INGURUMEN OSASUNA

Komunitatearen osasuna hobetzeko sare lokalak

Osasunsarea Gernika

Maria Jose Astillero. Osasun Publikoko teknikaria. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila

Osasunaren sustapena jendeak egiten du eta jendearekin egiten da, inposatu gabe eta eskura eman gabe. Pertsonen ekimen gaitasuna eta talde nahiz komunitateek osasunaren faktore determinatzaileetan eragiteko duten ahalmena handitzen ditu (Jakartako Adierazpena, XXI. mendeko Osasun Sustapenari buruzkoa).

Osasuna oinarrizko giza eskubidea da, garapen sozial eta ekonomikorako ezinbestekoa. Baina zer da OSASUNA? Nola ulertzen dugu? Osasuna gaixotasunik ez edukitzea baino askoz ere kontzeptu zabalagoa dela barneratu behar dugu. Munduko Osasun Erakundeak emandako definizioaren arabera, osasuna ongizate fisiko, mental eta sozial erabatekoa da, eta ez soilik gaixotasunik eza.

Oso ugariak dira pertsonen osasunean eragina duten faktoreak. Norberaren genetikak eta gorputzak oso eragin mugatua dute osasunean (%15 inguru besterik ez); osasunarekin oso lotura estua duten beste faktore asko daude: ingurunea, bizimodua, gizartearen antolakuntza… Hau da, pertsonak jaio, hazi, bizi, lan egin eta zahartzen diren baldintzek eragin erabakigarria dute haien osasunean, osasun zerbitzuek izan dezaketena baino askoz ere handiagoa. Halaber, baldintza horiek indar ekonomikoek, sozialek, arautzaileek eta politikoek sortzen dituzte. Osasun egoera baldintzatzen dituzten faktore eta ezaugarri horiei osasunaren gizarte determinatzaileak esaten zaie (1. Irudia).

Horregatik, osasuna hobetzeko ekimenak ezin dira isolatuak izan, eta osasun sektorearen mugak gaindituko dituen ikuspegi batetik bideratu behar dira. «Osasuna Politika Guztietan» esaten zaio estrategia horri. Lankidetza horizontalean oinarritutako estrategia bat da, eta haren helburua biztanleriaren osasuna hobetzen laguntzea eta osasunaren arloko desberdintasunak gutxitzea da, osasunaren determinatzaileen arloan lan eginez. Sektore guztien artean eta eragile berriekin jardutea eskatzen du horrek, herritarren parte-hartzeari garrantzi berezia emanez.

Toki-mailako osasuna

Zergatik da garrantzitsua osasunaren toki-mailako ikuspegia lantzea? Komunitatea toki jakin batean bizi delako eta hortxe jarduten duelako. Herritarrek eremu zehatzetan egiten dituzte jarduera sozial eta produktiboak, eta sektore desberdinak barnebilduz osasuna sustatzera bideratutako ekimenak eraginkorragoak dira eremu horietan. Gainera, badakigu herritarren osasuna hobetzeko ez dela aski norbanakoen jokabideetan eragitea (tabakoa, elikadura, sedentarismoa…) eta beste arlo batzuetan ere eragin behar dugula: ingurunean, tokian tokiko politiketan, kohesio sozialean, zerbitzuen eskuragarritasunean…

Hala, 2011. urtearen bukaeran, Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendariordetzatik eta Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Barrualdeko Eskualdetik «Osasun-Eremua» proiektua bultzatu genuen, honako helburu honekin: bizimodu osasungarriagoa eramaten lagunduko duten planak sustatzea toki-mailan, herritarrek beren osasunaren kudeaketan parte hartzea ezinbesteko baldintzatzat hartuz.

Plan horiek aurrera eramateko, osasun sare lokalak behar dira: OSASUNSAREA. Izan ere, sarean lan eginez gero, tokian tokiko eragileen arteko sinergiak sortzen dira eta baliabideak hobeto aprobetxatzen dira. Halaber, arazoak eragile desberdinen ikuspegitik aztertzen baditugu, diagnostiko hobea egingo dugu eta irtenbideak hobeak eta eraginkorragoak izango dira.

