ELKARRIZKETA

Francisco Etxeberria Gabilondo

Bere oroimena landu eta pertsonak balioesten dituen gizartea justuagoa, osasuntsuagoa eta iraunkorragoa da,,

Francisco Etxeberria Medikuntzan doktorea da (Euskal Herriko Unibertsitatea 1991), Lege eta Auzitegi Medikuntzako mediku espezialista, Auzitegi Antropologia eta Biologiako espezialista Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta EHUko Medikuntza Fakultateko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra 1983. urteaz geroztik.
Oso ibilbide luze eta oparoa du ikerkuntzan nahiz irakaskuntzan. 2006an Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen saria jaso zuen, 2007an Eusko Jaurlaritzak Giza Eskubideen Rene Cassin saria eman zion berak zuzentzen duen ikerketa taldeari, eta 2013an Eusko Ikaskuntza saria jaso zuen, ex aequo. 1973tik Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da, eta gaur egun elkarteko presidentea dugu.

Bizkaia Maitea: Zein izango litzateke Aranzadi Zientzia Elkartearen aurkezpen txartela? Noiz sortu zen?

Francisco Etxeberria: Aranzadi irabazi asmorik gabeko elkarte zientifikoa da. Natur eta giza ingurunearen ikerketa eta lortutako emaitzen dibulgazioa ditu helburu. 1947an sortu zen, Euskal Herrian unibertsitaterik ez zegoen garaian, eta Telesforo Aranzadi (1860-1945) ikertzaile handiaren omenez hartu zuen izena. Gaur egun, Aranzadi erreferente nabaria da komunitate zientifikoarentzat, gizartearen nahiz instituzioen aldetik lortu duen aintzatespenak erakusten duen bezala. Nolabait, unibertsitatearen eta gizartearen artean dagoen espazioa betetzen du, eta hitzarmenak ditu hainbat unibertsitaterekin eta beste ikerketa zentro batzuekin.

BM: Zeintzuk dira elkartearen jarduera arlo nagusiak?

F.E.: Sortu zenetik, Aranzadik jarduera ugari egin ditu ikerkuntzaren nahiz dibulgazioaren arloan. Horren ondorioz, Biodibertsitatearen eta Antropologia eta Historiaren esparruko erakunderik garrantzitsuenetako bat da gaur egun. Azterlan orokorrak eta ikerketa zientifikoak egiten ditugu. Zientzia horiek hobeto ezagutarazteko dibulgazio lan zabala ere egiten dugu. Halaber, natur ingurunea eta ondare arkeologikoa eta etnografikoa hobeto kontserbatzeko informazio lana egiten dugu instituzio publikoekin batera. Elkarteko kide asko zientziaren edo kulturaren arloan nabarmendu dira. Horietako bat Joxe Angel Irigarai mediku eta idazlea dugu, Benito Lertxundik kantatzen duen «Bizkaia maite» abestiaren letraren egilea.

BM: Lurralde bateko iraunkortasuna ingurumen kontzeptuekin lotu ohi dugu. Auzitegi antropologo ospetsua zarenez, iraunkortasunaren beste arlo batzuetan sakontzeko eskatu nahi dizut. Arlo soziala ere garrantzitsua da gizartea osasuntsua eta benetan iraunkorra izan dadin, ezta?

F.E.: Orain dela gutxi, Etxenike irakasleari entzun diot dagoeneko zientzia dela gizakiek sortu duten ondare nagusia, hau da, kulturaren ondare nagusia. Horregatik ez dago hain distantzia handia zientziaren eta kulturaren artean, zentzu zabalean. Jakina, gizartea, ekonomia eta kultura ere iraunkortasunaren zutabeak dira, ingurumenarekin batera, laurak maila berean eta elkarloturik. Gehiegizko ustiapenak eta gogoetarik gabeko aprobetxamenduak eragiten duten ingurumen hondamena guztion kontrako atentatua ere bada, etorkizuneko belaunaldien kontrakoa bereziki. Zorionez, politikariek bere egin dute ingurumenari buruzko diskurtsoa, eta gaur egun ez da hain arraroa ekologia gizartearen ondasunetako bat dela onartzea.

BM: Gizakion izaerari dagokionez, «berez ona» dela esango zenuke, Rousseauk bezala?

F.E.: Ez nago ados horrekin. Gizakiok «zitalak» garela uste dut, benetan. Kontua da modulatu egiten dugula gure zitalkeria, hezkuntzaren edo kulturaren eraginez, baina behar beste kontrolatzen ez bagaituzte edo inork behatzen ez badigu «zital» bihurtzen gara bat-batean. Bost minutu baino ez dira behar horretarako. Orain dela gutxi, horretaz aritu nintzen Atapuercako zuzendari Juan Luis Arsuagarekin. Esan zidan ezin direla elkartu inurritegi desberdinetako inurriak, elkar suntsitzen dutelako, baina gizakiekin posiblea dela hori egitea. Ezagutzen dugun historia kontuan izanik, nik zalantzan jartzen dut baieztapen hori, nahiz eta gizakiok desberdinen arteko bizikidetza bilatze aldera kultur elementuak bereganatu dituen espezie bakarra garen.

