INGURUMENAREN GESTIOA

Zarataren arloko Foru Ekintza Plana

Bizkaiko soinu estrategia

Eva Benito

Bizkaiko Foru Aldundiak, kutsadura akustikoaren eta soinu-paisaien kudeaketaren arloan dituen eskumenen barruan, Lurralde osoan aplikatu beharreko jarduketak zehaztu ditu «Bizkaiko Soinu Estrategia» delakoan, toki administrazioei laguntzeko asmoz.

Gizakiak komunikatzeko duen funtsezko modua da soinua, inguruarekin harremanetan izatea ahalbidetzen diguna eta bertan jazotzen diren gertaerei eta jarduerei buruzko informazioa ematen diguna. Egoera horretan, zaindu beharreko balioa izan daitezke soinuak.

Zarata, aldiz, soinu kutsagarritzat hartuta, giza jardueraren azpiproduktutzat jo daiteke:

• Soinu maila handia jasotzen duenak ez du beti soinu hori kutsadura akustiko gisa hautematen. Hala ere, Munduko Osasun Erakundeak berriki plazaratu dituen argitalpenetan agerian gelditu denez, zaratak eragin txarra du osasunean, gehienbat garraio azpiegiturek eta industri instalazioek eragindakoa.

• Herritarrok ez gara agente pasiboak, hartzaile gisa funtzionatzen dugu, baina agente aktibo gisa ere bai. Izan ere, gure bizitzako ohiturek gure inguruko soinu-giroan dute eragina.

• Lurralde kudeaketaren ereduarekin zuzenean lotutako kutsadura da, eta eragina du, besteak beste, honako hauetan: mugikortasuna, lurraren erabilera, osasuna eta bizi-kalitatea, espazio publikoa, jarduera ekonomikoak, aisialdia, etab.

Erronka da Bizkaiko Lurralde Historikoko kutsadura akustikoaren eta soinu-paisaien kudeaketa, Lurralde Historikoan elkarrekin baitaude biztanle dentsitate handiko eta industria ugariko eskualdeak, landa eremuak, natura-guneak, garraio azpiegitura handiak eta itsasbazterreko eremuak. Aniztasun horrek biderkatu egiten ditu Bizkaiko Lurralde Historikoak eskariei aurre egiteko dituen gaitasunak, baina erronka da dinamika ekonomikoaren eta mugikortasunaren kudeaketan, baita erabilera eta jarduera bakoitzak baliabideen eta kalitate-estandarren aldetik dituen eskakizunak betetzean ere.

Legegintza

Legegintzaren arloan, Zaratari buruzko 37/2007 Legea dugu Estatuan zarata kudeatzeko dinamika berria markatu duen mugarria. Giroko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002/49/2002 Europako Zuzentaraua gure ordenamendura ekartzeko helburuarekin onetsi zen, eta, gainera, kutsadura akustikoa prebenitu, zaindu eta murrizteko beste alderdi gehigarri batzuk garatu eta horiek giza osasunean, ondasunetan edo ingurumenean izan ditzaketen kalteak murrizten ditu.

Euskadiri dagokionez, kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua izan da gertaera nagusia. Dekretu horren ezaugarri berritzaileenetako bat honako hau da: hiriko bizitegi-lurzoruko jarduera berrietan aplikatu beharreko gutxieneko eskakizun akustikoak zehaztea, zarata alboko lokaletara transmititzen den kasuetarako.

Gainera, dekretuak aireko zarataren eta eraginen isolamendu-balio batzuk zehazten ditu, eta horien kontrola eta egiaztapena jardueraren proiektu fasean egon behar dira. Horrela, lege-eremua ematen zaie toki administrazioek eta Bizkaiko Foru Aldundiak kutsadura akustikoaren kudeaketaren arloan azken hamarkadetan egin duten lanari. Foru Aldundiko hainbat sail aritu dira horretan, baina batez ere Herri Lan eta Garraio Saila eta Ingurumen Saila.

Bizkairako Plan bat

Bizkaia 21 Egitasmoaren edo Garapen Iraunkorrerako Foru Estrategiaren baitan kokatzen den «Bizkaiko soinu kalitatea hobetzeko 2013-2017 estrategia»ren bidez, datozen urteetan Bizkaiko soinu-kalitatea hobetzeko garatu behar diren jarduketak zehaztu ditu Foru Aldundiak, hiru helburu argirekin: (1) Bizkaia soinu-bikaintasunerako lurralde bihurtzea, herritarrak eta administrazioak kontzientziatuz; (2) soinua Foru Aldundiaren politika guztiak baldintzatzen dituen aldagaia izatea; eta (3) Bizkaian kutsadura akustikoa kudeatzeko kultura komun bat eta «egiteko era» bat sortzea.

