EKIPAMENDUAK
Bengola, energia berriztagarrien parkea
Aitziber Amas
Bengola Lea Artibaiko energia berriztagarrien lehen interpretazio zentroa da, eta horrelako bakarra Bizkaian. Hiru solairuko eraikin batez eta 45.000 m2 berdegunez osatuta dago. Eraikina burdinola izan zen hasieran (XIV. mendekoa), eta geroago errota eta baserria. Eraikina eraitsi eta indusketa arkeologikoak egiten hasi zirenean, bi burdinolaren hondakinak aurkitu zituzten.
Sei urteko lanaren ondoren, ekipamendu berri hori bisitarientzat zabalik dago jadanik. Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoak 1,5 milioi euroko inbertsioa egin du, udalerriaz gaindiko diru laguntzen bidez nagusiki (diru laguntzen % 75 Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak eman ditu). Horrela, beste urrats bat egin du Munitibarren kokatutako instalazioak museo bihurtzeko proiektuan.

Bengolako Energia Berriztagarrien Parkean energia hidraulikoari, fotovoltaikoari nahiz eolikoari buruzko eta euri- uraren aprobetxamenduari buruzko muntaiak eta aparatuak daude, horrelako energia eta aprobetxamendu iraunkorrak ezagutarazteko eta herritarrak haien garrantziaz sentsibilizatzeko. Halaber, tailer bat, ikasgela didaktiko bat eta ikus- entzunezkoen areto bat daude. Eraikina erabat zaharberrituta dago, hiru solairukoa da eta 800 metro karratu ditu.
Parkea Oiz mendiaren magalean dago, Lea Ibilbidea hasten den lekutik gertu, Gerrikaitz auzoko gune historikoan, eta aisialdirako eremu bat dauka. Leku pribilegiatu batean kokatuta dago, kalitatezko landa ingurune batean, eta, horri esker, baserrietako ohiko jarduerak ezagutuz osa dezakegu Zentroaren proposamen didaktikoa.

GURE UDALERRIETAKO ALBISTEAK
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa / Elexalde, 1
48289 Gizaburuaga (Bizkaia)
Tel.: 946 842 982
E-mail: leaibarra@bizkaia.org
Web: www.leaibarra.com