ELKARRIZKETA

Gene berriak XXI. mendeko erronka zientifikoei aurre egiteko

Itsasoko sekretuen bila

Carlos M. Duarte

Carlos Duarte historiako itsas ikerketarik handiena egiten ari den Malaspina espedizioaren koordinatzaile zientifikoa eta Ikerlan Aurreratuen Institutu Mediterraneoko (IMEDEA, CSIC-UIB) ikertzailea da. Gainera, Amerikako Limnologia eta Ozeanografia Elkarteko lehendakaria eta Aldaketa Globalari buruzko Nazioarteko Ikerkuntza Laborategiko zuzendari zientifikoa izan da. Halaber, Europako Ikerketa Kontseiluko Batzorde Zientifikoko kidea eta Oceans Institute of the Univertsity of Western Australia institutuko zuzendaria da.

Bizkaia Maitea: «Malaspina» aurrekaririk gabeko itsas ikerketa baten izena da. Zein dira helburuak?

Carlos Duarte: Malaspina 2010 espedizioak errusiar panpina baten antzera antolatutako hainbat helburu zituen. Lehenik, gure jakintza handitzera bideratutako hiru helburu: (1) ozeanoko biodibertsitatea esploratzea, batez ere ozeano sakonekoa, planetako ekosistemarik handiena eta ezezagunena baita; (2) aldaketa globalak itsasoan duen inpaktua ebaluatzea; eta (3) Alejandro Malaspinak XVIII. mendearen bukaeran gidatutako espedizioak bisitatu zituen gizarteetan izandako eragina aztertzea. Helburu horien azpian izaera estrukturaleko beste batzuk daude: batetik, itsas zientzien arloan lankidetzaren kultura sustatzea, lehiaren kulturaren ordez, masa kritikoa eta nazioarteko lidergoa sortzeko; bestetik, gazteen artean bokazioa sustatzea eta gure gizartean zientziaren alderako interesa piztea.

BM: Nola doa ikerketa? Eta zein dira etorkizunerako aurreikuspenak?

C.D.: Plangintza egiteko eta laginak hartzeko fasea –zirkumnabigazioa- burututa, orain laginak eta datuak aztertzen ari gara, eta bukatuta dauden azterlanen emaitzak argitaratzeko lana aurreratzen. Dena ondo badoa, 2014an datu garrantzitsuak argitaratuko ditugu espedizioak ikertutako arlo guztietan. Baina hori bide luze baten hasiera besterik ez da izango. Hamarkada bat edo denbora gehiago beharko dugu emaitza guztiak azaltzeko.

BM: Zer baliabide eta laguntza dituzue eta nola eta noiz sortu zen proiektua? Etorkizuneko bideragarritasuna bermatuta dago gaur egungo krisi egoeran? Izan ere, CSICen aurrekontuaren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten albisteak irakurri ditugu hedabide batzuetan.

C.D.: I+G Plan Nazionalak 4,2 milioi euro jarri zituen proiektua finantzatzeko, eta ez dugu inolako murrizketarik izan. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak 350.000 euro gehitu zizkion kopuru horri, ozeanoko genomaren sekuentziazioa («Malaspinomics» programa) egiten hasteko, lan hori ez baitzegoen hasierako aurrekontuan jasota. Gainera, bagenituen ekarpen pribatuak (BBVA fundazioa) eta publikoak (CSCI, IEO, Euskal Herriko eta Granadako Unibertsitateak, AZTI fundazioa…), baina baten bat bertan behera geratu da. Zehazki, CSCIk ez digu eman 2011, 2012 eta 2013 urteetarako hitzartutako diru-laguntza, aurrekontu egoera zailean baitago. Horren ondorioz, zailtasun handiak sortzen ari zaizkigu. Gainera, funtsezko lanak egiten dituzten ikertzaile batzuek zail ikusten dute proiektuan jarraitzea, haien kontratuak bukatzear daudelako eta ez dagoelako berritzeko aukerarik. Halaber, doktorego kontratuak izugarri urritu direnez, oso ikasle gutxi etortzen dira beren tesiak egitera proiektuaren fase honetan. Une zaila da, eta proiektuaren etorkizuna arriskuan jartzen duen faktore nagusia I+Gren finantzaketaren murrizketa dramatikoa da.

BM: Zer paper jokatzen dute ozeanoetako amildegiek etorkizuneko jakintzari dagokionez? Zure ustez, hor egon daiteke gaur egun gure gizartea kezkatzen duten arazoetako askoren konponbidea?

C.D.: Ozeano sakonak gure planetaren azaleraren erdia hartzen du, eta garrantzi handiko baliabide ezagunak gordetzen ditu, baita ustekabe handiak ere. Baliabide ezagunen artean, mineral, gas eta hidrokarburoen hobi oparoak daude, eta haien ustiapena laster hasiko da (arduraz eta ingurumenari kalterik egin gabe ustiatuko direla espero dut). Baina baliabiderik garrantzitsuenak biologikoak dira, ozeano sakoneko dibertsitate genomiko izugarria hain zuzen ere. XXI. mende honetan, horrek interes industriala du, eta aplikazioak arlo askotan, hala nola elikaduran, energian, farmazian, medikuntzan, kosmetikan eta ingurumenean. Baliabide horien ustiapena orain dela 8 urte inguru hasi zen, baina dagoeneko 9 bilioi euro ematen ditu urtean, eta kopuru hori % 12 hazten da urtero.

