LURRA IZENEKO PLANETAN
Kosta Jurasikoan, Gizadiaren Natur Ondare
Old Harry Rocks Haitzak
- Testua: Matxalen Apraiz
Argazkiak: Alberto Hurtado
Ingalaterra hegoaldeko itsasertzeko paisaiarik ikusgarrienetako batzuk Dorset konderriko portuaren inguruan daude, Jurassic Coast (Kosta Jurasikoa) deritzon eremuan. Beste gauza miragarri batzuen artean, haizeak eta olatuek etengabe jotzen dituzten harrizko zutabe sendo batzuk altxatzen dira bertan: Old Harry Rocks, klera zurizko haitz ikusgarriak.
Old Harry Rocks haitzak Handfast lurmuturrean daude, Dorset konderriko kostaldean, Ingalaterrako hegoaldean, Swanage herritik lau kilometro inguru ipar-mendebaldera. Mantxako kanalaren aurre-aurrean, Kosta Jurasikoa zeharkatzen duen ibilbidearen ekialdeko muturra dira. 2010ean, Unescok Gizadiaren Natur Ondare izendatu zuen Kosta Jurasikoa, bere geologia paregabeagatik. Gure planetaren historiako 185 milioi urte egin ahal dira oinez 150 kilometro besterik ez duen ibilbide batean.
Devon konderritik Dorset konderriraino hedatzen den kosta zati berdingabe hori munduko mirarien zerrenda ospetsuan dago, Arroila Handiarekin eta Arrezife Hesi Handiarekin batera, besteak beste. Ezaugarri natural paregabeak dituen inguru ezin ederragoa da. Luiziak, hondartzak, badiak eta itsaslabarrak aurkituko ditugu bertan. Paisaia etengabe aldatzen da eta oso leku ikusgarriak ditu, hala nola Old Harry Rocks, Hooken Landslide, Chesil Beach eta Durdle Door, besteak beste. Paisaia heterogeneo horretan mota askotako landareak eta animaliak daude, batez ere hegaztiak. Gainera, naturak berak milaka urtetan zehar eraiki dituen paisaia horiek balio zientifiko handia dute, Triasikoko, Jurasikoko eta Kretazeoko aztarna nabariak gordetzen dituztelako. Kosta Jurasikoko hainbat lekuk nazioarteko ospea lortu dute, bertan dauden fosilengatik. Gainera, aurkikuntza berriak egiten dira etengabe, hala nola fosilak eta oso ondo kontserbatutako dinosauro oinatzak.
Old Harry Rocks haitzak orain dela 65 milioi urte inguru eratu ziren, itsas higadura bere korrosio lana egiten hasi aurretik bertan pilatutako planktonetik eta bestelako mikroorganismoetatik. Gero, itsas higadurak itsaslabar ikusgarriak zizelkatu, hondartza ederrak modelatu eta harkaitz batzuk bakarturik utzi zituen, urez inguratuta. XVIII. mendeko elezahar baten arabera, deabruak (Old Harry) haitz horien gainean lo egiten zuen.
Baina hori ez da antzina-antzinatik gizakien irudimena piztu duen leku horren inguruko elezahar bakarra. Beste kondaira batek dioenez, Paye izeneko piratak eta Harry kontrabandistak beren altxorra ezkutatu zuten haitzetatik hurbil. Oraindik inork ez du aurkitu altxor hori.
Higadurak mehatxaturik
Eguzkitan distira egiten duten eta hegazti urtar nahiz migratzaile askoren habitata diren kareharrizko tontor zoragarri horiek higaduraren mehatxupean daude, batez ere haitzen behealdea. Itsaslabarrak arrokatsuak dira, kretazkoak, eta mendeetan zehar murrizten joan diren silex zerrendak dituzte. Horren eraginez, haitz zaharrenetako batzuk itsasora amildu dira, hala nola Old Harry´s Wife deritzona («Harry zaharraren emaztea»). Milaka urtez zutik iraun ondoren, harkaitz erraldoi horrek amore eman zuen azkenean, eta 1896an zarata handiz erori zen itsasora, garai hartako kronikek eta arrantzaleen testigantzek diotenez.
Geologo talde asko lanean aritu dira formazio zoragarri horiek salbatzeko, eta gaur egun haitzak zaintzeko eta higaduratik babesteko asmo sendoa dago. Gainera, geologoak zuzen badaude, higadurak kostalde hori zizelkatzen jarraituko du, eta datozen milurtekoetan haitz berriak eratuko ditu (Old Harryren «seme- alabak»). Beste haitz batzuk istmo estuen kolapsoaren eraginez eratzen joan dira.
STONEHENGE, ZIRKULU SAKRATUA
Old Harry Rocks haitzetatik 90 km inguru barrualderantz, Wiltshire konderrian, Avon ibaiaren ertzean, Erresuma Batuko beste altxor natural bat altxatzen da landazabaleko muino baten gainean: Stonehenge, mundu zabalean ikus dezakegun historiaurreko monumenturik garrantzitsuenetako bat, hura ere Gizadiaren Ondare izendatua. Monolitoak bat-batean agertzen dira zerumugan, eta ia ezinezkoa da haien aurrean mirespena eta beldur pixka bat ez sentitzea.
Multzo megalitiko ospetsu horrek 5.000 urte baino gehiago ditu. Harrien jatorria eta zirkulu ikusgarri horren xedea misterio handia dira oraindik. Teoria ugari daude, baina batek ere ez du misterioa argitu. Uste denez, erlijio-tenplu, hilobi-monumentu edo urtaroak iragartzeko behatoki astronomiko gisa erabiltzen zen.
Stonehenge harrizko bi zirkulu zentrokidez osatuta dago, eta lubaki sakona dauka inguru guztian. Eraikuntza lanek 1.600 urte iraun zutela uste da. Harriak ez dira guztiak berdinak. Astunenek 50 tonatik gorako pisua dute, eta 600 pertsona inguru beharko ziren harri bakoitza mugitzeko!
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.