BRIKOLAJE EKOLOGIKOA
Gure inguruko laborantza eta landareen erabilera berreskuratzea
Nekazaritza praktikoa iraunkortasunean oinarrituta
Testua eta argazkiak: Bizilore - Bakioko Ingurumen Garapenerako Emakume Taldea
Landa-eremua baserriko bizimodu eta kulturaren herentzia da. Tradizioan iraunkortasun-irizpideak izan ditu gidari, helburu nagusia bizirautea izanik. Artikulu honetan iraunkortasun irizpideetan oinarritutako hainbat aholku praktiko aurkituko ditugu, gure baratzeetan erraz aplikatzeko modukoak.
Askotan, landareak multzoka sailkatzen ditugu: Baratzean erabiltzen ditugunak, apaingarriak edo lorategikoak, basokoak eta abar. Egia da sailkapen horieomegak lagungarriak direla ezagutzen ditugun espezie guztiak ordenatzeko, baina egia da, era berean, multzoak gero eta nahasiago daudela, gero eta gehiago aprobetxatzen ditugulako aniztasunak eskatzen dituen abantailak eta horiek gure baratzeetan aplikatzen ditugulako.
Bizilore Elkartean hasiera-hasieratik berreskuratu nahi izan dugu gure gertuko landare batzuen laborantza eta erabilera. Izan ere, batzuetan ez ditugu behar beste baloratu, ezagutza faltagatik edo erabilera tradizionalak ahaztuta geratu direlako.
Calendularen adibidea jarriko dugu: oso landare eskuzabala da: urteko hainbat hilabetetan bere kolore bizia ematen digu, eta horretaz gain, etxean pomada bat egiteko osagai garrantzitsua da. Hori eta bestelako kontu batzuk ikusaraztea da, beste gauza batzuen artean, gure elkartearen xedea.
Getozka izeneko landarea gure baratzeko txokoren batean jartzen badugu, gure sukaldaritza-errezetei garraztasun ukitu berezi bat emateko aukera izango dugu, eta gainera, mineralak eta omega-3 ekarpen handia egingo digu. Horrelako detaile txikiak kultura iraunkor baten parte dira, eta berreskuratu nahiko genituzke.
Landareen eta beren erabileren zerrenda amaigabea da eta artikulu honen helburua ez da horiek guztiak xehetasunez azaltzea. Gutxi batzuk ekarri nahi ditugu gogora, izen arruntak aipatuz: Berbena, garraiska (melisa), nabar-lorea, salbia, zolda-belarra, asuna, tartikua, intsusa, mihilua, mota-belarra, azitraia, kaputxina, kosmos, pasmo-belarra, erromeroa, Santiago belarra, izpilikua (lavanda)…
Naturak oparitzen digunaz gozatzeko ekintza batzuk proposatu nahi dizkizuegu:
- Baratzeetarako onuragarriak diren intsektuak elikatu edo babesteko egokiak diren landareak jarri baratze edo soroetan, intsektu horien presentzia areagotzeko eta zuen landareen polinizazioa hobetzeko. Lore mota ezberdinak ematen dituzten landareak landatu: kosmos, tagetes, izpilikua (lavanda), ezkaia… Urteko espezie batzuk udaberriro erein daitezke eta beste iraunkor batzuk hainbat denboralditan mantenduko dira lorategi edo soroan. Gainera, beste pertsona batzuekin haziak eta landareen aldaxkak partekatu eta landare bakoitzarekin izandako esperientzien inguruan hitz egin dezakezue.
- Dibertsifikatu zuen errezeta gustukoenak zuek hazitako landareen bidez edo larreko landare arrunten bidez. Landare batzuk ezagunak egingo zaizkizue eta seguru aski dagoeneko erabilita izango dituzue. Beste batzuk oraindik deskubritzeke dauden sorpresa atseginak izango dira. Probatu kaputxina lorea eta bota petalo batzuk entsaladetan. Landatu albaka, tipulina edo martorria lorontzi batean eta erabili hosto fresko batzuk zure plater gustukoenei gehitzeko.
- Landareak edari bihur daitezke infusioak eginez, uda zein negurako. Ideia bat: garraiska (melisa), izpiliku (lavanda) eta arrosa petaloz egindako infusio bat, stevia pixka batekin gozatuta. Gogoratu beste pertsona batzuk ere gonbidatzeaz, ideiak partekatu eta elkarrekin ikasteko.
- Ia denok dakigu oso onuragarria dela soroko hondakinen konposta gure landareetarako erabiltzea, baina beste hainbat ideia daude gure soro eta lorategien oparotasuna mantendu eta hobetzeko. Animatu eta erabili zolda-belarra estaldurak egiteko, asun estraktuak, azeri-buztana eta abar landareak sendotzeko eta ongarri berdeen inguruan ikasteko.
Biziloren ez gara landare eta loreen landaketaren inguruko profesionalak, ez dugu lorezaintza eta nekazaritzari buruzko gidaliburu teknikorik idatzi... Landareak maite ditugu, beste barik. Haurtzarotik gure bizitzaren parte izan direlako maite ditugu, gure lehenengo usain eta koloreak izan direlako, gure inguruko paisaia osatzen dutelako… horregatik guztiagatik, ahaztutako ezagutzak aldarrikatu eta jakintza berriak sortu behar ditugu, Naturari merezi bezalako zainketak eman eta pertsonok bizirauten jarraitu ahal izateko.
BIZILORE, BOLUNTARIOTZA ETA LANDAREEKIKO MAITASUNA
Bizilore Elkartea Bakioko Marta Txori elkartearekin lotura zuten emakume batzuek sortu zuten. Txikitatik euren etxeko soro eta inguruetatik ezagutzen zituzten landare eta loreen inguruko ezagutzak partekatu eta zabaldu nahiak elkartu zituen.
Yves Rocher Fundazioak emandako «Emakumeen Lurra» sariaren hasierako laguntza ekonomikoa eta Bakioko Udalak lagatako lurra baliatuta, gaur egun Elkartearen lan-eremua dena sortu da: bazkideen jakintza eta era batera edo bestera laguntza ematera hurbiltzen den jendearen ezagutzak partekatzeko lekua.
Elkarteak 10 urtetik gora darama lanean eta tarte horretan hitzaldiak eta tailerrak egin ditugu, ikuspegi berdintsuak dituzten proiektuak bisitatu ditugu eta tokiko azoketan egon gara. Urtez urte haziak jaso eta lantzen ditugun espezieetako landareak banatu ditugu. Gure borondatezko lanaren bidez beste pertsona batzuek naturaren opariak ezagutzea nahi dugu. Gure leloa hauxe da: “Ezagutzen duenak, zaintzen du; zaintzen duenak maite du, eta maite duenak, babestu eta zabaltzen du”.
Gure inguru hurbilarekiko daukagun erantzukizuna ekintza txikien bidez gauzatzen da. Bizilore elkartearen oinarria landare eta loreak errespetuz haztea da, gero gure sukaldean, botikinean eta abar erabiltzeko.
Ingurumen iraunkortasunak konpromiso pertsonala eta gizarte-eragileen baterako lana eskatzen ditu, denon artean jakintzak bildu eta bizitza oinarri duten eremuak eraikitzeko.
Informazio gehiago:
Bizilore (Goitisoloalde Auzoa, 23 - Bakio). Landa-eremuan lan egiten dugu asteazkenero 10:00etatik 13:00etara eta larunbatetan (udaberri eta udan) 11:00etatik 13:30era.
facebook.com/Bizilore
@bizilore