GURE INGURUNEA

Euskal Herriko itsas ondarea berreskuratzen

Itxas egurra haizean

Testua: Jesús Serrano – Itxas Egurra Haizean Argazkiak: Itxas Egurra Haizean

Itxas Egurra Haizean itsasontzi tradizionaletarako zaletasuna duten pertsonen arteko lotura izan nahi duen elkarte bat da. Besteak beste, arlo hauek lantzen ditu: Euskal Herriko itsas ondarearen berreskurapena, nabigazio tradizionala, erriberako zurgintza eta Euskal Herriko nahiz beste herrialde batzuetako historia, ohiturak eta itsasontziak. Elkarteak Getxon du egoitza, baina kideak eta ontziak ditu beste herri batzuetan ere, hala nola Portugaleten, Santurtzin, Plentzian, Barrikan, Marurin, Zeberion…

Itxas Egurra Haizean kultur elkartea orain dela urte gutxi sortu zen, Getxon. Elkartearen helburu nagusia gure itsas ondarea babestea eta, bereziki, itsasontzi tradizional txikiak berreskuratzea da, horretan ari diren pertsonen ahaleginak bilduz.

Itsasontzigintzari dagokionez, gaur egun zurezko txalupak dira gure kostaldean geratzen den ondare ia bakarra. Izan ere, arrantza tradizionala apurka-apurka desagertzen joan den neurrian, berari lotutako ontziak eta kultura ere galdu egin dira. Txalupez gain, gasolino eta legatzontzi banaka batzuk ere ikus daitezke oraindik gure portu eta itsasadarretan, baina desagertzeko zorian daude.

Arrantzarako eta aisiarako erabilera

Mendez mende, zurezko txalupak gure itsasoaren ezaugarrietara moldatzen joan dira, haien anaia nagusiak bezalaxe. Hala ere, itsasontzi handiek baino gehiago iraun dute, arrantzarako nahiz aisiarako erabil daitezkeelako. Horregatik hain zuzen ere, gure inguruan horrelako ontzi gehienak itsasadarretan biltzen dira. Gaur egun, erriberako arotzek hirurogeita hamarreko urteetara arte egindako zurezko hogei arraun-ontzi inguru ikus daitezke Urdaibaiko itsasadarrean, Portuondo aldean amarraturik. Lekeition, ordea, bat ere ez dago, arrantzari dagokionez tradizio luzeko eta garrantzi handiko portua izan arren. Hala gertatzen da beste portu eta itsasadar batzuetan ere. Euskal Herrian geratzen zaizkigun zurezko txalupa gehienak Aturri ibaiaren eta Bilboko Abraren arteko itsasadarretan daude.

Eraikuntza-teknikak

Komenigarria da txalupa horien formek eta eraikuntza-teknikek denboran zehar izan duten bilakaera aztertzea. Mendeak igaro ahala, leku jakin batean baldintza meteorologiko eta geofisiko berberei behin eta berriro aurre egin behar izan dioten ontzien forma aldatzen joan da, saio eta hutsegiteen bidezko egokitze prozesu etengabe batean. Adituen arabera, ez oso aspaldi gure kostaldea astintzen zuten enbata gogorrak izan dira Euskal Herriko arrantza-flotan gertatutako aldaketa handien eragileak.

Era ez hain traumatiko batean baina mendez mendeko iraunkortasunarekin, gure txalupak gaur egun oraindik aztertu eta gozatu ahal dugun hori izatera iritsi dira, gure ontzien formak eta erriberako zurgintza gogoangarriaren eraikuntza-teknikak jasotzen dituen liburuko azken kapitulua.

Kontserbazioa eta erabilera

Itxas Egurra Haizean elkarteak oso helburu xumeak ditu: Euskal Herrian egindako zurezko txalupak kontserbatzea eta erabiltzea, ahalik eta kopururik handiena. Elkarteko hogei bat kidek desagertzeko zorian dauden horrelako ontziak aurkitzen laguntzen dute, bakoitzak ahal duen neurrian. Halaber, elkarteak zurezko ontzi horiek kontserbatzeko eta erabiltzeko interesa duten pertsonak bilatzen ditu, eta zaharberritzeko eta kontserbatzeko prozesuan metatutako esperientzia eskaintzen die, laguntza gisa. Elkartearen ustez, txalupa zahar bati gertatu ahal zaion gauzarik onena jabe berri bat aurkitzea da, zaharberritze prozesua burutzeaz gain ontzia harrotasunez zaindu, mantendu eta erabiliko duen pertsona bat alegia. Orain arte, hamabi txalupa eta batel inguru berreskuratu eta zaharberritu ditu.

Itxas Egurra Haizean elkarteak Bilboko Abran ditu bazkide gehienak, eta Algortako Portu Zaharrean egiten du lanik handiena. Izan ere, Portu Zaharreko txalupak portutik bertatik sortu zen Algortako auzo horren ikurra dira. Gaur egun, erakunde publikoek turismoari begira daukan garrantziagatik balioesten dute ondare hori, eta kultur arloa interesgarritzat jotzen dugunok aintzat hartzen dugu. Lehenago edo geroago, Algortako Portu Zaharrak gure itsasontzi tradizionalei eta haien inguruko ondareari buruzko zentro bat eduki behar du, kulturaren, hezkuntzaren nahiz turismoaren arloko jarduerak antolatuko dituena. Gure ustez, horrelako zentro batek honako elementu hauek uztartu beharko lituzke: pertsona batzuek gure historiaren atal horri dioten maitasuna, balio horiek gazteenen artean zabaltzeko lan pedagogikoa, eta turismoaren arloko proiektu guztiek administrazioetan pizten duten interesa. Zentro hori laster sortzea espero dugu.

ITSASONTZI TRADIZIONALAK BERRESKURATZEN

Itxas Egurra Haizean itsasontzi tradizionaletarako zaletasuna duten pertsonen arteko lotura izan nahi duen elkarte bat da. Besteak beste, arlo hauek lantzen ditu: Euskal Herriko itsas ondarearen berreskurapena, nabigazio tradizionala, erriberako zurgintza eta Euskal Herriko nahiz beste herrialde batzuetako historia, ohiturak eta itsasontziak. Elkarteak Getxon du egoitza, baina kideak eta ontziak ditu beste herri batzuetan ere, hala nola Portugaleten, Santurtzin, Plentzian, Barrikan, Marurin, Zeberion… Orain arte, hamabi txalupa eta batel inguru berreskuratu eta zaharberritu ditu.