LURRA IZENEKO PLANETAN

Biodibertsitatea, geologia eta historia

Burren (Irlanda)

Testua: Ibon Hormaeche. Argazkiak: Alberto Hurtado

Burren izeneko lekua («leku harritsua» euskaraz) Irlandan dago, Clare konderriko ipar-mendebaldean, eta paisaia karstiko bitxiko eremua da. Atal txiki bat parke nazional izendatu dute: Burren National Park.

Irlandako naturako leku erakargarri guztiak ez dira berdeak. Eskualde berezi hau uharteko erdi-mendebaldean dago eta Clare konderriko iparraldetik Galway hegoalderaino hedatzen da. Orain dela 340 milioi urte eratu zen, itsasoaren hondoan. Hango paisaia paregabearen ezaugarri nagusia 300 kilometro karratu hartzen dituzten kareharri geruzak dira eta, horrekin batera, errekatxo bihurgunetsuak, aintzirak eta haitzulo labirintikoak. Burren eskualdean hondakin historiko eta arkeologiko ugari daude, besteak beste 500 gotorleku baino gehiago eta 90 hilobi neolitiko. Irlandako berezko flora guztiaren % 80 harrizko itsaso horretan hazten da. Faunari dagokionez, hor bakarrik aurki daitezkeen espezie bakanak bizi dira uharteko bazter horretan.

Naturako altxor interesgarri hori herrialdeko paisaia harritsu bakarra da, eta Europako paisaia karstiko handienetako bat. Leku zoragarria da geologo eta botanikarientzat, baina baita arkeologoentzat ere, antzinako zibilizazioen aztarna garrantzitsuak aurkitu baitira bertan. Bi dira Burrengo paisaiaren ezaugarririk deigarrienak: eremu harritsuaren hedadura handia eta harrietako arrakaletan hazten diren landareen aniztasuna.

Burren National Park

Ezaugarri klimatologiko eta geologiko berezien ondorioz, lore artikoak, alpetarrak eta mediterraneoak batera hazten diren Lurreko leku bakarra da. 26 orkideo mota ere badaude. Gainera, Irlandako 33 tximeleta espezieetako 26 Burrenen erregistratuta daude, haien artean «Burren berdea» tximeleta autoktonoa.

Eremuaren atal txiki bat parke nazional izendatu dute: Burren National Park. Irlandako Errepublikan dauden sei parke nazionaletako bat da, txikiena (15 km², lurralde osoaren % 1 gutxi gorabehera). Burrengo hego-ekialdeko muturrean dago. Burren National Park bisitatzeko garairik onena uda da, landare gehienak urteko sasoi horretan loratzen baitira harri arrakalatuen artean. Natur ikuskizun harrigarria da, parkeko ekosisteman bizi diren landareen aniztasunagatik.

Parkea uharteko eremu babesturik garrantzitsuenetako bat da. Gobernuak erosi egin zuen natura babesteko asmoz eta bisitariei bertaratzeko aukera emateko. Geoparke Nazionalen Nazioarteko Sarea (Global Geoparks Network – GGN) osatzen duten 27 herrialdeetako 90 parke geologikoetako bat da. Sare horrek Geoparkeen Europako Sarearekin (European Geoparks Network- EGN) batera lan egiten du ondarea babesteko, ezagutarazteko, ingurumen hezkuntza sustatzeko eta eskualde garapen iraunkorra bultzatzeko, UNESCOren gidaritzapean eta babespean.

Geografia eta paisaiak

Fikziozko paisaia hori kareharriz osatuta dago. Grikes izeneko arrakalek kareharria pitzatzen dute, clints izeneko arroka bakartuak agerian utziz. Eskualde horretan landare artikoak, mediterraneoak eta alpetarrak hazten dira, arroketako mikroklimek elikatuta. Horregatik, eskualdeko turismo agintariek ikur gisa erabiltzen dute gentzianaren lore urdina. Bestetik, kare-lurrak euriko ura drainatzea eragozten du, eta horrela turloughs izeneko aintzirak agertzen dira noizean behin Burrengo larreetan.

Botanikari elkarteek ahaleginak egin dituzte eremu harritsu horretan hain biodibertsitate handia egotearen arrazoia zein den jakiteko, baina orain arte inork ez du erabateko azalpenik aurkitu.

Burrengo geologia

Burren izenak Irlandako gaelikozko boireann terminoa du jatorri, eta euskarazko itzulpena «leku harritsua» izan daiteke. Antzina, Burren oso eremu emankorra izan zen, baina iraganeko garai batean hor bizitzen jarri ziren gizakiek basorik gabe utzi zuten lurra.

Orain dela 360 milioi urte baino gehiago, Burren ozeano tropikal baten azpian zegoen. Geroago, mugimendu tektonikoen eraginez, gaur egun ikus dezakegun goi-ordoki ederra sortu zen. Izotz Aroan, berriz, buztin-harriak eratu ziren. Historiako garai batzuetan tundra nagusitu zen paisaian eta, ziur aski, zuhaitzak ere egon ziren. Aztarna guztien arabera, lehen biztanleek basoak moztu zituzten eta, horren ondorioz, lurzorua higatu egin zen. Mende askotako higaduraren eraginez oso paisaia berezia sortu zen: kareharri pitzatuak eta grikes izeneko arrakala sakonak, aintzirak, terrazetan desagertzen diren mendiak eta lurpeko haitzuloak. Haitzulorik ospetsuena Aillwee izenekoa da.

TRIKUHARRIAK ETA HILOBI MEGALITIKOAK

Burren parekorik ez daukan lekua da. Irlanda osoan, bertan dago milaka urteko harrizko hilobien kontzentraziorik handiena. Inguru horretan harri asko daudela kontuan izanik, hori ez da gauza bitxia. Eremu harritsuegia da, bizitzeko oso desegokia. Izan ere, kareharri higatuak oso ugariak direnez, gizakiarentzat oso zaila da hor bizitzea. Hala ere, giza bizitzaren aztarna asko aurki daitezke, orain dela 6.000 urtekoak gutxienez. Ospetsuena Poulnabron trikuharria da.

Gizakia Harri Aroan hasi zen hor bizitzen, eta horrek aztarna historiko eta arkeologiko ugari utzi ditu. Eremu osoan 90 hilobi megalitiko baino gehiago eta hainbat trikuharri daude, eta gurutze zeltak Kilfenora herrian. Gotorleku zirkular asko ere badaude, hala nola Cahercommaun o Caherconnell izenekoak. Azken hori ezin hobeto kontserbaturik dago.