GURE INGURUNEA

Bi urtez, ARRIGORRIAGA HLHI ikastetxeak Europako Comenius programan parte hartu du

Virtual reality, europako proiektu bat

Testua eta argazkiak: Marivi Suso, Arrigorriaga HLHI ikastetxeko ingeles irakaslea eta proiektuaren koordinatzailea

Comenius programaren bidez europar dimentsioa indartu nahi da Haur Hezkuntzan eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, hainbat herrialdetako ikastetxeen arteko elkarlana eta mugikortasuna sustatuz. Diru-laguntzak ematen ditu hezkuntzaren arloko jardunbiderik onenak lantzeko, sustatzeko eta hedatzeko, metodo eta material didaktiko berriak sortzeko eta irakasleentzako prestakuntza ikastaroak garatzeko, sustatzeko eta hedatzeko.

Virtual Reality proiektua 2012. urtearen hasieran abiatu zen. Europako zortzi ikastetxek egin genuen proiektu multilateral horretan parte hartzeko eskaera, baina lau soilik izan ginen onartuak: Scuola Media Carlo Perucci (Marzana), Verona, Italia; Szkola Podstawowa Abis «School 4 Abis Child», Łódź, Polonia; Orhangazy Secondary School, Kizilcahamam, Turkia; eta Arrigorriaga HLHI, Arrigorriaga, Euskal Herria (proiektuaren koordinatzailea). Azken bi ikasturte hauetan lau eskola horiek parte hartu dute proiektuan.

Mugikortasunak

Europako Comenius programak babestutako proiektu horren ezaugarri nagusietako bat hurrengo hilabeteetako jarduerak programatzeko egiten diren bisitak dira. Ordura arte egindako jarduerak aztertu eta partekatzen dira eta erabaki garrantzitsuak hartzen ditugu bisita horietan. Proiektuan parte hartzen duten beste ikastetxeen herrialdeetara mugitzen den edo bidaiatzen duen pertsona bakoitzari «mugikortasuna» esaten zaio.

Bi ikasturte hauetan sei bisita egin ditugu beste ikastetxe eta herrialdeetara. Egonaldiak lau egunekoak izaten dira, eta denbora horretan dagokion eskolara joaten gara, haren metodologia, baliabideak, ohiturak eta bestelakoak aztertzera. Arratsaldez tokian tokiko «turismoa» egiten dugu edo probintziako monumentu eta lekurik garrantzitsuenak bisitatzen ditugu.

Hala, mugikortasunetan parte hartu duten gure irakasle eta ikasleek honako leku hauek bisitatu dituzte: Ankarako Hacibajram meskita eta Aqua Vega akuarioa, Anatoliako Zibilizazioen Museoa, Veronako Arena anfiteatroa eta inauteriak, Łódź hiriko Zinearen Museoa eta Manufaktura zentroa, eta Varsoviako Koperniko Zientzia Museoa.

Beren aldetik, Europako ikastetxeetatik gure autonomia erkidegora etorri diren irakasle eta ikasleek honako leku hauek ezagutu dituzte: Bilboko Guggenheim museoa eta Alondegia, Portugaleteko Zubi Esekia, Pozalaguako haitzuloak eta Karpin Basa Faunaren Babes Zentroa (Karrantzan).

Proiektuan proposatutako helburuak lortzeari begira, bilerak egin ditugu ikasleekin, haien familiekin, irakasleekin eta tokian tokiko komunitateekin, mugikortasunen bidez, eta proiektuko jarduera guztietan parte hartu dute denek.

Bi urte hauetako jarduera eta lan guztiak ingelesez eta baliabide informatikoak nahiz ikus-entzunezkoak erabiliz egin ditugu.

Azken topaketa, 2014ko maiatzean

Bisita hori oso garrantzitsua izan da gure ikastetxearentzat, aldez aurretik lan handia egin behar izan genuelako bisita prestatzeko, ikastetxean bertan jarduerak antolatzeko eta turismo txangoak aukeratzeko.

Guztira 8 irakasle eta 15 ikasle etorri ziren. Irakasleek herriko hotel batean hartu zuten ostatu, eta ikasleek trukeetan parte hartu duten ikasleen familien etxeetan. Azken hori bereziki garrantzitsua da horrelako proiektuetan, ikasleen artean oso harreman interesgarriak sortzen direlako eta bisitatzen den tokiko ohiturak bertatik bertara ezagutzen direlako.

Gure geografiaren parte bat ezagutarazteko gure gonbidatuentzat antolatu behar genituen txangoen artean Karpin Basa Faunaren Babes Zentroa aukeratu genuen, beste leku batzuen artean. Oso erabaki egokia izan zen, Italiatik, Poloniatik eta Turkiatik etorri zitzaizkigun bisitariak oso pozik gelditu baitziren. Izan ere, Karpin animalien parke bat baino askoz gehiago da, haren helburua basa animalia sendaezinak babestea eta bisitariak kontzientziatzea baita.

Bukatu aurretik, proiektu/esperientzia ahaztezin honen hiru alderdi nagusiak nabarmendu nahi ditut:

a. Irakasleek ikasi egiten dute beste hezkuntza sistema batzuekiko harremanen bidez.

b. Ikasleek beste kultura eta bizimodu batzuk ezagutzen dituzte.

c. Familiek zuzenean parte hartzen dute esperientzian, beste ikastetxeetako ikasleak etxean hartuz, eta erantzun ezin hobea eman dute beti.

«GOOD CITIZENS»

Virtual Reality proiektuaren barruan gauzatu den eta Arrigorriagako ikastetxeko ikasleen artean garrantzi berezia izan duen jarduera bat «Good citizens» (Herritar onak) izan da. Gainerako jarduera guztietan bezala, lehenik eta behin hausnarketa egin zen, kasu honetan birziklatzearen inguruan eta 4 R deritzon kontzeptua oinarritzat harturik (Reuse, Recycle, Reduce and Recover). Horretarako, ikasleek aztertu zuten gure inguruan zein neurritan zaintzen den ingurumena, berrerabiltzen, birziklatzen, produktu batzuen kontsumoa murrizten eta lehengai gisa erabiltzen diren materialak berreskuratzen. Gero, eguneroko bizitzan planeta hau zaintzeko herritar on gisa zer egin dezaketen zehaztu zuten.

Beti bezala, eta argazki nahiz testuen bidez, egindako lana islatzen zuen aurkezpen bat sortu zuten (ikasleak energia aurrezten, edukiontzi desberdinak erabiltzen, garraio publikoa edo bizikleta erabiltzen…).

Azkenik, topaketa bat egin zen Poloniako Łódź hirian, lau herrialdeek egindako lanak partekatzeko eta Europako herritarrek nahiz erakundeek zeregin komun horretan duten inplikazioa aztertzeko.