LURRA IZENEKO PLANETAN

Konpromisoak eta printzipioak, lanerako abiapuntua

Garapenerako lankidetza plan berria

Trinidad L. Vicente

1989an Finantzen Euskal Kontseiluak Elkartasun Fondoa sortu zuen. Orduz geroztik, Bizkaiko Foru Aldundia lan handia egiten ari da komunitate behartsuen bizi baldintzak hobetzeko, hainbat bitarteko erabiliz. Jauzi kualitatiboa 1999. urtean etorri zen, kudeaketa aurrekontuaren % 0,7 (III. eta IX. kapituluak izan ezik) garapenerako lankidetza proiektuetarako bideratzea erabaki baitzuen.

25 urtez garapenerako lankidetzaren arloan hainbat jarduketa eta programa bideratu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak munduko herririk pobretuenekiko elkartasun konpromisoari eusten dio, Hegoaldeko herrietako jende askok bizi duen muturreko pobrezia arintzen lagunduz.

Urtero, BFAk helburu hauetara bideratzen du lankidetzarako aurrekontua: (a) Bizkaiko GGKEk tokian tokiko eragileekin elkarlanean egiten dituzten proiektuei diru-laguntzak ematea; (b) egoera ekonomiko edo politiko bereziak dituzten herrialde edo nazioak ordezkatzen dituzten erakundeak Bizkaian mantentzea; eta (c) BFAren Lankidetza Programa hobeto garatzeko zerbitzuak eman ahal dituzten Bizkaiko erakundeekin hitzarmenak sinatzea.

2009an, BFAk Lankidetzarako I. Plan Zuzentzailea (2009-2011) onartu zuen. Plan hori Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio guztien arteko elkarlanaren emaitza izan zen, eta gizarte zibilaren parte hartzea ere izan zuen, bere elkarte eta erakundeen bidez. Horrela, babestutako ekintzen inpaktua hobetu zen eta koherentzia handiagoa eman zitzaien, tokiko garapenaren esparruan berdintasunaren alde lan eginez.

Arrazoi desberdinengatik, I. Plana burututakoan beste bi aldundiek berritzeko asmorik ez zutela adierazi zuten, baina BFAk aurrera jarraitzea erabaki zuen, emaitzak oso onak izan zirela ikusirik. Horrela sortu zen Bizkaiko Lankidetzaren II. Plan Zuzentzailea (2013-2015), aurretiko ebaluazio fasean GGKEn Koordinakundeak egindako ekarpenik garrantzitsuenak jasoz.

Gaur egungo Garapen Agenda

Azken urteotan Bizkaian lankidetzaren arloan egindako lanak hiru ardatz nagusi ditu: (1) Tokiko giza garapena (pertsonen premiak eta interesak jarduera guztien azken helburutzat jotzen dira); (2) Genero ikuspegia (emakumeen eta gizonen arteko harremanak aldatu egin behar dira, eta aldaketaren ardura ezin da emakumeena soilik izan); eta (3) Garapenerako hezkuntza (txirotasuna eta desberdintasuna dakartzaten bidegabekerien aurrean kontzientzia kritikoa sustatu behar da).

Hiru ardatz horiek era koordinatuan lantzen dira. Izan ere, azken biak lankidetza programen bidez lortu nahi den giza garapenerako ezinbesteko premisak dira. Aldizkari honetan bertan argitaratutako artikulu batean horri buruzko gogoeta egiten zen (2011ko neguko BM). Artikulu hori berriz irakur daiteke www.bizkaia21.net atarian, eta zenbaki honen bertsio digitalean erantsita doa.

Hiru ardatz horiek honela zehazturik daude Garapen Agendan:

1. Munduan mila milioitik gora pertsonak eta batez ere emakumeek jasaten dituzten muturreko pobrezia eta desnutrizioa gainditzea.

2. Desberdintasunak ezabatzea, agertzen diren eremua edozein izanda ere: gizonen eta emakumeen arteko harremanak, errentaren banaketa, kultura aniztasunaren defentsa, eta baita sexu identitateen errespetua ere.

3. Ingurumena zaintzea, horren beharra baitago bai ikuspuntu praktikotik, bizi garen ekosistemetan ingurumenaren hondamenak sortzen dituen ondorioengatik, eta bai kulturaren ikuspuntutik ere.

4. Nazioarteko arau berriak ezartzea, beharrezkoak baitira biztanlerik zaurgarrienen eskariak aintzat hartuko dituen globalizazio soziala sustatzeko.

5. Gaur egungo bidegabekeria eta pobrezia egoerari buruzko kontzientzia kritikoa eraikitzea, fenomeno horiek eragiten dituzten kausei aurre egiteko balioko duena.

6. Bakearen kultura eraikitzea, bakea ezinbestekoa baita pobrezia egoerei lotuta egon ohi diren bortxakeriaren eta giza eskubideen urratzeen esparruan.

