GURE INGURUNEA

Landa inguruneko iraunkortasun sozioekonomikoa sustatzeko

Landa inguruneko emakumeen lan garrantzitsua

Trinidad L. Vicente

Euskal Autonomia Erkidegoan, 15.000 emakume baino gehiago aritzen dira lanean nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan. Hala ere, haien ekarpena ez da nabarmentzen, gizonek egiten duten lana soilik ikusi ohi baita. Gainera, aldi berean emakume, ama eta etxeko zaintzaile ere izateak haien ardurak areagotzen ditu eta, oraindik ere, etxeko eta etxetik kanpoko lanen banaketa desorekatuak generoagatiko diskriminazioa dakar.

Euskal Herriko landa inguruneak hartzen duen lurraldea txikia da, komunikazio azpiegitura trinkoa du eta oso industrializatuta dago. Hori guztia dela eta, hiri ingurunearen antz handia du, oso landa ingurune berezia da. Gure udalerrien % 51 landakoak dira eta lurralde eremuaren % 59 hartzen dute, baina biztanleriaren % 5 soilik bizi da bertan. Bestetik, landako biztanleen % 48 emakumeak dira (% 51 landakoa ez den ingurunean).

«Emakumeak landa ingurunean» ikerlanaren arabera –IKT 2011-, landa ingurunean bizi diren 45.000 emakumeek astean ia 63 ordu ematen dizkiote lanari, eta 12 ordu beren buruari (aisialdia). Gizonek, ordea, 56 ordu ematen dizkiote lanari eta 17 ordu beren buruari. Beraz, astean emakumeek beren denboraren % 81 erabiltzen dute lanerako, eta gizonek % 73. Horri dagokionez, lanaren kontzeptuan sartzen dira lan ordaindua, etxeko lana eta adingabeak nahiz mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzeko lana.

Ikusgai izatea eskatzen duen kolektibo bat

Emakumeek landa inguruneko garapenean eta ekonomian jokatzen duten papera ezkutatuta egon da beti, ez da ikusten. Badirudi gizonak izan direla garapen horren eragile bakarrak (emakumeak etxearen eta ugalketaren eremura baztertuta egon dira, plaza publikora irteteko aukerarik gabe). Hala ere, betidanik emakumeek garrantzi handiko lekua bete dute –eta gaur egun ere betetzen dute- gure landa inguruneko herrien eta ekonomiaren garapenean.

Arlo publikoari dagokionez, azken urteotan gora egin du lan ordaindua egiten duten landa inguruneko emakumeen kopuruak. IKTk egindako ikerlanaren arabera, gaur egun emakumeen % 54k eta gizonen % 64k egiten dute lan ordaindua (Espainiako estatuan aldea handiagoa da: % 49 eta % 72 hurrenez hurren, Ingurumen, Landa eta Itsas Ingurune Ministerioak emandako 2011ko datuen arabera).

Gainera, landa inguruneko ekonomia biziberritzeari dagokionez, emakumeak dira nagusi. Nekazaritzan eta abeltzaintzan joera aldaketa gertatu da azken urteotan: (1) 2004an Gaztenek programa sortu zen, «gure landa ingurunean gertatzen ari den zahartze joera alderantzikatzen saiatzeko formula gisa», eta programan izena eman duten 500 pertsonen % 42 emakumeak dira; eta (2) orain arte gure landa ingurunean emakume ekintzaileen kopurua gizonena baino txikiagoa izan da, baina 2007az geroztik emakumeek sustatutako proiektuek sendotasun maila handiagoa lortu dute (enpresa ekimen sendotuen % 52 emakumeei dagozkie, eta % 34 gizonei).

Kontuan hartu beharreko beste datu bat nekazaritzako ustiategien titulartasunari dagokiona da. Izan ere, «titularra» izateak sektoreko baliabideak eta onurak eskuratzeko aukera ematen du. Horri dagokionez, 10 urteko epean nekazaritzako ustiategien titularrak diren emakumeen kopurua % 27tik % 32ra igo da (Nekazaritza Errolda, 2009). Datu horrek bilakaera baikorra adierazten duen arren, bi sexuen presentzia orekatua urrun dago oraindik.

Horrek erakusten duen bezala, oraindik asko falta da Euskal Herriko landa ingurunean berdintasunezko iraunkortasun sozioekonomikoa lortzeko. IKTren ikerlanean jasotako hausnarketa hau gehitu ahal diogu horri: «nekazaritzako ustiategi batean lan egitea erabakitzen duten emakumeen % 44k etxetik kanpoko lanari denborarik ez ematea ere erabakitzen dute. Horren ondorioz, kasu askotan, etxeko lanak egiten ematen duten denbora gehitu behar zaie ustiategiko lan orduei. Hala gertatzen da diru sarrera gehienen jatorria jarduera hori duten ustiategietan, eta ez soilik autokontsumorako ekoizten duten ustiategietan».

LANDA XXI, LANDA INGURUKO EMAKUME ELKARTEA http://www.landa21.com/eu/

Landa XXI elkarteak bi helburu nagusi ditu: landa eremuko emakumeen aukera berdintasunaren alde lan egitea eta haien lanbide heziketa eta prestakuntza tekniko, sozial eta kulturala sustatzea. Elkartea 1999an sortu zen, Zornotzan du egoitza eta 1.000 emakume baserritar inguru biltzen ditu. Elkarteko kideek lan handia egiten dute emakumeak landa eremuan jokatzen duen paperaren garrantzia nabarmentzeko, aukera berdintasuna erdiesteko eta gazteak landa eremuan geratzea lortzeko.

Bere helburuak lortzeari begira, Landa XXI elkarteak asoziazionismoa sustatzen du emakume baserritarren eskubideak aldezteko bide gisa. Landa eremuko emakumeak gero eta prestatuago daude, eta elkarteak guztien bilgunea izan nahi du. Prestakuntzari dagokionez, 55 urtetik beherakoen artean ia emakume guztiek ikasketak dituzte. Guztira, ikasketarik gabekoak % 13 besterik ez dira (% 95 baino gehiago 55 urtetik gorakoak). Lehen mailako ikasketak soilik dituzten emakumeak % 40 dira (% 85 baino gehiago 40 urtetik gorakoak). Gazteen artean, 39 urtetik beherako emakumeen % 40 inguru unibertsitateko ikasketak egiten ari dira edo bukatuak dituzte. Azkenik, landa eremuko emakumeen % 1,5ek soilik egin dute nekazaritzako lanbide heziketa.