INGURUMENAREN GESTIOA

Oñatiko Eroski Center, eredu berriko denda ekoeraginkorra

Ingurumenari dagokionez iraunkorrak diren merkataritza eraikinak

Gotzone Artabe (Eroski Taldeko Ingurumen zuzendaria)

Baliabide naturalen agorpenak eta ingurumen inpaktuek gero eta kezka handiagoa sortzen dute. Horregatik, natura eta habitata era orokorrean babesteko aurrerapausoak ematen hasiak gara, eta gure hiriak eta herriak garatzeko beste era bat bilatzen ari gara, eraikuntzari eta garraioari garrantzi berezia emanez.

Eraikuntza, garraioarekin eta elikadurarekin batera, ingurumen inpakturik handiena duen sektoreetako bat da, hala Europan nola Euskal Herrian.

Azken urteotan, etxegintzaren eta eraikuntzaren arloko araudia eguneratzen ari da, ingurumenari dagokionez eraikinak egokiagoak izan daitezen. Hauek dira bide horretan egiten ari diren urratsetako batzuk: eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzea eta kudeatzea; energia eskaria mugatzea; instalazioen errendimendua handitzea; kanpoko argiztapenean energia eraginkortasuna lortzea; energia berriztagarriak erabiltzea…

Hala ere, eraikuntzaren sektoreak arauek ezarritako baldintzak betetzetik harago joan behar du, eta gero eta garrantzi handiagoa eman behar dio ingurumen bikaintasuna lortzeari. Horri dagokionez, barneratu egin behar da erronka lorgarria dela eraikuntza prozesuan parte hartzen duten guztientzat: proiektugileentzat, sustatzaileentzat, erabiltzaileentzat…

Konpromisoen ildo horretan, Oñatiko Eroski Center aurkeztu nahi dizuegu, eredugarria baita merkataritzarako eraikuntza iraunkorraren arloan.

Konpromiso estrategiko korporatiboa

Oñatiko Zero Emisio Dendak oso argi erakusten du nola arindu ahal diren merkataritza jarduerek beren ingurunean eragin ditzaketen ondorioak, ingurumen inpaktua minimizatuz. Gainera, erronka horri aurre egiteko, Oñatiko supermerkatuak laguntzaile bihurtu ditu bere interes talde nagusiak: langileak, kontsumitzaileak, bezeroak eta hornitzaileak.

Ekimen hori Eroski Taldearen ingurumen politika estrategikoaren barnean kokatzen da. Zalantzarik gabe, Eroski Taldea erreferentea da Estatu osoan, garapen iraunkorraren alde hartu duen konpromiso sozial korporatiboagatik. Iraunkortasunaren aldeko apustu horretan, eta beste proiektu askoren artean, orain dela hamabi urtetik hona Eroski Taldea elkarlanean aritzen da Bizkaia Maitearekin eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera daraman Iraunkortasunean oinarritutako Hezkuntzarako Ekintza Egitasmoarekin. Gaur egun «Aktibatu+» ekimena garatzen ari da lankidetza horren baitan, Foru Aldundiak sustaturik. Aldizkariaren zenbaki honetan ekimen horri buruzko informazioa duzue.

Zero Emisio Denda

Oñatiko Eroski Center CO2 emisioen balantze neutroa daukan lehen supermerkatua da Estatu osoan. Hori 2008an IHOBErekin batera hasitako lanaren emaitza da. Lan ildo horretan kokatzen dira merkataritzarako eraikuntza iraunkorraren gida eta Energia Berriztagarrien Espainiako Zentroarekin batera egindako ikerlana. Eroskiren supermerkatu berrietan eta birgaituetan bere jardueren ingurumen inpaktua gutxitzeko egin litezkeen 200 jarduketa baino gehiago identifikatu dira.

Beste supermerkatu batzuetan egin diren egokitze lanetan hainbat neurri asmatu eta testatu dira, besteak beste energia kontsumoan % 65 aurreztea lortzeko. Oñatin eraiki berria den Eroski supermerkatuan neurri horietako gehienak aplikatu dira. Gainera, Estatu osoan eraikuntza iraunkorraren BREEAM (Building Research Establishment Environmental Assessment Methodology) ziurtagiria daukan lehen supermerkatua da, eta Europa osoan energia kudeaketaren ISO 50001 ziurtagiria lortu duen lehena.

Emaitza horiek lortzeko, hiru alderdi nagusi landu dira:

• Eraikuntza iraunkorra. Estalkian eta kanpoaldeko hormetan isolamendua erabili da galera termikoak eragozteko; ura aurrezteko sistema bat jarri da (sakagailu bikoitzak, egurasbideak txorrotetan eta pixatoki lehorrak); ahal den argi guztia biltzen duten eta estalkiko argizuloetan eta aurrealdeko fatxadako beiran haren difusioa optimizatzen duten leiar prismatikoak erabili dira… Gainera, bizikletentzako aparkaleku berde bat eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak daude.

• Energiaren erabilera adimentsua. Barrualdeko ekipamenduak hiru multzotan antolatu dira: Hotz-sistema (CO2 bidezko hotz-zentrala; ateak produktu hotzen muraletan eta estalkiak produktu izoztuen irletan, lurrunaren kontrako erresistentziekin eta eraginkortasun handiko haizagailuekin); Klimatizazioa (hotz-zentraletako hondar-beroa ura eta supermerkatuko korridoreak berotzeko baliatzen da); eta Argiztapena (azken belaunaldiko LED teknologia eta argia kontrolatzeko sistema automatikoa). Gainera, Monitorizazio sistema bat dago, abian jarritako neurrien eraginkortasuna neurtzeko. Halaber, energia berriztagarriko instalazio bat jarriko da laster, supermerkatuko energia eskariaren parte bat asetzeko.

• Hondakinen kudeaketa. Hondakinen kopurua gutxitzeko neurriak hartu dira (Elikagaien Bankuarekiko elkarlana, esaterako), eta sortzen direnen birziklapena eta balorizazioa sustatzen dira (hondakin organikoen % 100 berrerabiltzeko konpostaje proiektuak; pilak, bonbillak, mugikorrak eta fluoreszenteak jasotzeko guneak…). Gainera, erosketetarako orga guztiak % 100 birziklatutako materialez eginda daude.

INGURUMEN HEZKUNTZAKO DENDA LABORATEGIA

Oñatiko Eroski Center supermerkatua leku ezin egokiagoa da ingurumen hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduerak egiteko, iraunkortasunari dagokionez ekipamendu eredugarria baita. Hala, esaterako, supermerkatuko sarreran panel digital batek denbora errealean neurtzen ditu adierazle batzuk, eta denda ispilu bateko datuekin alderatzen ditu. Horrela, bezeroek energia aurrezpenari buruzko benetako datuak ikus ditzakete.

Hezkuntza laborategi gisa, Eroskik Oñatin daukan Zero Emisio Dendak bisita gidatuen programa bat dauka, eta bezeroei, hornitzaileei nahiz ikasleei zuzendutako prestakuntza saioak antolatzen ditu hilean behin. Saio horiek bi helburu nagusi dituzte: eraikuntza iraunkorra zer den ikastea eta iraunkortasunarekin nahiz ingurumena zaintzearekin zerikusia duten beste alderdi batzuetara hurbiltzea, praktikaren bidez.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.