Osasunsarea Gernika

2013ko martxoan, osasun sare bat sortzeko proiektua aurkeztu zitzaien Gernikako herritarrei, eta oso harrera ona egin zioten. Horrela sortu zen OSASUNSAREA GERNIKA, eragile hauek guztiak barnebiltzen dituen sarea: ikastetxeak, guraso elkarteak, Berritzegunea, erretiratuen elkartea, kultura elkarteak, emakume elkartea, kirol patronatua, alkoholiko anonimoak, gizarte zerbitzuak eta prebentzio komunitarioaren arlokoak, udala, Osakidetza… Sareak talde sustatzaile bat dauka, udaleko, osasun zentroko, zerbitzu sozialetako eta osasun publikoko teknikariek osatua, eta haren helburua herrian osasuna sustatuko duten esku-hartzeak garatzeko sinergiak sortzea da.

Hasieran, honako jarduera hauek egin ziren:

OSASUNSAREAko kideei eskualdeko osasun diagnostikoa aurkeztu zitzaien. (Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendariordetzako Epidemiologia Zerbitzuak egin zuen diagnostikoa).

Osasunaren arloko beharrak eta arazorik kezkagarrienak identifikatu ziren, herritarrei zuzendutako inkesta baten bidez eta sareko kideekin lan saioak eginez.

Udalerriko osasun baliabide/aktiboen katalogoa egin zen, herritarren laguntzarekin.

Horrela, Gernikako biztanleen osasun arazoak zeintzuk diren jakin genuen, herritarrek ikusten dituzten arazoak edo beharrak identifikatu genituen, eta udalerrian garatzen ari ziren baliabideak eta jarduerak bildu genituen.

Informazio hori aztertu ondoren, lehentasunezko bi jarduera eremu ezarri ziren: «Elikadura eta ariketa fisikoa haurtzaroan» eta «Zahartze aktiboa». Bi eremu horiek mahai espezifiko banatan landu dira.

Orain, bi eremu horietako esku-hartze komunitarioak diseinatu eta abian jarri behar ditugu guztion artean.

OSASUN SARE LOKALAK ETA OSASUNAREN ARLOKO EKITATEA

2013-2020rako Osasun Planak datozen zortzi urteetan Euskadin garatuko diren osasun politikak ezartzen ditu, eta osasun sare lokalak plan horretan kokatuta daude. Osasunaren gizarte determinatzaileen eredua hartzen du esparru kontzeptual gisa, eta osasun maila hobetzeko nahiz osasunaren arloko ekitatea areagotzeko (hau da, osasun desberdintasunak murrizteko) beharrezkoak diren helburuak eta estrategiak jasotzen ditu.

Oro har, osasunaren arloko desberdintasunak oso handiak dira hirietan, eta ebidentzia zientifikoak argi eta garbi erakusten du hirietako auzo eta eremu behartsuetan bizi diren pertsonek osasun txarragoa dutela. Hiriei dagokienez, osasun desberdintasunen determinatzaileek honako alderdi hauek biltzen dituzte: hiriko gobernantza, testuinguru fisikoa, testuinguru sozioekonomikoa eta inguruneak. Alderdi horiek osasunean duten eragina desberdintasun ardatzen arabera alda daiteke. Honako hauek dira desberdintasun ardatzak: klase soziala, generoa, adina, etnia eta migrazio estatusa (Borrell C. et al. Las desigualdades en salud a nivel urbano y las medidas efectivas para reducirlas. Bartzelona: Medea eta IneqCities proiektuak; 2012).

BIODIBERTSITATE HANDIKO BASOA

Munain-Okarizko ehun urtetik gorako haritzek biodibertsitate handiko natur ingurunea garatu eta babestu dute. Hala, esaterako, beren bakantasunagatik oso interesgarriak diren espezie asko hazi dira bertan.

Besteak beste, 103 kakalardo-espezie aurkitu dira: haietako bi (Lucanus cervus eta Rosalia alpina) lehentasunezkotzat jasota daude Europako Habitat zuzentarauan; 92 goroldio- espezie eta 19 iratze-espezie katalogatu dira; haietako asko interes handikoak dira eta 6 arriskuan daude. Gainera, 109 liken-barietate zenbatu dira, batzuk oso esklusiboak, eta 225 onddo-espezie daude, haietako batzuk oso bakanak eta galzorian dauden Europako espezieen zerrenda gorrian jasoak (hala nola Entoloma bloxamii eta Lyophyllum favrei).

Bestetik, hainbat ugaztun ikusi edo haien aztarnak aurkitu dira. Lepazuria, azkonarra, katajineta, azeria, erbi europarra, basurdea eta orkatza dira ugaztun horietako batzuk. Halaber, 107 hegazti-espezie bizi dira basoan.