ELKARRIZKETA

Fauna basatiaren eta haren habitat bereziaren edertasuna harrapatzen du objektiboaz

Natura eta ingurumenean espezializatutako argazkilari nafarra da. Kazetaritzan lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta argazkigintza gradua egin zuen London College of Printing (UK) ikastegian. Horretaz gain, sarri izaten dugu gurekin Bizkaia Maitean, haren aldizkako kolaborazioez gozarazteko prest. Bost kontinenteetako basamortu, oihan tropikal, glaziar, sumendi, itsaso eta mendiak islatu ditu bere argazkietan. Habitat ezberdinetan mehatxupean dagoen faunaren biologia dokumentatzeko proiektu ezberdinak ere egin ditu: Indiako bengala tigrea, Txinako panda hartza, Behe Kaliforniako balea grisa, Artikoko hartz polarra edo penintsulako Katamotz iberiarra dira proiektuen adibide batzuk. Argazki-kazetaritzako Godó Saria jaso zuen 2009. urtean.

Bizkaia Maitea: Egin dituzun lan ugariek (50 erakusketa baino gehiago, 15 liburu eta ehunka erreportaje) argi uzten dute herrialdeko argazkilaririk prestigiotsuenetakoa zarela, baita mundukoa ere, beharbada. Bokazio goiztiarraren isla da ibilbide hori, dudarik gabe; noiz sortu zen argazkigintzarekiko duzun pasioa?

Andoni Canela: Animalienganako pasioak eraman ninduen nire lehenengo argazkiak egitera; aitak utzitako kamera bat erabili nuen orduan. 14-15 bat urte izango nituen, eta txoriei egiten nizkien argazkiak Nafarroan, Tutera inguruan, Bardeetan… 3 edo 4 urte beranduago, 18-19 nituela, zaletasunetik haragokoa zen nire grina eta kazetaritza ikasten hasi nintzen. Hau da, hasierako zaletasuna finkatu egin zen eta helburu profesionalarekin bat egin zuen; kazetari/argazkilari izateko gogoa piztu zitzaidan.

B.M.: Ibilbide profesionalean ia hogeita bost urtez bidaia eta bizipen ezberdinak izan dituzu; zerrendatuta al dauzkazu lan-eremu izan dituzun leku guztiak? Eta, gogoan al dituzu lehendabizikoa eta azkena?

A.C.: Ez dut izan naizen leku guztien zerrenda fisikorik, baina badut bat buruan gordeta. Lehendabiziko irteerak Nafar Pirinioetara egin nituen (Orreaga, Baztan, Irati, Erronkari…). Eta gure mugetatik harago, azpimarratzeko moduko hurrengo jauzia Jamaika eta Madagaskarrera eman nuen, 18-19 urte nituela. Azkena Alaskara egin dut, joan den abuztuan.

B.M.: Zeren bila joan zinen lehenengo paraje haietara?

A.C.: Nafar Pirinioetan egindako lehenengo bidaietan ez nintzen espezie zehatz baten bila ibiltzen. Gogoan dut hartz aztarnen argazkiak egin nituela (oso zaila da horrelakoak ikustea), ugatzari argazkia egitea nuen helburu… baina orkatz edo oreinak kameraz harrapatzea ere interesgarri iruditzen zitzaidan.

Madagaskarrera egindako lehendabiziko bidaian, uharteko fauna izan zen nire helburua, lemurrak batez ere; habitat galerak eta ehizak izugarri mehatxatutako primate taldea da. Eta nire azken bidaian, joan den udan, Alaskan, hartz beltza eta hartz grisa izan nituen helburu.

B.M.: Ba al da oroitzapen berezirik dakarkizun helmugarik?

A.C.: Ez bakarra. Asko dira gogora oroitzapen berezia dakarkidaten lekuak. Nire buruko zerrendan 15 edo 20 bat leku daude, eta sarritan itzuli naiz bertara. Madagaskarren behin baino gehiagotan izan naiz, Namibian, Botswanan, Behe Kalifornian, Amazonian, Patagonian… leku askotara itzuli izan naiz bigarrenez eta, batzuetan, hirugarrenez.

