INGURUMENAREN GESTIOA
Komunikazio kanpaina baino gehiago
Eman bostekoa!
Testua eta argazkiak: Elortza Eskola (Urduliz)
Urdulizko Elortza ikastetxe publikoak bosgarren edukiontziaren aldeko kanpaina bat asmatu eta landu du. Oso kanpaina berritzailea izan da hala komunikazioari dagokionez nola ikuspegi pedagogikotik. Komunikazio agentziarik onenak sortutakoak diruditen mezu egoki eta indartsuak erabili dituzte, eta irakasle nahiz ikasleen ezagutzak eta bultzadak euskarri sendoa jarri diote mezuari, gogotik ekin baitiote kanpainari, ikastetxeko proiektu gisa. Emaitzak ikusgarriak izan dira eta dagoeneko gorespen publikoa jasotzen ari dira.
BIZKAIA MAITEA: Noiz eta nola sortu zen bosgarren edukiontziaren kanpaina egiteko ideia? Eta nola garatu zen ikastetxeko dinamikaren barnean?
ELORTZA ESKOLA: Udalak bosgarren edukiontziaren aldeko kanpainarako kartelaren eta triptikoaren diseinua egitea eskatu zigun, hau da, sukaldatu gabeko landare-hondakinetarako edukiontziaren kanpainarako. Hortik abiatuta, eta gaian gehiago sakontzeko, bideo bat egitea erabaki genuen, modu hezitzaile eta dibertigarria iruditzen baitzitzaigun.
BM: Egindako lanaren faseak deskribatu behar bazenituzte, nola ordenatuko genituzke?
E.E: Kanpainaren barruan bi lan desberdindu behar ditugu: kartelaren eta triptikoaren diseinua eta bideoa.
Kartelaren eta triptikoaren diseinurako, «brainstorming» bat egin genuen eta aukeraketa egin genuen klaustroan. Behin ideia hori garatuta, triptikoaren zirriborroa sortu genuen eta udalari aurkeztu genion. Kartelaren argazkia egiteko, egun bat finkatu genuen ume guztiak beltzez jantzita etortzeko eta kanpoko argazkilaria ekartzeko.
Bideoaren garapenerako, lehenengo aldia gidoia egitea izan zen. Gero pentsatu behar izan genuen nola girotu, zein mozorro egin, atrezzoa aukeratu, non kokatu…, ikasle guztiak ateratzeko nola antolatu, etab.
Bigarren aldian, guzti hau burutzeko lanen banaketa egin behar izan genuen (ardurak, epeak, materiala, baliabideak…). Eskola komunitate osoa inplikatu nahi genuen. Hori dela eta, udal langileekin, gurasoekin eta jantokiko langileekin kontaktuan jarri ginen, eta aurrera eraman nahi genuen proiektua azaldu genien.
Aldi berean, profesionalen bilaketa egiten aritu ginen. Egia esan, azken hau erraza egin zitzaigun, baiezko erantzuna eta inplikazioa berehala izan baikenuen.
Hirugarren fasea jende guztia martxan jartzea izan zen, gure ideia aurrera eraman al zitekeen ikusteko. Entsegu batzuen ondoren, eguraldi onaren zain egon ginen grabaketa egiteko.
Azkenik, Urdulizko Kultur Etxean iragarkiaren emanaldia egin zen kanpainari amaiera emateko, gure lana eta kontzientziazioa ahalik eta jende gehienaren artean zabaltzeko.
Honekin batera, eskolako ume guztientzako aproposak ziren birziklatzearen inguruko tailer batzuk bilatu genituen. Egin genituen egunean umeek birziklatzeko materialarekin musika tresna ezberdinak egin zituzten eta arratsaldean etorri ziren adituek kontzertu didaktikoa eskaini ziguten.
BM: Zalantzarik gabe, kanpainaren elementurik deigarrienetako bat irudiaren, diseinu grafikoaren eta mezuaren indarra da, oso argiak, zuzenak eta erakargarriak direlako. Komunikazioaren profesionalak daude irakasleen artean?
E.E: Komunikazioaren profesionalik berez ez dago, baina bai mundu horrekiko interes handia duten irakasleak. Eta, batez ere, ilusio, inplikazio eta gogo handiarekin lan egiten duten profesionalak.
BM: Gero, sortutako baliabideak aztertu eta film laburra edo ikus- entzunezko iragarkia ikusten duzunean, konturatu egiten zara horren atzean lan pedagogiko ikaragarria dagoela eta ikastetxe OSOAK parte hartu duela, irakasleek nahi ikasleek. Hala da? Mesedez, azaldu nola garatu den prozesu hori guztia.
E.E: Bideoa aurrera eramateko ideiak klaustro osoaren oniritzia izan zuen. Lana era eraginkorrago batean jorratzeko, lan talde bat sortu zen. Batzorde hori elkartzeko, beste irakasle guztien laguntza ezinbestekoa izan da.
