INGURUMEN OSASUNA

Legeak hobetu elikaduraren arloko segurtasuna handitzeko

Iraunkortasuna eta elikagai onak

ELIKA: Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa

Europako Batzordeak hainbat neurri hartu ditu nekazaritzako elikagaien kate osoan osasun eta segurtasun arauak behar bezala bete daitezen. Elikaduraren arloko segurtasuna funtsezkoa da kontsumitzaileen konfiantza lortzeko eta elikagai ekoizpenaren iraunkortasuna bermatzeko.

Elikaduraren arloko segurtasunaren definizioa testuinguruaren araberakoa da, ez dago definizio bakar bat. 1996an honako definizio hau adostu zen Elikadurari buruzko Nazioarteko Goi Bileran: «Elikadura segurtasuna dago baldin eta pertsona guztiek, une oro, behar beste elikagai kaltegabe eta nutritibo aukeratzeko eta eskuratzeko aukera fisiko, sozial eta ekonomikoa badute, elikaduraren arloko beharrizanak asetzeko eta bizimodu aktibo eta osasungarria eraman ahal izateko».

Elikaduraren arloko segurtasunaren definizio horrek bost osagai nagusi ditu:

1. Ekoizpenari dagokionez, behar beste elikagai egotea edo eskuragarri izatea.

2. Pertsona guztiek elikagaiak eskuratzeko aukera edukitzea, diru sarrerak, egoera soziala edo beste faktore batzuk gorabehera.

3. Erabilera edo aprobetxamendu biologikoa, oinarri hauen gainean: osasuna, nutrizio hezkuntza, elikagaien kaltegabetasuna, elikagaien prestaketa eta kontsumoa…

4. Egonkortasuna, elikagaien hornidura eta eskuragarritasuna etengabeak eta egonkorrak izango direla ziurtatzeko.

5. Elikaduraren arloko segurtasuna lortzera bideratutako programa eta proiektuen izaera instituzionala, sektore guztiak kontuan hartuko dituen ikuspegi integrala bermatzeko.

Herrialderik garatuenetan, kontzeptu hori elikagaien kaltegabetasunarekin lotzen da nagusiki. Hala ere, azken urteotan zentzu zabalagoa eta konplexuagoa hartzen ari da, herritarren pertzepzioan, konfiantzan eta itxaropenetan eragina duten beste esparru batzuk bilduz, hala nola animalien osasuna eta ongizatea, landareen osasuna, nutrizioa, ingurumenaren kutsadura, etiketatzea eta trazabilitatea, teknologia berriak, osagai berriak, elikagai berriak…

Europako erreforma berria

Europako Batzordeak hainbat neurri hartu ditu nekazaritzako elikagaien kate osoan osasun eta segurtasun arauak behar bezala bete daitezen, kontsumitzaileon konfiantza areagotzeko eta elikagai ekoizpenaren iraunkortasuna bermatzeko.

Neurri horiek 2016an sartuko dira indarrean. Osasuna babesteko asmoz, garrantzi handiagoa ematen diete arriskuei eta ikuspegi modernizatua eta sinplifikatua dute. Horrekin batera, kontrol tresna eraginkorragoak jasotzen dituzte, elika katean behar bezala aplikatuko direla bermatzeko.

Erreformak bostera murriztuko du legegintzako egintzen corpusa (gaur egungoak ia hirurogeita hamar jasotzen ditu). Halaber, prozesuen eta prozeduren burokrazia arinduko du nekazaritzan, abeltzaintzan eta elikagaien ekoizpenean, eraldaketan nahiz banaketan lan egiten dutenentzat.

Gainera, finantza marko bateratu bat sortuko da, arlo horretan aplikatzen diren tresna eta programa sektorialen funtzionamendua hobetzeko eta honako helburu hauekin: Europar Batasunak finantzatutako neurrien aplikazioa babestea, ekintzen errentagarritasuna ziurtatzea, eta Batasuneko kideak diren estatuei premiarik gabeko zama administratiboa kentzea.

Sendatzea baino, prebenitzea hobe

Animalien osasunari dagokionez, prebentzioaren printzipioan oinarritutako sistema bat planteatzen da, gaixotasunen detekzioa eta kontrola hobetzeko eta elikagaiek nahiz pentsuek osasunarentzat eta segurtasunarentzat ekar ditzaketen arriskuei era koordinatuan aurre egiteko. Bestetik, azkar erreakzionatzeko gaitasuna eman nahi zaie gure elika-katea babestu behar duten pertsonei (nekazariei eta albaitariei, besteak beste), gaixotasunen hedapena mugatzeko eta, horrela, abeltzaintzan eta kontsumoan duten eragina minimizatzeko.

Landareen osasunari dagokionez, merkataritzaren globalizazioaren eta klima aldaketaren ondorioz izurri espezie berriak gero eta ugariagoak direla kontuan izanik, honako hauek dira helburuak: merkataritzarik arriskutsuena zorrotzago kontrolatzea, beste herrialde batzuk jatorri dituena batez ere; barne merkatuan ereite materialaren trazabilitatea hobetzea; izurri espezie berriak garaiz antzematea eta desagerraraztea; eta kaltetutako ekoizleei diru konpentsazioak ematea. Kontuan izan behar da Europar Batasunean laboreen balioa urtean 205 bilioi euro ingurukoa dela.

KONTROL HANDIAGOA ETA HOBEA

Azkenaldi honetan, elikagaiekin loturiko hainbat eskandalu azaleratu dira (zaldi okelaren iruzurra, adibidez). Horrek oso argi erakutsi du, berriro ere, agintari eskudunek eraginkortasun handiagoz jardun behar dutela kontsumitzaileak edota operadoreak elikagaien ekoizpenaren kateko arauak hausteak sor ditzakeen arriskuetatik babesteko (baita arlo ekonomikoari dagokionez ere).

Europako arau berriek garrantzi handiagoa ematen diete arriskuei. Horrela, arlo garrantzitsuenetan beren baliabideak egokitzeko atea irekitzen zaie agintari eskudunei. Halaber, kate osora hedatzen den sistema iraunkor baten barruan, oraingo kuota sistema zabaldu egingo da, gaur egun dirua biltzen ez duten kateko sektoreei dagokienez kontrolen aplikazio eraginkorra finantzatzeko.

Landare ugalketako materialei dagokienez, azpimarratu beharra dago munduko hazi esportazioen balioaren % 60k EB duela jatorri. Horregatik, erreforman proposatzen diren kontrolen eta betekizunen hobekuntzak ere balio handia du, biodibertsitatea babesten eta haziak hobetzen lagunduko baitu, sistema osoa nekazaritza iraunkorrago baterantz bideratuz.