IRAUNKORTASUNA

Eraikinen energia eraginkortasunaren ziurtapena

Eraikin iraunkorrak

Jaione Pagazaurtundua

2013tik aurrera, saltzen edo alokatzen diren etxebizitza guztiek energia eraginkortasunaren ziurtagiria eduki behar dute. Ziurtagirian CO2 igorpenen maila zehazten da, eraikinaren dimentsioekin alderatuta, A letratik G letraraino doan eskala batean.

Auto bat edo etxetresna elektriko bat erosteko orduan, oso ohikoa da zenbat kontsumitzen duen galdetzea. Higiezinen sektorean, ordea, ez da hori gertatzen, bezeroak etxe agentzietara joaten direnean oso gutxitan hitz egiten da horretaz. Egoera hori aldatu egingo da aurrerantzean, apirilaren 5ean 253/2013 Errege Dekretua onartu baitzen, Europako Parlamentuaren 2010/31/UE Zuzentaraua garatuz. Dekretuak Eraikinen Energia Iraunkortasunaren Ziurtapenerako Oinarrizko Prozedura finkatzen du. Horren ondorioz, orain arte eraikin iraunkorren ezaugarriei buruz geneukan ikusmoldea aldatu egingo da.

Energiaren eta klimaren arloan mundu zabalean dagoen egoerak energia eraginkortasuna nabarmenki areagotzera behartuko gaitu, eta etorkizuneko ikuspegiz begiratuko diogu joan den mendeko 70eko hamarkadako petrolio krisiari. Bestetik, ezin dugu ahaztu Espainiako estatuan guztizko energia kontsumoaren heren bat inguru hirugarren sektoreari dagokiola eta kopuru horren % 50 baino gehiago bulego eraikinek kontsumitzen dutela, honela banatuta: % 28 argiztapenean, % 30 hozte sistemetan eta % 28 berokuntzan.

Gaur egun, eraikinen energia eraginkortasuna kalkulatzeko sistemak eta eraikinaren bizi ziklo osoa simulatzeko prozedurak daude. Horren bidez, eraikina parametro zehatz batzuen arabera modelatu eta beharrezkoak diren ekipamenduak zehaztu ahal dira. Energia eraginkortasunari dagokionez eraikinek bete behar dituzten baldintza gehienak Eraikuntzako Kode Teknikoan jasota daude, eta ziurtapen prozeduren oinarria dira.

Energia eraginkortasunaren ziurtapena

2013ko ekainaren 1ean indarrean sartu zen 253/2013 Errege Dekretua (geroago, hainbat zuzenketa egin zitzaizkion birgaikuntza erreformatzeko lege proiektuan). Egun horretatik aurrera, energia eraginkortasunaren ziurtagiria eman behar zaie eraikin osoak edo eraikin zatiak erosi edo lau hilabeterako baino gehiagorako alokatzen dituzten pertsonei. Ziurtagirian CO2 igorpenen maila zehazten da, eraikinaren dimentsioekin alderatuta, A letratik G letraraino doan eskala batean. Horri esker, erosteko edo alokatzeko erabakia hartzerakoan energia eraginkortasuna baloratu eta alderatu ahal da.

Energia eraginkortasuna kalkulatzeko, erabilera eta okupazio baldintza normaletan urte guztietan kontsumitutako energia neurtzen da. Horretarako, kontuan hartzen dira eraikinetan erabili ohi diren zerbitzu guztiak, hala nola berokuntza, hozte sistema, aireztapena, ur beroa eta argiztapena, etxe barruko konfort termikoa, argitasun egokia, ur beroa eta kalitatezko airea bermatzeko.

Zehazki, adierazleak urtean igorritako CO2 kilogramoak jasotzen ditu, etxebizitzako metro karratuez zatituta. Urtean 6,8 kg/m2-tik beherako igorpen ratioa dutenei A letra ematen zaie (kalifikaziorik onena). Notarik txarrena (G) urtean 70,9 kg/m2-tik gorako igorpen ratioa duten higiezinei ematen zaie.

Higiezin bat saldu edo alokatu nahi duten pertsona guztiek ziurtagiria eskatzera behartuta daude. Horretarako, ziurtagiria egiteko akreditatuta dauden profesional tituludunengana jo behar dute. Legeak honako zigor hauek jasotzen ditu ezarritako ziurtapen eskakizunak betetzen ez dituztenentzat: 300 eta 600 euro bitarteko isunak arau hauste arinengatik, 601 eta 1.000 euro bitarteko isunak arau hauste larriengatik, eta 1.001 eta 6.000 euro bitarteko isunak arau hauste oso larriengatik.

BIRGAITZE ENERGETIKOA: BEHARRA ETA AUKERA

Eraikuntzaren sektorea berrantolatu egin behar da, gure ekonomiaren sektore dinamizatzaileetako bat izan dadin. Horretarako, energia eraginkortasuna hobetzea izan behar da ardatz nagusietako bat. Gogoan izan behar dugu Espainiako estatuan eraikinen % 17 soilik birgaitzen direla (beste herrialde batzuetan % 40).

Araudi egoki batekin, etxebizitzak birgaitzeari eta gaurkotzeari ekin behar zaio, lan egingarria, iraunkorra eta ekonomikoki bideragarria delako.

Bultzada berri horrek administrazioko maila guztien eta sektoreko gainerako eragileen arteko koordinazio handia eskatzen du. Horrela soilik lortu ahalko dira Estatuak 2050erako ezarritako helburuak: energetikoki birgaitutako 10 milioi etxebizitza edukitzea, berokuntzaren arloko kontsumoa % 82 gutxitzea eta etxeko ur berorako energia komertzialaren eskaria % 60 murriztea. Horrekin batera, EBrekin 2020rako hitzartutako tarteko helburuak ere erdietsi behar dira, hau da, energia kontsumoa eta emisioen kopurua murriztea.

Zalantzarik gabe, birgaitze energetikoak inbertsioak, hazkundea eta enplegua bultzatuko ditu. Izan ere, horretarako baldintza egokiak sortzen badira, bestelako negozio eredu bat definitu ahalko dugu eraikuntzaren sektorerako, birgaitzean oinarritua eta iraunkortasunaren arloan ditugun erronken araberakoa.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.