BM: Beraz, ezagutza, oroimena eta hezkuntza funtsezkoak dira giza espezieak daukan onena azaleratzeko. Aranzadik postulatu horren arabera garatzen ditu bere ikerketa ildoak?

F.E.: Bai, hala dela esan dezakegu. Gaur egun, Aranzadin hainbat ikaskuntza ildo iraunkor garatzen ari gara. «comenius» programa, esaterako. Programa horren bidez, Memoria Historikoa ikastetxeetan sartzeko metodologia bat lantzen dugu. Beste proiektu bat Gerra Zibileko desagertuei, exekutatuei eta hobi komunei buruzko dokumentuak kudeatzeko datu basea da. Helburua ez da gai horretaz asko dakitenentzako informazioa biltzea, baizik eta informazioa ezagutarazten saiatzea, hausnarketa pertsonala eta kolektiboa eragiteko. Jakitea eta egia ezagutzea manipulazio politikoa saihesteko oinarria da.

BM: Horren garrantzitsua al da biktimei aurpegia jartzea?

F.E.: Biktimak presente daude guztion idearioan. Eta era askotako biktimak daude. Biktimei aurpegia jartzea behar-beharrezkoa da egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidean oinarritzen den prozesu bat humanizatzeko. Baina, horrez gain, gure arbaso hurbilek, hau da, gurasoek, osaba-izebek edo aitona-amonek bizi izan dituzten tragedien inguruko kontuetara hurbiltzen garenean, benetako balio zibikoak geureganatzen ditugu eta giza eskubideen esparrua zabaltzen dugu, gizarte osasuntsu gisa, sozialki eta kulturalki iraunkorra den gizarte gisa.

BM: Hurbiltze horretatik oinarri onak atera ditzakegu bizi garen mundua hobeto ulertzeko?

F.E.: Bai. Horri esker zeure burua eta zure gizartea ulertzen dituzu eta, gainera, giza eskubideen urraketak muga geografikorik edo denborazkorik ez duela ikusten duzu. Atzo arratsaldean Korean gertatutakoa edo orain dela 11 urte Boli Kostan jazotakoa garrantzitsua izan behar da guztiontzat. Ezin da esan leku horiek oso urrun daudela edo gertaera horiek aspaldikoak direla. Gertaera guztiek kezkatu behar gaituzte, gizakiak garen aldetik besteez arduratu behar garelako. Sufritzen dutenak maite eta zaintzen dituen espezie bakarra gara.

BM: Printzipio horietatik abiatuta, nola definituko zenuke Aranzadi elkartea hezkuntzaren arloan lantzen ari den «Comenius» programa?

F.E.: Oroimen kolektiboa gertaera historiko jakin batzuk bizi izan dituztenen oroitzapen pertsonalen multzoa da. Gaur egun, oroimenerako eskubidea dago maila indibidualean, eta memoriaren beharra gizartearen aldetik. Oro har, oroimen hori ez da jasotzen testu liburuetan edo eskola curriculumetan, baina herri baten iragana eta oraina ulertzen laguntzen digu. Kierkegaardek esan zuen atzera begiratuz soilik ulertu ahal dela bizitza, baina aurrera begiratuz bizi behar dela. Patricio Guzmanek Txileko diktaduraren garaian gertatutakoari buruz egindako «Nostalgia de la luz» dokumentalean paradoxa bat planteatzen da: beren teleskopio handiekin infinitura begiratzen duten Atacamako basamortuko astronomoek benetan ikusten dutena iragana da. Eta horixe bera gertatzen zaie basamortu horretan beren desagertuak bilatzen dituzten emakumeei. Dokumental hori ikastetxe guztietan ikusi beharko litzateke.

BM: Gerra Zibilari, errepresaliatuei, fusilatuei eta memoriaren berreskurapenari buruzko ikerlanaren emaitzei dagokienez, balantze labur bat egingo zeniguke? Bestetik, zein paper jokatzen ari da antropologia soziala sortu duzuen ikerketa talde multidisziplinarioaren barruan?

F.E.: Hamahiru urte daramatzagu ikerlan hori egiten, eta gai horren inguruko interesa dibertsifikatzea lortu dugu. Hau da, gaur egun ugariak dira beren ekarpenak egiten ari diren zinemagileak, idazleak, abeslariak, etab. Azken batean, balio demokratikoak indartzen dituen prozesu geldiezina da. Batzuek diote ez errepikatzeko bermeak exijitu behar direla, eta guk egunero egiten duguna ikuspegi hori sendotzeko balioko duen informazioa ematea da.

