TXANGOAK

Atxuriagatik Gallartara

La Galdamesa bide berdea

Kulturaren nahiz naturaren aldetik balio handikoak diren hainbat ibilbide egin ditzakegu Bilbo Handitik hain hurbil dagoen Enkarterriko alderdi berezi hau ezagutzeko. Proposatzen dizuegun ibilbidea La Galdamesa meatzaritza-trenaren plataformatik doa. Antzinako plataforma hori zaharberritu egin dute eta gaur egun oinez zein bizikletaz ibiltzeko prestatuta dago.

Ibilbide hau Galdamesen hasten da, Atxuriaga parkean, eta Olabarrieta (Los Castaños) auzoan amaitzen da, handik 11,5 km-ra, Abanto Zierbena udalerrian. Hortik, beste 3 km egin daitezke, Gallartako Renfeko geltokiraino.

Ibilbideak La Galdamesa meatzaritza-trenaren plataforma du oinarri. Trena La Benedictaraino iristen zen (Sestaon), eta han deskargatzen zuten minerala. Ibilbide atsegina da, lasaia eta adin guztietarako egokia. Izan ere, ez du aldaparik eta oinez zein bizikletaz ibiltzeko prestatuta dago. Bidean natur balio handiko paisaiez gozatzeko aukera izango dugu, urkiak, haritzak eta sahatsak izango ditugu bidelagun, beste landare espezie askorekin batera, eta iraganeko meatzaritzaren aztarnak aurkituko ditugu (tunelak, garbitokiak, plano inklinatuak, deskargalekuak…).

Atxuriagako aisialdi eremua

Ibilbidea garai bateko Atxuriaga meatzari-auzoan dagoen aisialdi eremu horretan hasten da, Tardía eta Berango meatzeen hondakinak eta urmaela dauden lekuan. Oso eremu zabala hartzen du, aintzira handi baten ondoan. Haritz gorriaren, astigar zorrotzaren eta lizarraren ale ugari landatu dituzte inguru guztian. Parkearen alboan industrialde bat dago, La Galdamesa trenbidearen hasieran. Bertan Eztikidetzaren instalazioak daude. Enpresa horrek inguruko erlezain gehienak biltzen ditu eta eztitik deribatutako produktuak egiten ditu, merkaturatzeko.

La Galdamesa trena

Atxuriaga parkeko aparkalekua amaitzen den lekuan, antzinako meatze-trenbidearen trazatua den lurrezko pista batera eramango gaituen bide bat hartuko dugu. Garai batean, meatzaritzarako tren horrek Sestaoraino garraiatzen zuen Galdamesko meatzeetako

burdin mea, La Benedictako deskargalekuraino. Gaur egun, trenbidearen plataformaren zati asko lehengoratu eta oinez zein bizikletaz ibiltzeko egokitu dituzte, Bizkaiko Bizikleta Plan Nagusian horrelako trenbide-plataformak berritzeko jasotako programa zabalago baten barruan. Bilbao River Cantabrian Railway Company Limited enpresak egin zuen trenbidea, 1876an, eta bere garaiko luzeena izan zen (22,5 km). 1968an, erabiltzeari utzi zioten, eta 1972an kendu egin zuten.

Enkarterriko bide berdeen eta, zehazki, antzinako trenbide honen interpretazio zentroaren eta museoaren ondoan ibilbideko lehen tunela dago (Villegas). Tunel horretatik irtetean San Esteban eliza ikusiko dugu, El Moro haitzaren oinean. Aurrerago, bideak Malpeña tunelera eramango gaitu. Aurrekoa baino luzeagoa eta ilunagoa da, baina argiak ditu. Bertatik irten eta gutxira, antzinako meatze-trenbideko kargalekua ikusiko dugu. Minutu batzuk ibili ondoren, ibarbide sakon batera helduko gara. Trenbidearen trazatua  maldara egokitzen da hor, U bat eginez. Apur bat aurrerago, bidea Peñas Negrasko ibilbideetako batekin gurutzatzen da (kolore laranjako balizak ditu eta El Pobalerantz jaisten da).

El Pobal burdinola (XVI. mendea)

Nahi izanez gero, ibilbidearen zati osagarri hori ere egin dezakegu. Eukalipto eta pinu artean jaitsiko gara, El Pobaleko zubira iritsi arte. Zubia zeharkatu eta ezkerretarantz joango gara, El Pobal burdinolaraino.

1833an, ehun burdinola baino gehiago egon ziren Bizkaian, eta El Pobal deritzona oraindik lanean jarraitzen duen bakarra da. Gaur egun, Enkarterriko multzorik adierazgarrienetako bat da, eta bisitatu ahal da. Olaundia eta Olazarra izenez ere ezagutu zen. Muskiz udalerrian dago, Sorginleku deritzon tokian, Lamiozingoerrekaren ertzean. Inguru horretan zurzuriak («poboak») zeudelako jarri zioten izen hori.

«La Cadenilla» plano inklinatuaren oina

El Pobalerako bidea hartzeko aukera ematen zigun gurutzagunetik aurrera jarraituz, El Sobaco tunela zeharkatu eta Abanto Zierbenako El Once auzora iritsiko gara. La Galdamesa trenbideko 11. kilometroan dagoelako jarri zioten izen hori. Auzo horren alboan, Bizkaiko luzeena eta garrantzitsuena izan zen plano inklinatuaren mineral-kargalekuaren hondakinak ikus daitezke oraindik. Plano inklinatu horretatik, haraino eramaten zuten Galdamesko El Sauco auzoko meatzeetako burdin mea. 1866an egin zuten. Maceo iturrian hasten zen (Galdamesen), handik 3,7 km-ra, eta 454 metroko desnibela dago planoaren goialdearen eta behealdearen artean.

Meatzaritzaren Museoa

Ibilbidea Abanto Zierbenako Olabarrieta auzoan bukatzen da. Hor, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa bisitatu ahal dugu. Garai batean Gallartako udal-hiltegia egon zen eraikinean dago eta Meatzaritzaren Museoa Kultur Elkarteak egindako lan handiaren emaitza da. Elkartea 1986an sortu zen, Bizkaiko meatzaldeko oroimen historikoa gordetzeko eta bertako meatzaritza-ondarea zaintzeko eta ezagutarazteko.

Inguru horretan La Concha aire zabaleko meategi ikusgarria ere aurkituko dugu. Gaur egun kultura ondare izendatuta dago, eta Gallarta herrixka eremu horren gainean egon zen garai batean.

DISTANTZIA / DENBORA

Datu orokorrak: 14.000 m - 2:30 h (oinez) – 1:15 h inguru (bizikletaz)

Datu partzialak:

• Atxuriaga – El Pobalekiko lotura (trenbideko 4. km-a) 4.500 m / 60 min (oinez) – 20 min (bizikletaz).

• Trenbideko 4. km-a (El Pobalekiko lotura) – El Sobaco tunela 3.500 m / 50 min (oinez) – 17 min (bizikletaz).

• El Sobaco tunela – El Once 1.700 m / 25 min (oinez) – 8 min (bizikletaz)

• El Once – Olabarrieta 470 m / 7 min (oinez) – 3 min (bizikletaz)

• Olabarrieta – RENFEko geltokia (Gallarta) 3.850 m / 55 min (oinez) – 20 min (bizikletaz)

• Ibilbide osagarria (oinez bakarrik) Trenbideko 4. km-a – El Pobal 1.650 m / 25 min