Irakasle bakoitzaren trebeziak ikusita, ikasleekin aritu ziren, batzuk patinatzen, beste batzuk josten, mozorroak prestatzen, ahotsak aukeratzen…
Behin lana zehaztuta egon zenean, egun bat adostu zen mozorroak eta atre- zzoa amaitzeko. Egun horretan, ikasle guztiek liburuak alde batera utzi zituzten eta lan egiteko beste era bat aukeratu genuen, izaera ludikoarekin, elkarlana sustatzen duena, eta horrela eskola hankaz gora ipini genuen eskulanekin, patinekin, bizikleta dekoratuekin, josteko makinarekin…
BM: Aipagarria da Elortza ikastetxeak egin duen lan pedagogikoa, baina nabaritzen da kanpoko laguntza ere jaso duzuela zeregin zehatz batzuetarako edo finantzaketari dagokionez. Proiektua gauzatzen lagundu dizuete, ezta? Laguntzaileren bat nabarmendu nahi duzue?
E.E: Bai, hainbat laguntza jaso ditugu. Lehenengo eta behin, udalak umeentzat egindako tailerrak eta behar izan dugun materialerako finantzaketa erraztu ditu. Hortik aparte, langileak bidali ditu gure muntaia ezberdinak aurrera eramateko (adibidez, lapiko eta egurrez osaturiko tramankulua eraikitzeko).
Bestalde, lan guzti hau burutu eta guztiz borobildu ahal izateko laguntza eman diguten profesionalak nabarmendu nahiko genituzke: abeslari eta musikagilea dugun Sara Oñate, bideoaren grabazioaz, zuzendaritzaz eta edizioaz arduratu den Esteban Ramos eta soinu teknikari lana egin duen Ernesto Maestro.
Eta, nola ez, familien inplikazioa ezinbestekoa izan da ekintza guztietarako. Elortzako familien erantzuna, orokorrean, beti ona izaten da. Asko lagundu digute guk proposatutako arropak, materialak eta bestelakoak ekartzen. Eta ahotsa ipini duen umea, Maite, eskola orduetatik kanpo elkartzeko prest egon dira.
BM: Nolako harrera egin diote familiek kanpainari? Eta, orokorrean, herritarrek nola erantzun diote bosgarren edukiontziaren bidez gehiago birziklatzeko mezuari?
E.E: Arlo pedagogikoari dagokionez, eskolako umeek birziklatu beharraren kontzientzia partekatu dute etxean, eta guk dakiguna da iragarkiaren emisio egunean hiru emanaldi antolatu zirela eta jende asko bertaratu zela. Beraz, gure helburua herrian berria zabaltzea izan zenez, gure balorazioa baikorra da honen inguruan.
Herritarren erantzunari dagokionez, ezer gutxi dakigu estatistikari buruz. Emaitzak beste erakunde batek ebaluatu beharko ditu.
BM: Egin duzuen lana eredugarria da beste udalerri eta komunikazio estrategia askorentzat, eta ikastetxetik kanpo ere oso harrera ona izan du. Hala da?
E.E: Bai, hala ematen du. Lan guzti honek emaitza onak jaso ditu: umeak pozik eta ilusioarekin ikusi ditugu, familiek zoriondu gaituzte, udaletik ere goraipamenak jaso ditugu egindako lanagatik, eta, gainera, iaz bezala, Estatu mailako txapelketa batera bidali dugu bideo hau eta aurten garaile izan gara.
BM: Bukatzeko, irakaskuntzako profesionalak zareten aldetik eta era honetako esperientziei dagokienez, zein ondorio nabarmenduko zenukete? Eta hutsuneren bat aipatu nahi duzue?
E.E: Eskarmentu moduan oso aberasgarria izan da.
Alde batetik, gizarteko errealitatea ekarri dugu eskolara. Beste alde batetik, honelako ekintzak gure zereginetan txertatzean eskolako errutinatik ateratzen gara eta umeek beste era dibertigarri batean ikasten dute. Modu honetan, arlo ludikoa, gure ilusioa eta esperimentatzeko grina berpizten zaizkigu.
Hutsune moduan aipatuko genuke eskolan baliabide pertsonalak urriak izan direla. Hori dela eta, eskolatik kanpo aparteko lan itzela egin behar izan dugu. Hala eta guztiz ere, oso gustura gelditu gara egindako lanarekin eta errepikatzeko atea irekita uzten dugu.
BM: Eskerrak, benetan, egindako lanagatik. Orain, aldizkariaren irakurle guztiek aukera dute egin duzuena ezagutzeko, bai gure aldizkari digitalean eta bai Aldundiaren iraunkortasun atarian (www.bizkaia21.net). Ea esandakoarekin bat datozen, guk baietz uste dugu.
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.