IRAUNKORTASUNA

Lankidetza-kontsumoa

Hobeto bizi, gutxiagorekin

Iturria: «Introducción al Consumo Colaborativo. Innovación en modelos socio-económicos». Albert Cañigueral

Esan daiteke lankidetza-kontsumoa banatu, partekatu, utzi, alokatu eta oparitzeko ohiko modua dela; hori bai, teknologia berrien eta komunitateen bitartez birdefinitu egin da.

Lankidetza-kontsumoa (LK), Lankidetza-ekonomia edo Irismen-ekonomia da betidanik lagunartean, familiartean, lankide zein auzokideekin egin izan duguna. Demagun asteburuan mendira joango garela, eta guztiok auto berean joango gara, aurrezteko; edo «utzidazu 100 euro, datorren astean itzuliko dizkizut», edo «pasa iezadazu haurren arropa» … Adibide horiek guztiak beti egin izan ditugu eskala txikian; gaur egun, ordea, teknologia eta sare sozialei esker, lehen imajina ezin zitekeen dimentsio eta eskala hartzen ari da ohitura hau.

Bigarren eskuko salerosketak, trukeak eta pertsonen artean kolaboratzeko moduak berriro deskubritzeak sistema ekonomiko berria piztu dute, non «eskuratzeko aukera jabetza bera baino hobea den» (Kevin Kelly). Zertarako erosi zulatzeko makina bat, bizi osoan 15 minutuz baino erabiliko ez badugu? Ohartzen al gara auto batek aparkatuta igarotzen duela balio-bizitzaren %90? Zertarako behar dut bizikleta bat, noizean behin baino erabiliko ez badut?

Edukien (argazki, musika, bideo, liburu) digitalizazioaren ondorioz, jendea konturatu da sarritan nahi izaten duguna ez dela diskoa bera, bertan grabatuta dagoen musika baizik. Online musika zerbitzuen bidez, adibidez, jendea konturatu da ez dela beharrezkoa abesti hori jabetzapean edukitzea, lauzpabost bider besterik entzungo ez baituzu ziurrenik. Behar duzunean eskura badezakezu, nahikoa da.

Gaur egun, herritarrak elkarri konektatzen ari dira, elkarrekin eta zuzenean kontsumitu, ikasi, bidaiatu, finantzatzeko, etab. Horrela, hiperkontsumoaren eta zaborrerako diseinuaren ideiak alde batera geratzen ari dira, non produktuak jabetza indibidualera, kontsumo azkarrera eta ezabatze errazera bideratuta dauden. Lankidetza-ekonomia hedatzen ari da eta, gaur egun, ia 24.000 milioi euroko negozio bolumena sortzen du mundu osoan, 3.500 milioi baino gehiagoko etekinekin. Aurreikuspenen arabera, etorkizunean 100.000 milioi euro inguru fakturatuko direla uste da.

Teknologia, komunitateak eta konfiantza

Teknologia ezinbesteko faktorea da baliabideen lokalizazioa hobetzeko, interes komunak dituzten pertsonen taldeekin (seme-alabak dituzten pertsonak, ibilbide bera egiten dutenak edo, besterik gabe, auzokideak) bat egiteko eta komunitateak eraikitzeko. Gainera, erabiltzaileen artean konfiantza maila bidezkoa sortzeko aukera ematen du, elkar ezagutzen ez duten pertsonek baliabide, espazio, denbora… partekatu ahal izan dezaten. Horrela, konfiantza horretatik sortzen da partekatzeak berekin dakarren eskuzabaltasuna.

«What ‘s Mine Is Yours: The Rise of Collaborative Consumption» Lankidetza-kontsumoari buruzko liburuaren egile diren Rachael Botsman eta Roo Rogers-en hitzetan, «Mundu globalean bizi gara orain, eta lehen aurrez aurre gertatzen ziren elkartrukeak imita ditzakegu, orain arte posible izan ezin zitezkeen eskala eta modu batean. Interneten eraginkortasunak, pertsona ezezagunen artean konfiantza sortzeko gaitasunarekin bat eginda, truke-merkatu eraginkorra sortu du ekoizle eta kontsumitzaileen, mailegatzaile eta mailegu hartzaileen zein auzokideen artean, bitartekarien beharrik izan gabe».