Lan ildoen zehaztapena

Erronka horiei aurre egiteko, Planak askotariko eragileak ditu oinarri. Izan ere, hainbat arlotako esperientzia erabiliz, eragile horiek pobrezia eta desberdintasunak gainditzeko helburuaren zerbitzura jar ditzakete euren gaitasunak. Hala, BFAk uste du Bizkaiko lankidetzaren eragile izan daitezkeela garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak eta haien itunkideak, beraien esperientziagatik estrategikoak baitira. Haiekin batera, aintzat hartzen ditu garapenerako lankidetzan espezializaturik ez dauden gizarte zibileko beste jardule batzuk ere; Iparraldeko eta Hegoaldeko administrazio publikoak; Euskal Fondoa eta zuzeneko lankidetzaren arloko ekimenak garatzen dituzten beste udalerri sare edo elkarte batzuk eta Hegoaldeko erakunde kidekoak; nazioarteko erakunde publikoak eta Hegoaldeko estatuek nahiz estaturik gabeko herriek Bizkaian dituzten ordezkariak.

Xede horrekin, aurten Bizkaiko Foru Aldundiak 5,3 milioi euro bereizi ditu herritarren eskubideen eta garapenerako lankidetzaren arloko proiektuetarako. Eta honako tresna hauek ditu aurrekontu horren banaketari buruzko erabakiak hartzeko:

1. Laguntza humanitarioaren eta larrialdietarako laguntzaren deialdi iraunkorra, munduan gertatzen diren ezbehar natural eta gatazka armatu ugariek eragindako hondamendiei erantzuteko (gutxienez % 3).

2. Hegoaldeko herrietako toki garapenerako proiektuen deialdia (gutxienez % 60).

3. Sentsibilizazioaren, prestakuntzaren, eragin politikoaren, ikerketaren eta garapenerako hezkuntzaren arloetan Bizkaian gauzatzen diren proiektuetarako deialdia (gutxienez % 10).

4. Unean uneko ekimenen deialdia garapenerako lankidetzaren arloko eragile ezohikoentzat. Deialdi horren bidez, lankidetzan jarduteko aukera eman nahi zaie eragile gehiagori (gehienez % 5).

5. Genero ikuspegiari eta zuzentasunaren aldeko antolamendu aldaketari buruzko laguntza teknikoak kontratatzeko deialdia (gehienez % 6).

6. Plan Zuzentzailean aipatzen diren balizko lankidetza eragileetako edozeinekin zuzenean lankidetzan jardutea eta hitzarmenak egitea (gehienez % 10).

Jarraipen programa bana egin da tresna horietako bakoitzerako, amaierako balorazioa egiteko lagungarriak izango diren adierazle neurgarriekin.

GARAPENERAKO LANKIDETZA FORU PLANA

Lankidetzaren arloko eragileen arteko koordinazioa funtsezkoa eta beharrezkoa da helburuen eta baliabideen eraginkortasuna lortzeko. Horregatik, Planak «kalitatezko lankidetza deszentralizatua» aldezten du alde batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren 2012ko adierazpen instituzionala bere eginez, baina horrekin batera ordezkaritza eta parte hartze organo bateratuak (Erakunde arteko Batzordea eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua) indartu egin behar direla dio.

Horren helburua Lankidetzari buruzko Euskal Legean (2007) jasotako lankidetza ereduarekin kontsekuente izatea da. Honako hauek dira eredu horren ezaugarriak:

1. Errealitatea hobeto ezagutzea, zenbait herrialdetako historia gure gizarteko pertsonekin konpartituz, lankidetza eta elkartasuna estu-estu elkarri lotuz.

2. GGKEen bidez eta dirua irabazteko asmorik gabeko beste erakunde batzuen bidez (herritarren lankidetza eragileak, adibidez) gizarte zibilari protagonismoa emateko interesa.

3. Hegoaldean gizarte ekimenak sendotzea, parte hartze prozesuak oso kontuan hartuz eta, horrela, gizarte zibila sendotzea.

4. Garapenerako heziketaren aldeko apustua egitea, barne eta kanpo ezberdintasunak murriztu ahal izateko Iparraldean behar den gizarte eraldaketari heltzeko modu bat denez gero.

5. Hegoaldean tokiko administrazioetan trebeziak sortzea.

6. Ezberdintasunen kausa estrukturalen gaineko jarduketak sendotzea, genero ikuspegia, denontzako banakako eta taldeko eskubide guztiak eta iraunkortasun ekologikoa txertatzean egin diren aurrerapenei eutsiz.

Orain arte lan handia egin den arren, Planak aitortzen du askoz handiagoa dela aurrerantzean egin beharrekoa. Horregatik, ekintzarako estrategia instituzionala izateaz gain, herritarrentzako deialdia ere bada, Bizkaiko lankidetza erakundeei laguntzeko gogoa piztera bideratua.