B.M.: Paisaiak eta horietako bakoitzean bizi diren espezieak kameraz jasotzen dituzunean, eta bizi dituzten zailtasun eta mehatxuez ohartzen zarenean, Artikoan egin zenuen lanarekin oso lotuta dagoen esaldi bat datorkit burura. Lan hartan ohartarazi zenigunez, «Artikoa pitzatzen ari da, eta jabetu behar dugu mehatxu hori egiazkoa dela. Geu ondorio horietaz ohartzen garenean, esan nahi du han egoera muturrekoa dela». Berandu heltzen ari gara erronka horretara eta beste askotara? Nola eragiten digu horrek?

A.C.: Nik uste dut herrialde garatuenetan badaudela baliabideak espezieak babesteko; hemen bertan, Iberiar Penintsulan, gertatu da hori zenbait espezierekin. Hartza, katamotza edo eguzki-arranoa, adibidez, babestu egin ditugu eta desagertzear zeuden espezieak arrisku edo mehatxu-egoera horretatik aldentzea lortu dugu. Hala ere, garapen bidean dauden herrialdeetan ez dago hainbeste baliabide eta bai beste interes asko; hori da inguru natural askori eragiten diena. Zenbait espezie gainbeheran daude: baso gutxiago dago, deforestazio gehiago, basoak desagertzen dira eta horrek guztiak basa-bizitzari eragiten dio… horretan ez dago zalantzarik.

B.M.: Aztertu izan dituzun agertoki eta zein espezieen artean, zeini ez gara erantzun egokia ematen ari, itzulerarik gabeko lerroa igarotzeko arriskuan? Errealitate horrek ba al du eteterik?

A.C.: Orokorrean, batez ere harrapakari handien kasua da arriskutsuena, horiek baitira espaziorik handiena behar dutenak. Lehen postuan daude kate trofikoan eta haiek dira ondorioak pairatzen lehenengoak. Hori gertatzen ari da Afrikako felidoekin, baina oihan tropikalen menpe bizi diren felido eta harrapakari handien espezie guztiak sar genitzake zerrenda berean. Amazonian deforestazio erritmoa oso azkarra da eta espezie guztientzako atzerapausoa dakar, ez soilik mehatxupean daudenentzako.

B.M.: Zure lana naturaren bihotzean burutzen duzu eta, sarritan, eremu babesgabeetara joan edo animalia basatiz inguratuta egon behar izaten duzu. Inoiz izan al zara zure segurtasunaren beldur?

A.C.: Arrisku handiena izan dudanetan erortzeko edo irristatzeko aukera zegoelako izan da, edo zomorroek transmititutako gaixotasunak zein ziztadak jasan nitzakeelako; ez hainbeste ezein animaliaren mehatxu zuzenagatik. Ahalik eta kontu handienaz ibiltzen saiatzen naiz, eta aurrez aurreko enfrentamenduak saihesten ditut beti. Egoeraren eta animaliaren araberakoa da. Esate baterako, distantzia jakin batean hartz edo puma bat daukazunean, begira egon behar duzu, enbarazu edo oldarkortasun zantzuren bat antzematen diozun adi. Horrela bada, bere bidetik kendu eta erlaxatu besterik ez duzu egin behar.

B.M.: Nola bizi duzu arrisku edo mehatxu egoera hori zure familia, seme-alaba edo bikotekidearekin zaudenean?

A.C.: Haur batek ez ditu arriskuak heldu batek bezala interpretatzen eta izugarri hunkitzen da. Txikiak direnean animaliarengana gehiago hurbiltzeko joera izaten dute haurrek. Baina, pixkanaka, bai Unai eta bai Amaia, ikasiz doaz arriskua saihesteko ezinbestekoa dela espeziea eta haren ingurua ondo ezagutzea. Azaldu behar zaio zer egin daitekeen eta zer ez, eta tentuz ibili beharra dagoela. Ezagutzak babestu egiten gaitu.

B.M.: Pazientzia ezinbesteko bertutea da zure lanean, gehienetan ordu luzez egon behar izaten baituzu behaketa eta zaintza-lanetan zeure gordelekuan, helburu dituzun irudiak harrapatzeko. Nolakoa izaten da itxaronaldia?

A.C.: Luzea da oso… eta horretaz kontziente izan behar duzu, hartarako entrenamendu egokia izan. Egun bat edo bi, edo gehiago, zain emango dituzula jakin behar duzu eta balitekeela ezer ez lortzea. Hori onartu ondoren, itxaronaldiaren alde positiboa ikusten hasten zara, behatzen, alegia: beste gauza batzuk ikusi eta behatzen ari zara, nahiz eta argazkirik egin ez. Lanaren zati handi bat da hori. Nire kasuan, egun asko zain eta espero nuen hura kameraz harrapatzerik lortzen ez dudanean, jakina, pixka bat urduritzen naiz.

