TXANGOAK

Munain–Okariz (Araba)

Ehun urtetik gorako haritzen ibilbidea

Agurain herritik hurbil, Entzia mendilerroaren hegalean, Munain-Okarizko hariztia aurkituko dugu. Baso horretako haritzak oso zaharrak dira -gehienek bostehun urte baino gehiago dituzte-, eta biodibertsitate handiko natur eremu bat iraunarazten lagundu dute. Bakanak direlako oso interesgarriak diren espezie asko daude. Ibilbide egokitu batek harizti paregabe horretan barrena eramango gaitu.

Mende askotan zehar, abeltzaintza eta basogintza izan dira paisaia horietako jarduera nagusiak, eta kontserbazio egoera onean dauden eta ahalmen biologiko handia duten basoak utzi dizkigu horrek.

Ehun urtetik gorako haritzen aurkikuntza aspaldi ez dela gertatu zen. Orain dela hogei urte inguru, Zadorra ibaiaren ibilbidean ikerlanak egiten ari ziren bi naturalistek haritz erraldoi bat aurkitu zuten ustekabean. Inguru guztia arakatu ondoren, sasien artean askoz ere haritz gehiago zeudela ikusi zuten. Penintsulako eta, ziur aski, Europa osoko basorik zaharrenetako eta interesgarrienetako bat aurkitua zuten. Izan ere, baso askotan daude zuhaitz zaharrak, baina ez da batere ohikoa baso horretan bezainbeste egotea. Munain-Okarizko basoak 385 hektarea ditu, eta gutxienez bost mende dituzten 608 zuhaitz, zortzi mendeko batzuk eta 1.500 urte dituen baten bat aurki ditzakegu bertan.

Inguru paregabe horretaz gozatzeko prestatutako ibilbidea Munain herrian hasten da, Arabako hiriburutik 25 km-ra. Hara iristeko, N-1 autobidetik goazela, Opakuako irteeran A3138 errepidea hartuko dugu, Eginorantz. Kilometro bat egin ondoren, Munainera doan errepidea hartuko dugu. Ibilbidearen abiapuntua Andre Maria Jasokundekoaren elizaren ondoan dago. Mendilerrotik jaisten den errekaren alboan dagoen aparkaleku txiki batean utz dezakegu autoa.

Handik 50 metro ingurura hasten den bide balizatua bilatuko dugu. Seinale zuri-horiei jarraituz, metalezko ate batera iritsi eta larre batean sartuko gara. Bide hori lokaztuta egon ohi da. Horregatik, txango hau eguraldi lehorra egin ondoren egitea gomendatzen dizuegu.

Alanbre-hesi bat zeharkatu ondoren, zurezko ate bat aurkituko dugu apur bat aurrerago. Hor, zaldain batera eramango gaituen pista bat hartuko dugu. Oihanbideko seinale zuri-horiei jarraituz, zenbait minutu geroago bidegurutze batera helduko gara. Hor aurkituko dugun kartelak bi norabide seinalatzen ditu: «Zuhaitz Zaharren Bidezidorra» ezkerretara eta Zadorraren iturburua eskuinetara. Bi ibilbideok marka zuri-horiak dituzte.

Eskuinetara doan bidea hartzen badugu, Zadorraren iturbururaino eta Peña Roja mendiraino luzatu ahal dugu ibilbidea. Iturburua atzean utzi ondoren, Entzia mendilerrora igotzen jarraituko genuke eta minutu gutxiren buruan Peña Roja gailurrera iritsiko ginateke (1.067 m), eskuinaldetik. Gero, bide beretik jaitsiko ginateke, edo mendilerroko begiratokitik ibilbide zirkularra egin, Okarizera jaitsi eta Munainera itzuliko ginateke.

Hala ere, oraingoan ezkerretara doan bidea hartuko dugu. Aldapa bat igo ondoren, ehun urtetik gorako haritzak dauden lekura helduko gara. Zurezko langa bat zeharkatu ondoren, hesiz inguratutako eremurantz joango gara. Haritzik zaharrenak hor daude. Eremu horren jatorria garai batean abereentzat erabiltzen ziren bazkalekuak dira.

Basotik jarraituko dugu, Okarizeraino. Ibilbidearen zati horren hasieran haritz zahar gehiago ikusiko ditugu. Lursail batzuk zeharkatuz, abiapuntura itzuliko gara (Munain), 5 km inguruko txango zirkularra eginik.

BIODIBERTSITATE HANDIKO BASOA

Munain-Okarizko ehun urtetik gorako haritzek biodiber-tsitate handiko natur ingurunea garatu eta babestu dute. Hala, esaterako, beren bakantasunagatik oso interesgarriak diren espezie asko hazi dira bertan.

Besteak beste, 103 kakalardo-espezie aurkitu dira: haietako bi (Lucanus cervus eta Rosalia alpina) lehentasunezkotzat jasota daude Europako Habitat zuzentarauan; 92 goroldio espezie eta 19 iratze-espezie katalogatu dira; haietako asko interes handikoak dira eta 6 arriskuan daude. Gainera, 109 li-ken-barietate zenbatu dira, batzuk oso esklusiboak, eta 225 onddo-espezie daude, haietako batzuk oso bakanak eta gal-zorian dauden Europako espezieen zerrenda gorrian jasoak (hala nola Entoloma bloxamii eta Lyophyllum favrei).

Bestetik, hainbat ugaztun ikusi edo haien aztarnak aurkitu dira. Lepazuria, azkonarra, katajineta, azeria, erbi europarra, basurdea eta orkatza dira ugaztun horietako batzuk. Halaber, 107 hegazti-espezie bizi dira basoan.