Besteak beste, honako neurri hauek jasotzen ditu planak, 6 jarduketa ildotan multzokatuta:

• foroak, lan-mahaiak… eta segimendu batzorde bat sortzea instituzioen arteko koordinazioa eta ezagutza sustatzeko.

• teknologia berriak erabiltzea datuak trukatzeko, kutsadura akustikoaren kudeaketarako euskarri gisa, toki administrazioei laguntzeko eta prozesu guztiei koherentzia emateko.

• gida teknikoak eta prozedurazkoak garatzea kutsadura akustikoaren alderdiak kudeatzeko eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioan integratzeko; eta Bizkaiko administrazioetako teknikarien eta beste profesional batzuen prestakuntza hobetzeko beste neurri batzuk.

• herritarren informazioa eta kontzientziazioa hobetzeko dibulgazio neurriak, kutsadura akustikoaren kudeaketa prozesuan integratzeko bide gisa.

• balio naturala edo kulturala duten soinu-paisaiak zaintzeko ekimenak garatzea (zarataren kontrako babes berezia behar duten natura-guneak eta jatorri naturaleko soinuen erreserbak identifikatzea, Bizkaian zaindu eta balioetsi beharreko soinuen inbentarioa egitea…).

• eremu sentikorrak kutsadura akustikotik babestea foru eskumeneko garraio azpiegituren inguruan eta horretarako teknikarik onenak bilatzea.

• foru eskumeneko garraio azpiegiturek sortzen duten kutsadura akustikoaren segimendua egitea, Bizkaiko Azpiegituren Soinua Aztertzeko Tresna garatuz eta eguneratuz.

KUTSADURA AKUSTIKOAREN KUDEAKETARI BURUZKO PLAN ESTRATEGIKOA

Bizkaiko Foru Aldundiak «Bizkaiko soinu kalitatea hobetzeko 2013-2017 estrategia» onetsi du. Agiri horretan Bizkaiko Foru Aldundiak garatuko dituen jarduketa zehatzak jasotzen dira, betiere kutsadura akustikoa kudeatzeko eta balio soinuak zaintzeko helburuarekin.

Bizkaiko Foru Aldundiak arlo honetan dituen eskumenen markoak berekin dakar aldundiaren zenbait sailek gai honi buruzko jarduketa zehatzak garatu beharra, bereziki Ingurumen Sailak eta Herri Lan eta Garraio Sailak, dimentsio akustikoa zeharkako izaera duen ingurumen aldagaia delako.

Planifikazio estrategiko hori Bizkaia 21 Programaren barruan txertatzen da, Lurralde Historikoaren eta haren udalerrien garapen iraunkorreko foru estrategiaren barruan, hain zuzen ere. Estrategia horren xedea da Lurralde Historikoko jarduketen eta politiken garapena koordinatzea eta sustatzea, Bizkaiko kalitate akustikoa hobetzeko, betiere Bizkaiko Foru Aldundiak dituen eskumenen markoan. Horrela bada, foru erakundea erreferentziazko agente bihurtuko da Bizkaiko bestelako administrazioei eta agenteei begira.

Bizkaiko Lurralde Historikoaren kutsadura akustikoa eta soinu paisaiak kudeatzeko zeregina erronka bat da, nahiko eremu txikian askotariko erabilerak eta jarduketak egon behar baitira. Izan ere, Lurralde Historikoan elkartzen eta biltzen dira biztanle eta industria aldetik oso trinkoak diren eremuak, landa guneak, natur eremuak, garraio azpiegitura handiak eta itsasertz zabala. Dibertsitate horrek Bizkaiko Lurralde Historikoak eskari desberdinei erantzuteko dituen gaitasunak biderkatzen ditu, baina erronka bat da dinamika ekonomikoa eta mugikortasunaren arlokoa kudeatzeko orduan, bai eta erabilera eta jarduera desberdin horietako bakoitzak behar dituen baliabideak eta kalitate estandarrak bermatzeko orduan ere.