Baina animalien ordutegiek markatzen dute itxaronaldiaren dinamika. Normalean, eguneko lehen eta azken orduetan agertzen dira animaliak; hortaz, badakizu 8-10 ordutan animalia ez dela agertu ere egingo eta irakurri, behatu, pentsatu egiten duzu, besterik ez. Oso adi egon behar duzu, begiez gain, entzumenaz ere baliatuta. Ez da beti horrela gertatzen, baina gehienetan zarataren bat entzuten da ezein animalia agertu aurretik.

B.M.: Zein da argazkietan jasotzeko animaliarik zailena? Eta, zein animaliarekin identifikatzen duzu zeure burua?

A.C.: Ez dago animalia bakarra zeinetan neure burua islatuta ikusten dudan. Egiten dudan lan bakoitzean identifikatzen naiz une horretan egokitzen zaidan espeziarekin: eguzki-arranoa, hartz arrea, katamotza…. Baina badira espezie batzuk beste batzuk baino zailagoak, argazkiz jasotzeko esan nahi dut. Adibidez, otsoa oso zaila da behatzeko; pazientziaz egin behar zaizkio argazkiak, urrunetik.

B.M.: Zer aholku emango zenioke naturaren argazkigintzan hasi nahi duenari?

A.C.: Argazkiak egin baino lehen, gustuko duen guztiaren gainean informazioa bilatu eta ikas dezala, natura arloaren gainean duen interes horretan denbora luzea eman dezala. Gero, ezagutza eskuratutakoan, orduan has dadila argazkiak egiten. Lehendabiziko urratsa leku, paisaia, espezie eta abarrak ezagutzea da; behin hori egina duzula, has zaitezke argazkiak egiten. Batez ere, denbora luzea eman behar zaio lanari, pazientzia izan eta presak alde batera utzi.

B.M.: Azken proiektuari dagokionez, zer nabarmentzen duzu «En busca de lo Salvaje – Looking for the Wild» lanetik?

A.C.: Espezie eta espazioak arriskuan daudela ikusteko aukera eskaini dit. Egia borobila da hori, eta argi eta garbi esan beharra dago. Alderdi positiboa ere ikusi beharra dago; alegia, zenbait lekutan badagoela egoera hobetu eta iraultzeko aukera. Hau da, alde batetik dena dago txarto, baina bestetik, garaiz gaude oraindik prozesu hori iraultzeko. Datozen belaunaldiei erreparatuta, egungo gazteek dute aldaketa horiek gauzatzeko ardura.

B.M.: Zein proiektu duzu buruan edo zertan zaude orain lanean?

A.C.: «Looking for the Wild» eta «El viaje de Unai» dokumentala egin ondoren, Artikoko gaiak lantzen jarraituko dut, baina oraindik ez dut ezer zehaztuta. Nire ibilbide profesionalean 14 bidaia egin ditut Artikora. Orain beste itzulera-bidaia mota bat egin nahi dut, gaur egun egoera nola dagoen ikusteko. 

«EL VIAJE DE UNAI» PROIEKTU HEZITZAILEA

«El viaje de Unai» dokumentalean Unairen ilusio eta sinpletasuna islatzen dira; Andoni aita, Meritxel ama eta Amaia arrebarekin partekatzen du naturarekiko pasioa. Bide horretan, Lurreko paisaia eder eta basatienetako batzuk deskubritu ditu. Natura ezinbesteko osagaia da haurren eta familia osoaren ikaskuntza eta hazkuntza prozesuan.

«Dokumental hau, helduei ez ezik, haur eta gazteei ere zuzenduta dago. 10 urteko semeak, Unaik, bizi izandako esperientziaren ikuspegi berezia eskaintzen da, «Looking for the Wild» bidaian. Ikuspegi sinple eta sutsua da, eta hori ona baino hobea da. Gogo bizia eta baikortasuna apartak dira». (Andoni Canela).

Generoa: Dokumentala, natura, bidaiak, argazkigintza.
Zuzendaria: Andoni Canela.
Urtea: 2016.
Nazionalitatea: Espainia.
Iraupena: 70 min.
Ekoizpena: OHM Productions eta Televisió de Catalunya. P.A.U. Education eta WWF España elkarteekin lankidetzan.