BM: Itsasoko biodibertsitatearen zer ehuneko ezagutzen dugu gaur egun eta zenbat gehiago ezagutu ahalko dugu ikerketa burutzen duzuenean?

C.D.: Egindako kalkuluen arabera, itsasoko biodibertsitatearen % 10 soilik ezagutzen dugu. Gaur egun, 2.000 espezie berri inguru aurkitzen dira urtean. Erritmo horretan jarraituz gero, ia 500 urte beharko ditugu inbentario osoa egiteko. Genomikaren arloko teknika berriek aurkikuntzak azkarrago egiteko aukera emango digute, eta gure laginetan milaka espezie berri aurkitzea espero dugu. Hala ere, hor daudela jakingo dugu, baina, genomagatik soilik identifikatuko ditugunez, ez ditugu behatuko eta ezinezkoa izango zaigu haien ezaugarri guztiak aztertzea.

BM: Zein izan dira lehen aurkikuntzak eta noiz hasiko zarete emaitzak lortzen?

C.D.: Lehen emaitzak kontuan izanik, badirudi hamarnaka milioi gene eta hamarnaka mila espezie berri aurkituko ditugula, edo agian gehiago. Gainera, konturatzen ari gara ozeano sakona ez dela ekosistema ia bizigabea, uste zen bezala, baizik eta aktibitate biologiko oso handia duela.

BM: Lehen azaldu diguzunez, gaur egun ozeanoko baliabide ezagunetatik lortzen dena oso garrantzitsua da, eta oraindik ezagutzen ez dena are garrantzitsuagoa izango da. Nolako eragina dute horretan gaur egungo krisi egoerak eta aipatu dituzun aurrekontu arazoek? Ez litzateke logikoa izango pentsatzea irtenbidea, neurri handi batean, oinarri zientifikoa duten ikerkuntza eta garapen proiektuak aurrera eramatea izan daitekeela, Malaspina bezalako proiektuak hain zuzen ere?

C.D.: Zientzialari arduratsu gisa, uste dut zientzia ezin dela izan krisiaren irtenbidea, jende askok hori planteatzen duen arren. Zientzia ez da alde batetik dirua sartu eta beste aldetik enplegua, etekin ekonomikoak eta aberastasuna ateratzen den makina bat. Zientzia gizarte aurreratu bateko ekosistema baten parte bat da, baina Espainian ez daukagu ekosistema hori: gure gizarteak zientzia balioesten du, baina ez du ulertzen. Enpresaburuek, adibidez, ez diote garrantzirik ematen zientziari, eta batzuetan gutxietsi ere egiten dute. Zailtasunak agertu bezain laster, buruzagi politikoek bizkarra eman diote zientziari, duela 20 urteko egoerara itzularaziz, orain dela bi urte geneukan maila lortzea oso zaila izan zen arren.

BM: Planetako klimaren eboluzioari buruzko ondorioren bat atera daiteke orain arte itsasoan bildu dituzuen datuetatik? Arazo hori konpontzeari dagokionez, datu itxaropentsurik edo mezu baikorrik eman dezakezue?

C.D.: Datu gehienak kezkagarriak dira: kutsatzaile kopuru ikaragarri handia ozeano osoan, berotzea eta uraren azidotzea. Berriz ere, gauza positibo bakarra ozeano sakona izan daiteke. Kutsatzaileak degradatzeko gai diren gene asko aurkitu ditugu, espero genuen baino askoz gehiago. Gene horiek garrantzi handiko papera joka dezakete ingurumen teknologien belaunaldi berri batean.

BM: Bukatzeko, Bizkaia Maitearen irakurleentzat interesgarria izan daitekeen zerbait azpimarratu nahi duzu?

C.D.: Laster argitaratuko ditugun datuen arabera, ozeanoko arrain stocka orain arte uste zen baino askoz handiagoa da, 10 aldiz handiagoa gutxi gorabehera. Horren azalpena argia da: ozeano zabaleko arrain mesopelagikoen komunitateak oraindik ez du ustiapenik jasan.

ITSASOKO BIODIBERTSITATEA, ZIENTZIAREN MISTERIO HANDIA

Ozeanoetako amildegiak jakintzaren azken muga dira, zientziaren misteriorik handienetako bat. Misterio sakon hori argitu nahirik, orain dela hiru urte abian jarri zen Malaspina espedizioa, itsasoan historiako ikerketarik handiena egiteko asmoz. Itzultzean, espedizioak balio handiko altxorra ekarri zuen: 6.000 gigabyte datu inguru eta bidaian bildutako 120.000 lagin. Lagin horien artean, ozeanoko planktonaren genomikaren eta biodibertsitatearen lehen bilduma globala eta atmosferak garraiatutako organismoen lehen inbentario globala zeuden. Orain, ikertzaileak material hori guztia aztertzen ari dira eta gene berri asko aurkitzea espero dute. Gene horiei esker, hobeto ulertuko dugu ozeanoko biodibertsitatea eta energiaren, elikaduraren nahiz biomedikuntzaren arloan oso baliagarriak izango diren aplikazio bioteknologikoak garatu ahal izango dira. Orain, urte askotako lan gogorra egin beharko da laborategian, laginak aztertzen. Gero, egindako aurkikuntzak ezagutarazteari eta aplikatzeari ekingo zaio. Zalantzarik gabe, funtsezkoak izango dira gizartearen garapenerako.