehendabiziko urratsa. Hartara, kafetegiko arduradun, langile eta erabiltzaileekin elkarrizketak egin ziren, kafetegi- jatetxearen funtzionamendua ezagutzeko, eta sortutako zaborraren laginketa eta inbentarioa egin ziren. Kafetegiko sukaldean eta jantokian hondakinak bereizten ez zirenez, inbentarioa egiteko orduan zeregin nagusia izan zen hondakinak bereiztea, bakoitzari zegokion edukiontziaren arabera: papera, plastikoa eta ontziak, beira, eta errefusa.
Bigarrenez, eta aurretik egindako azterketa oinarri hartuta, neurri praktikoan diseinatu eta ezarri ziren, horien bitartez, sortutako kudeaketaren bereizketa eta ondorengo kudeaketa hobetze aldera. Hondakinen gaikako bilketa errazteko kuboak ezarri ziren, eguneroko menuan eskaintzen zen ogi-errazioa txikitu zen, «txurro-saltzaileen» antzeko azukre- ontzia eta edulkoratzaile kutxatxoa ezarri zen bezeroentzat, ketchup eta maionesa bote handiak erabiltzen hasi ziren… Beste zenbait neurri baztertu egin ziren, lege, osasun edo higiene arrazoiek eraginda, edo establezimenduko langileen lan osagarria zekarkielako.
Azkenik, kafetegi-jatetxean sortutako hondakinen laginketa eta inbentarioa egin zen, hartutako neurrien bidez hondakinetan zer nolako eragina izan zen aztertzeko.
Emaitzak
Ontziak biltzeko edukiontzi horiak ezartzeak espero zen ondorioa eragin du, eta hondakinetan sortutako ontzi guztien %61 bereiztea lortu da (1. figura).
Bestalde, neurri zuzentzaileak ezarri ondoren honakoa antzeman da: (2. figura)
- Nabarmen murriztu da sortutako ogi-hondakinen kopurua, eskainitako ogi errazioa txikitzearen ondorioz.
- Nabarmen murriztu da azukre dosien kopurua, berrerabiltzeko azukre- ontziak erabiltzearen ondorioz.
Proiektu honen parte izan diren irakasleen erakundeak irakaskuntza arlokoak izanik, esperientzia hau mantendu egingo da, Peñascal Kooperatibako ikasleak trebatzen jarraitzeko, eta irakasle parte- hartzaileek ematen dituzten Ingurumen Teknologia eta Ingurumen Ingeniaritza irakasgaietan lantzen saiatuko dira datozen ikasturteetan.
HONDAKINAK MURRIZTU EDOTA BEREIZTEKO NEURRIAK
Kafetegian sortutako hondakinen hasierako azterketan eta bertako arduradun zein langileekin izandako elkarrizketetan oinarrituta, kafetegian hondakinak murriztu edota kudeatzeko neurri sinpleak ezarri ziren. Hauek dira ezarritako neurri batzuk:
- Koloretako kuboak jartzea sukaldean eta jantokian, hondakinen gaikako bilketa errazteko: organikoa (zati bat etorkizunean edukiontzi marroira joango dena), beira eta ontziak.
- Menuan eskainitako ogi errazioa txikitzea.
- Azukre/edulkoratzaile eta saltsen monodosien kontsumoa murrizteko, barran azukre-ontzia eta edulkoratzaile kutxa ezarri zen bezeroek erabiltzeko, eta ketchup eta maionesa bote handiak ezarri ziren.
- Etxeko jogurta eskaini zen kristalezko ontzian, jogurt-ontzirik erabili ez eta plastikozko hondakinak murrizteko.
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.