EKIPAMENDUAK

Itsasoko bizitza ezagutaraztea eta ikastetxeetan ingurumen kontzientzia piztea helburu

Getxo Aquarium

Testua eta argazkiak: Getxo Aquarium

Getxo Aquariumek oso erakusketa berezia eskaintzen du, ikuskera moderno eta original batean oinarritua. Ikerkuntza eta teknologia baliatuz, fideltasun handiz irudikatu dira Kantauri itsasoko nahiz ozeano Indo-Pazifikoko itsas hondoak.

Getxo Aquarium akuario txikia da, baina edukiz eta xehetasunez betea. Tamaina txikiko altxor biologiko handia da, urte askotan zehar itsasoko floraren eta faunaren arloan egindako ikerlanen emaitza.

Erakusketaren helburua itsasoko bizitza ezagutaraztea da, ikastetxeetan ingurumen kontzientzia, biodibertsitatearen kontserbazioa eta itsas ingurunearekiko begirunea sustatzeko asmoz. Izaki bizidunek itsasoko oreka hauskorrari eusteko erabiltzen dituzten estrategien garrantzia nabarmentzen da eta gizakiek eragindako kalteak nahiz kalte horiek konpontzeko egiten ari diren ahaleginak azaltzen dira.

Beste akuario batzuekin alderatuta Getxo Aquariumek daukan berezitasun nagusia garapen bioteknologiko aurreratua da. Horri esker, itsasoko bizitzaren irudikapen konplexuak eta askotarikoak jaso ahal izan ditu bere akuarioetan. Ez da erraza hainbat espezie desberdin sistema itxi batean biltzea, organismo talde bakoitzak ondo ezagutu behar diren eskakizun espezifikoak dituelako (nutrizioaren arlokoak, fisiko-kimikoak, energetikoak, dinamikoak eta beste organismo batzuekiko interaktiboak).

Egindako lanaren emaitzak harrigarriak dira. Akuarioek fideltasun handiz irudikatzen dute gure inguruko nahiz itsaso tropikal urrunetako itsas hondoen edertasuna eta ikusgarritasuna. Hala beste akuario batzuetako profesionalek nola biologiaren, geologiaren, arte plastikoen, hezkuntzaren eta kazetaritzaren arloko adituek erakusketa berezi hori goraipatu dute.

Hogeita sei akuariok fideltasun handiz irudikatzen dituzte itsasoetako hainbat biotopo, hala atlantikoak nola itsaso tropikaletakoak. Akuario horietan dena da garrantzitsua, ez soilik arrainak. Izan ere, biotopo bakoitzak behar-beharrezkoak ditu hura osatzen dituzten izaki bizidun guztiak: algak, ornodunak, ornogabe txikiak… Izaki bizidun guztiak funtsezkoak dira oreka hauskor horri eusteko.

Getxo Aquarium ondo bereizitako bi eremutan banatuta dago. Lehen eremua Kantauri itsasoari dagokio. Askotariko itsas giroak eta azken urteotan uraren leheneratze biologikorako egin den lanaren emaitzak ikusiko ditugu bertan (Nerbioi ibaiaren itsasadarrean eta haren inguruetan egindako aurrerapenak batez ere). Ate bat zeharkatu ondoren, tropiko urrunera helduko gara. Ozeano Indo-Pazifikoko paradisuetako giroak ikusiko ditugu eremu horretan, hala nola koralezko arrezife ikusgarriak.

Bisita gidatuak

Getxo Aquariumek eskaintzen dituen bisita gidatuen arrakastaren oinarria gidarien prestakuntza handia da. Bisitetan, Kantauri itsasoko eta Indo-Pazifikoko itsas hondoak irudikatzen dituzten 25 akuarioei buruzko azalpen zehatzak ematen dituzte.

Bisita gidatua bukatu ondoren, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek pintura tailer batean parte hartzeko aukera dute. Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleei dagokienez, bisitak hezkuntza curriculumera eta irakasleen nahiz ikasleen eskakizunetara egokitzen dira.

Honako hauek dira bisitetan lantzen diren gaietako batzuk: organismoen sailkapena, itsasoko animalia eta landare talde nagusien ezaugarriak, itsasoko habitatak eta haien garrantzia, organismoen arteko harremanak, ekologia, itsasoko kutsadura, biodibertsitatea, itsasoko ekosistemak babestearen garrantzia, ziklo biologikoak, bazka-sarea eta askotariko bitxikeriak.

GETXO AQUARIUM

Bisita gidatuen erreserbak: Gutxienez 15 egun lehenago egin behar dira.

Harremanetarako telefonoa: 94 491 46 61

info@getxoaquarium.com

www.getxoaquarium.es