BM: Aranzadik eta zuk egiten duzuen lanari buruzko galderak egin dizkizugu orain arte, BMn horrelako gaiak jorratu ohi ez ditugun arren. Bukatzen joateko, natur ingurunearen arloan lantzen ari zareten proiekturik garrantzitsuenetako batzuk aipatuko zenituzke?

F.E.: Gaur egun, Urdaibai Bird Center gure proiekturik enblematikoenetako bat da. Helburu nagusia euskal kostaldeko padurarik garrantzitsueneko biodibertsitatearen balioa nabarmentzea da. Horrekin batera, hegaztien migrazioari buruzko ikerlanaren bidez gure herriaren irudia proiektatzen ari gara Europa aurreratuenaren aurrean. Horri dagokionez, zentroaren jarduera nagusiak ikerkuntza eta dibulgazio zabala dira, eta horrek biodibertsitateari buruzko ikerketa zentroen Europako mapan jartzen du Bizkaia. Beste proiektu batzuk ere garatzen ari gara: apo lasterkariaren kontserbazioa Aizkorrin (Getxo), ekaitz-txori txikiaren jarraipena Aketx uhartean, arrano arrantzalearen berreskurapena Urdaibain eta baso-igel jauzkariaren kontserbazioa Urduñan.

BM: Lortutako emaitzei dagokienez, zer nabarmenduko zenuke? Eta zein dira etorkizunerako egitasmoak?

F.E.: Lehenik, Foru Aldundiko teknikariekin eta basozainekin, udalekin, biologoekin eta udalerri horietako bizilagunekin egiten dugun sare lana nabarmenduko nuke. Espezieen eta habitaten dinamikei buruzko ezagutza zientifiko soilaren arloan egindako aurrerapenez gain, beste lorpen handi bat ere azpimarratu nahi dut: herritarrak barneratzen ari dira natur ingurunearen kontserbazioan egiten diren aurrerapenek lotura zuzena dutela gure eta etorkizuneko gizarteen ongizate sozial eta ekonomikoarekin.

BM: Zalantzarik gabe, hurrengo zenbakietan proiektu horietan sakontzeko aukera izango dugu. BM aldizkariaren irakurleentzat interesgarria izan daiteken beste zerbait gehitu nahi duzu?

F.E.: Auzolanak edo boluntariotzak euskal tradizioan duen balio handia gogorarazi eta aldarrikatu egin behar da. Hala Gerra Zibila pairatu zuten belaunaldien oroimen historikoa berreskuratzeari dagokionez nola gure natur ingurunea babesteari dagokionez, herritarren parte-hartzea gure erakunde publikoen inplikazioa bezain garrantzitsua da. Guztion artean oraina eraiki behar dugu, horixe da herri gisa aurrera egiteko eduki behar dugun balio erantsia.

ARANZADI ETA SERANTES MENDIKO GOTORLEKUAREN ZAHARBERRITZEA

Santurtziko Serantes mendiaren magalean dagoen antzinako eraikin militar hori Naturaren Interpretazio Zentro gisa berreskuratzeko plana Serantes Natura Lantegi Eskolaren eskutik gauzatzen ari da. Santurtziko Udalak sustatuko lantegi-eskola hori Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzentzen du, Lanbideren parte-hartzearekin. Serantesko biodibertsitatea leheneratzeko lanak ere egiten ditu, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Gotorlekua XIX. mendean eraiki zuten, Abratik Nerbioiren itsasadarrerako sarrera babesteko. Serantes mendiaren hegalean dago, itsas mailatik 453 metrora dagoen muino batean. Euskal Herriko kostalde osoan kontserbazio egoerarik onenean dagoen gotorleku militarreko bat den arren, eraikina nahiko hondatuta dago eta, beraz, oraindik denbora gehiago beharko da zaharberritze lanak bukatzeko. Bi urte baino lehenago ziur aski, antzinako gotorlekua Naturaren Interpretazio Zentroa izango da eta bisitari asko erakarriko ditu. Zentroak sei pabilioi independente edukiko ditu, erabilera banarekin: (1) erakusketa ibiltarietako aretoa; (2) proiekzioak, hitzaldiak eta lantegi pedagogikoak nahiz ingurumenaren arlokoak egiteko ikasgela; (3) Abraren gaineko begiratokia edukiko duen jantoki handia; (4) inguruko flora eta fauna ikertzeko laborategiak eta bulegoak; eta (5 eta 6) 60 pertsonarentzako bi logela.