BRIKOLAJE EKOLOGIKOA

Ingurumena zaintzeko 18 aplikazio

Apps berdeak

Alex Fernández Muerza (Eroski Consumer)

Telefono mugikor adimendunek eta tabletek komunikatzeko, informatzeko, jolasteko eta ondo pasatzeko balio dute. Horrez gain, eguneroko bizitzan ekologikoak izaten lagundu ahal diete kontsumitzaileei. Artikulu honek aplikazio «berde» onenetako batzuk aurkezten dizkigu.

Gaur egun, kontsumitzaileoi eguneroko bizitzan ekologikoagoak izaten lagunduko diguten hainbat aplikazio (app) instalatu ahal ditugu gure telefono mugikor adimendunetan eta tabletetan. Alex Fernandezek Eroski aldizkarian argitaratutako artikuluak aplikazio horietako batzuen berri ematen digu:

Era ekologikoagoan eta solidarioagoan jateko

1. Sasoian sasoiko elikagaiak: aplikazio honek elikagai bakoitza urteko zein sasoitan biltzen den azaltzen du. Horri esker, elikagai merkeagoak, freskoagoak, osasuntsuagoak eta ekologikoak lortu ahal ditugu. Googleren Android sistema eragilean eskuragarri.

2. AppliFish:

arraina era

iraunkorrean

kontsumitzeko informazioa. Itsasoko 550 arrain espezieri baino gehiagori buruzko datuak daude. iOS (Appleren iPhone, iPad edo iPod euskarrien sistema eragilea) eta Android sistemetarako. Seafood Watch aplikazioa antzekoa da, baina Estatu Batuetan arrain iraunkorra kontsumitzeko informazioa soilik ematen du.

3. GoodGuide: 170.000 produktu osasuntsu, ekologiko eta solidario baino gehiago gomendatzen ditu, eta non lor daitezkeen azaltzen du. Hala ere, oraingoz, bilaketak Estatu Batuetan soilik egin daitezke. iOS eta Android sistemetan eskuragarri.

Gure inguruneko kutsadurari buruzko informazioa jasotzeko

4. AIRNow: app honetan, Ingurumena Babesteko Estatu Batuetako Agentziak (EPA) tokian tokiko airearen kalitateari buruzko informazioa ematen du, denbora errealean eta semaforoak erabiliz (berdea, kalitate ona; horia, hala-holakoa; gorria, txarra). Android eta iOS sistemetan erabil daiteke. Gainera, EPAk ingurumenarekin zerikusia duten beste 230 app eskaintzen dizkigu bere web orrian, mota guztietakoak.

5. NoiseWatch: Europako Ingurumen Agentziak (EEA) garatutako aplikazio honek kutsadura akustikoa neurtzen du telefono mugikorrarekin. Dezibeliotan erregistratzen du zarata, telefonoko mikrofonoaren bidez, eta EPAren «Eye on Earth» izeneko ingurumen datu eta mapen web orrira bidaltzen du informazioa. iOS, Android eta Windows Phone (Microsoften sistema eragilea telefonoetarako).

6. Pollution: mundu osoko 1.380 hiritako kutsadurari buruzko datuak ematen ditu. Airearen kalitateari buruzko ingurumen arau nagusien inguruko informazioa ere ematen du. iOSrako bakarrik.

Klima aldaketaren aurka borrokatzeko

7. Air Emissions: berotegi efektuko gasen emisioak erregistratzen ditu, enpresa edo industria bakoitzak bere ingurumen inpaktua zein den jakin dezan. iOS eta Android sistemetan eskuragarri.

8. CarbonTrack: jarduerarik ohikoenen, hala nola autoz ibiltzearen edo elektrizitatea erabiltzearen, karbono aztarna kalkulatzen du, eta gutxitzeko aholkuak ematen ditu. iOSrako.

9. ecoFootprint: WWFren datuak erabiliz, app honek erabiltzaileen karbono aztarna kalkulatzen du. iOS eta Android sistemetan eskuragarri.

10. Piensa en clima: Ecodes fundazioak klima aldaketaren aurrean jokabiderik egokiena daukaten enpresen sailkapena eskaintzen du aplikazio honetan. Androiderako bakarrik.

Naturaz eta gure inguruneaz gehiago jakiteko

11. Atlas de Naturaleza: Naturatlas.com web orriko puntu interesgarri guztiak Google Maps gainean bistaratzeko eta errealitate handituan ikusteko aukera ematen du. Androiden eskuragarri.

12. Audubon Guides: Animaliei buruzko gidetan espezializatutako Audubon enpresak telefono mugikor ohikoenetarako eskaintzen ditu bere produktuak.

13. Fotopedia Wild Friends: ikusizko entziklopedia: «animalia basatiak, sekula ikusi ez dituzun bezala». iOSrako bakarrik.

14. iEnviroWatch: EEAren datuetan oinarrituta, aplikazio honek Europako eta erabiltzailea dagoen leku zehatzeko ingurumenaren egoerari buruzko informazioa ematen du. iOSrako bakarrik.

15. Project Noah: app honen bidez, tokian tokiko natura ezagutuko dugu eta, bide batez, ingurumena hobeto ezagutarazteko ikerketa proiektu hau bultzatuko dugu. iOS eta Android sistemetan eskuragarri.

16. WWF Together: WWF GKE kontserbazionistaren programa honek elefanteen, baleen eta bestelako animalia enblematikoen larruan sentitzeko esperientzia interaktibo bat proposatzen du. iOSrako.

Aholku ekologiko praktikoak jasotzeko

17. Go Green: aholku ekologikoak ematen ditu, esaldi laburretan. Androiderako bakarrik.

18. Green Tips: app honetan, EPAk gure eguneroko bizitzan ekologikoagoak izateko 150 aholku baino gehiago ematen ditu, mota guztietakoak. Android eta Windows Mobile.

BIZITZA BERDEA SMARTPHONEENTZAT

Ingurumena zaintzeari dagokionez, gailu elektronikoek ez daukate irudi onik, eta ospe txar hori ez da funsgabea. Izan ere, telefono mugikorren bateriek oso toxikoak diren elementuak dituzte, hala nola kadmioa, litioa eta hidruro metalikoa. Bateria bakar batek 600.000 litro ur kutsatu ahal ditu. Gainera, kopuru txikian gaixotasun neurologikoetan edo minbizian eragin handia duten beste metal toxiko batzuk ere badituzte (artsenikoa, antimonioa, berilioa, kadmioa, beruna, nikela eta zinka).

Mugikor baten osagaien % 90 baino gehiago berrerabilgarriak dira. Zehazki, % 58 plastikoa da, % 17 beira eta % 25 metalak (burdina, kobrea, zilarra eta, batzuetan, urrea). Egindako kalkuluen arabera, gaur egun 3.000 milioi mugikor inguru daude munduan. Mugikor horiek guztiak birziklatuko balira, 240.000 tona lehengai aurreztuko lirateke. Arlo horretan aurrerapenak egin badira ere, emaitzak oraindik ez dira esanguratsuak. Espainian, esaterako, gordeta edo matxuratuta dauden telefono mugikorren kopurua 25 eta 30 milioi artekoa da, baina, Eurekamovil enpresak emandako datuen arabera, 5etik 1 bakarrik birziklatzen da.

Horregatik, birziklapenaren kultura sustatzea funtsezkoa bada ere, ez da beharrezkoa smartphone baten bizitza baliagarria bukatu arte itxarotea ingurumenarekin konprometitutako erabilera bat emateko. Aplikazio «berde» ugariek natura era aktiboan babesteko aukera ematen digute.