ELKARRIZKETA
Looking for the Wild
Meritxell, bidaidea eta proiektu hezitzaileen arkitektoa
Meritxell Margarit, haur eta gazte literaturan eta ingurumen, natura zein bidaia gaietan espezialista, Kataluniako kazetari eta idazlea da, eta eduki eta proiektu hezitzaileak sortzen egiten du lan.
Bizkaia Maitea: Meritxell, zeintzuk izan ziren zuen helburuak bidaia hartan?
Meritxell Margarit: Lehendabizi, beharrizan pertsonal gisa planteatu genuen bidaia, behar profesionaletik harago. Arlo horiek biek, Andoni eta nire kasuan, ezin dute bereizita egon. Andonik inoiz ez dio bidaiatzeari utzi. Nik lehen, Unai jaio aurretik, asko bidaiatzen nuen berarekin, urrunera, nahikoa muturreko baldintzetan; eta haur txiki batekin ezin genuen lehen bezala bidaiatzen jarraitu.
Berriro elkarrekin bidaiatzeko ideia planteatu genuenean, Amaia jaio zen. 2 urte zituela, amamarekin utzi genuen egun batzuk eta Andoni, Unai eta hirurok Alaskara joan ginen, aurora borealak ikustera. Artikoari buruzko proiektu bat osatzen ari ginen. Andonik 14 bidaia egin zituen hara. Eta Andoniren lanaren atzean dauden testuez eta proiektu hezitzaileez arduratzen nintzen ni.
Bidaia hori izan zen Unai eta Amaia jaio ondoren egin nuen lehendabizikoa. Etxera itzulita, berriro bidaiak egiteko beharra nuela adierazi nion Andoniri. Beti izan dugu hori buruan, guztiok elkarrekin, familiartean bidaiatzeko ideia. Bidaiatzeko bizi-behar horren baitan kokatzen da bidaiaren helburu profesionala. Horrela, Looking for the Wild hamabost hilabetez munduari bira egiteko proiektu gisa aurkezten da, kontinente bakoitzean, balio energetiko handiko habitatetan bizi diren animaliak jarraitu, aztertu eta, jakina, argazkitan jasotzeko. Xede genituen animalia guztiek gizakiarekiko harremana adierazgarria dute eta, arrazoi batek edo besteak eraginda, mehatxupean bizi dira.
Andonik eta biok asko egiten dugu lan elkarrekin, nork bere esparruan, eta nik Andoniren proposamenari lotuta eraikitzen dut neure proiektu hezitzailea; helburua da dibulgazio bera eskola eta familia esparruetan egitea, 20 urtez aldamenean izan dudan argitaletxe baten laguntzaz. Horrez gain, erreportajeak hitzartu eta adosten ditugu komunikabide ezberdinekin.
Ondoren, helmuga aukeratu beharra dago; hautatutako 7 animalia horien arabera, baldintza klimatologikoen arabera, urtaroaren arabera… Adingabeekin bidaiatzen bazara, beste kontu batzuk ere izan behar dituzu kontuan; batez ere politikoki egonkorra den leku bat behar duzu, izurrite larririk ez egotea, osasun-arreta jasotzeko bermea… Hau da, arriskuak onargarri eta kontrolatua izan behar du.
B.M.: Azken abentura honetan ezagutu duzuen jendea harkor agertu al da? Laguntzeko eta erraztasunak eskaintzeko prest?
M.M.: Bai, egia esan, jende asko ezagutu dugu bisitatu ditugun leku ezberdinetan, eta oso pertsona irekiak izan dira. Oso laguntza ona jaso dugu, zentzu guztietan: gizatasunean, familia arloan, lan arloan… Gainera, zure ekintza-ildo berean diharduten pertsonak bilatzeko joera izaten dugu, berez; ez dugu kontrako jendea bilatzen, baizik eta gure proiektuan interesa agertzen duten pertsonak, espezieen mehatxu-egoera ezagutzeko interesa dutenak. Beti errespetuan oinarrituta, animaliaren habitatean esku hartu gabe (edo horretan saiatzen), hari enbarazurik egin gabe eta bere kokapenaren berri eman gabe. Gurekin lan egin duen jendea horrelakoa izan da, eta gure lana egiteko beharrezko tresnak erraztu dizkigute, geu ere inplikatuta egon garela ikusi dutelako.