Hiru sistemak

Aipatutako liburu horretan eta harekin lotutako zenbait artikulutan, egileek hiru sistematan antolatzen dituzte Lankidetza-kontsumoaren adibide ugari:

Produktuan oinarritutako Sistemak. «Produktu bat erabiltzeko ordaintzea, berau eskuratu behar izan gabe», jabetza pribatu indibidualaren ereduan oinarritutako industria tradizionalei dakarkien arazoa barne (autoa partekatzea, lankidetza- turismoa edo P2P alokairua, bizikleta- mailegu zerbitzua … Sistema horiek guztiek gero eta pertsona gehiago erakartzen dituzte).

Birbanaketa-merkatuak. Erabili edo erositako ondasunak birbanatzea; behar ez diren lekutik behar izango diren leku edo pertsona bati igorrita (truke-merkatuak eta bigarren eskukoak). Merkatu batzuetan produktuak doakoak izan daitezke (Freecycle), eta beste batzuetan elkartrukatu (thredUp) edo saldu (eBay) egiten dira. Denboraren poderioz bosgarren kontzeptu gakoa izatera hel liteke Birbanaketa, Murriztu, Berrerabili, Birziklatu eta Konpondu hitzekin batera.

Lankidetzazko bizi-estiloak. Ondasun materialak ez dira partekatu edo elkartrukatu daitezkeen bakarrak. Antzeko interesak dituzten pertsonak elkartzen hasi dira hain ukigarriak ez diren ondasunak (hala nola, espazioa, gaitasunak eta dirua) partekatu eta elkartrukatzeko. Truke horiek tokian tokiko mailan egiten dira batez ere, auzoetan kasu, eta horietan lan egiteko espazioak (Citizen Space), ortuak (Landshare) edo aparkatzeko espazioak (ParkatmyHouse) partekatzen dira. Maila globalago batean, partikularren arteko maileguak ere burutzen dira (Lending Club), baita bidaiarientzako etxeen maileguak edo gela alokairuak ere (Airbnb).

Kontua ez da ezer ez erostea; guztia erosi behar ez izatea baizik. Hobeto bizi daiteke gutxiagorekin.

Lankidetza-kontsumoa: ideia aparta

Ikerketa formalak eta iritzi-artikuluak bat datoz LKaren onura nagusiak identifikatzerako orduan:

Nire esperientzia pertsonalean oinarrituta, dibertigarria da partekatzea eta ondo sentiarazten zaitu, horrela azaltzen da ondoen Lankidetza-kontsumoaren arrakasta.

Gauza bat argi dago: sistema honek dakarren aurrezpen ekonomikoa alde batera utzita, bizimodua honen oinarri nagusiak dira lankidetza-ekonomiaren komunitatea, pertsonen ahalduntzea (empowerment) eta iraunkortasuna. 

«HOBETO BIZI, GUTXIAGOREKIN» Albert Cañigueral

Herritarrak gero eta gehiago ohartu dira egungo eredu ekonomikoa kolokan dagoela; ondorioz, lankidetza- ekonomian oinarritutako bestelako formulak bilatu eta proposatzen dituzte.

Liburu honetan azaltzen da gehiago kontsumitzeak ez duela zertan hobeto bizitzea ekarri; zentzu horretan, eredu berri bat planteatzen da, non kontsumoa ongizatea lortzeko bide gisa ulertzen den, eta ez helburu gisa.

Lankidetza-ekonomian dihardutenek ekonomia berri horrek zenbait sektoretan (hala nola, mugikortasunean, turismoan eta finantzetan) dituen abantaila eta aukerak aztertzen dituzte, eta ekonomia eredu berri honek gure gizarteari eragin diezazkiokeen aldaketa sakonak iragartzen.

OUISHARE DA KOMUNITATE GLOBALA

Espainiako lankidetza-ekonomiaren eragile eta sustatzaile nagusietako bat da Albert Cañigueral. Consumo colaborativo.com webgune gomendatuaren sortzaile eta editore nagusi ere bada, baita OuiShare konektore ere, Bartzelonatik.

OuiShare komunitate global eta irekia da, ehunka enpresari, maker, diseinatzaile, ikerlari, ordezkari publiko eta lankidetza-ekonomia sustatzeko interesa duten beste herritar batzuk biltzen dituena. Irabazi asmorik gabeko erakunde hori 2012ko urtarrilean sortu zen Parisen, Facebook talde baten bilakaera gisa, eta lankidetza-proiektuen inguruko informazioa ikertu eta partekatzen du. OuiShare plataformaren bihotza Sarean dagoen arren, kideek, proiektua sortu zenetik, uste izan dute ezinbestekoa dela betiko sare sozialak ere sustatzea: pertsonen arteko topaketa, alegia.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.