IRAUNKORTASUNA
Inbertsio arduratsurako printzipioak aplikatzea
Inbertsio etiko eta iraunkorrak
Trinidad L. Vicente
Ingurumenaren, gizartearen eta enpresa gobernantzaren arloko irizpideak betetzea, horixe da inbertsio arduratsuak egiteko oinarria. Beste era batera esanda, errentagarritasuna lortzeko inbertitu behar da konpainietan, baina ikuspegi etiko batekin beti, herritar kultura aurreratu baten arabera eta gauza bat oso argi edukiz: inbertsioen nahiz desinbertsioen inguruko erabakiak hartzeko orduan finantzetatik kanpoko irizpideak aplikatuz gero, arriskuak murriztu eta luzarora itzulkin hobeak lortuko dira.
2005ean honela mintzatu zen Kofi A.Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohia: «finantzek ekonomia globala bultzatzen duten bitartean, erabakiak hartzeko prozedurek eta inbertsioak identifikatzeko politikek ez dituzte behar beste islatzen gizarte eta ingurumen irizpideak».
Gabezia horrek dakarren arazo nagusietako bat enpresa erantzukizunaren eta finantza merkatuen portaeraren arteko lotura falta kezkagarria da. Izan ere, gaur egun oso onartuta dago enpresa erantzukizuna ezinbestekoa dela kudeaketaren arloan, baina, sarritan, finantza merkatuak epe laburreko helburuen arabera gidatzen dira, epe luzekoen kaltean.
Erantzukizun kolektiboa eta indibiduala
Garapen iraunkorraren printzipioek gero eta babes handiagoa dute politikarien nahiz iritzi publikoaren aldetik, baina inbertsioak aztertzeko eta ebaluatzeko orduan era egokian eta erabakitasunez jasotzen ez badira, nekez finkatuko dira. Eta baieztapen hori ez dagokie soilik erregulatzaileei eta inbertsio funts handiei; inbertsioak egiten dituzten pertsona guztien kontua ere bada. Gure inbertsioak oso txikiak izan arren, guk ere erantzukizuna dugu. Bankuarekin X funts batera transakzio bat egitea hitzartzen dugunean kontuan hartzen dugun gauza bakarra inbertsio horren segurtasuna eta errentagarritasuna baldin bada eta diru hori zertarako erabiliko den axola ez bazaigu, gu ere erantzule bihurtzen gara. Herritarrok eragina izan dezakegu «finantza katean», baina, horretarako, inbertsioak egiterakoan ondo aztertu behar dugu kontratatutako funtsak nora joango diren edo haien kudeatzaileak Nazio Batuek sustatutako Inbertsio Arduratsurako Printzipioei atxikita dauden, adibidez.
Hain zuzen ere, printzipio horien helburua inbertsioen erabilera etikoa bermatzea da. Ingurumenaren, Gizartearen eta enpresa Gobernantzaren arloko irizpideak (IGG) biltzen dituzte eta epe luzeko inbertsioak errentagarriagoak izateko nahiz merkatu iraunkor gehiago lortzeko marko estruktural bat eskaintzen dute. Horren bidez, ekonomia globala integralagoa eta egonkorragoa izaten lagundu nahi da.
Adibide praktiko bat: Norvegiako Estatuaren Pentsio Funtsa
Norvegiako Estatuaren Pentsio Funtsaren helburua hauxe da: Norvegiak Ipar Itsasoan ustiatzen duen petrolioak sortzen duen errentagarritasunaren parte bat aurreztea eta, horrela, baliabide publiko berriztaezin horren ustiapena onuragarria izatea etorkizuneko belaunaldientzat ere. Pentsio Funtsaren arduraduna Finantza Ministerioa da eta Norvegiako Bankuak kudeatzen du. Munduko funtsik handienetan bigarrena da: burtsa merkatu globalen %1en akzioduna da eta 550.000 milioi dolarretik gorako aktiboak kudeatzen ditu. Oro har, 50 herrialdetako 8.000 konpainiatan inbertitzen du, batez beste %1 konpainia bakoitzean eta inoiz ez %10 baino gehiago. Datu horiek guztiek erakusten duten bezala, Norvegiako Pentsio Funtsak ziurtatuta dauka burtsan kotizatzen duten mundu osoko enpresek etorkizunean izan ditzaketen etekinen kuota handi bat.
Funtsak irizpide sozialki arduratsuak erabiltzen ditu inbertsioak erabakitzeko orduan. Estatuak babesturik eta bultzaturik (eta inbertitzaile instituzionala arlo publikoa izanik), helburu politikoak, ekonomikoak, sozialak, etikoak eta ingurumenaren arlokoak barnebiltzen dituen eredu arrakastatsua da. Horretarako, inbertsioak ikuskatu eta zehatz-mehatz aztertzen dituen Etika Kontseilu independente bat dauka, enpresa guztiek Funtsaren printzipio etikoak betetzen dituztela bermatzeko.
Funtsak aplikatzen dituen printzipioen adibide gisa, nabarmendu beharra dago honako konpainia hauek baztertzen dituela aktiboak inbertitzeko orduan: zuzenean edo haien kontrolpeko enpresen bidez oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzten armak fabrikatzen dituztenak, tabakoa ekoizten dutenak, eta arma nuklearrekin, luku-munizioarekin edo pertsonen kontrako minekin lotutako material militarra edo armak saltzen dituztenak, beste batzuen artean. Halaber, bazter uzten ditu giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzten konpainiak nahiz horretan laguntzen dutenak (erailketak, tortura, askatasunaz gabetzea, haurren esplotazioa), gatazka edo gerra egoeretan eskubide indibidualak nabarmenki urratzen dituztenak, ingurumenari kalte larriak eragiten dizkiotenak, ustelkerian nabarmenki murgilduta daudenak eta oinarrizko arau etikoak era larrian urratzen dituztenak.

NORVEGIAKO ESTATUAREN PENTSIO FUNTSA
Norvegiako Estatuaren Pentsio Funtsa honako helburu honekin sortu zen: Norvegiako ekonomia eta gizartea petrolio aberastasun «mugatuak» ekar zitzakeen ondorio gaiztoetatik babestea. Izan ere, oparoaldiak beste sektore produktibo batzuk uzkurtzea eragin zezakeen, herrialdearentzat jasangaitza izango zen egoera bat sortuz. Horregatik, petrolioa jatorri duten diru-sarrerak Estatuaren aurrekontutik kanpo geratzen dira. Horri esker, petrolioaren prezioen gorabeherek ez dute herrialdearen aurrekontu politika aldatzen.
Estatuaren Pentsio Funtsak jasotzen duen Inbertsio Sozialki Arduratsua herritarren zerbitzura dagoen tresna publiko bat da. Horren bidez, arlo publikoak esku hartzen du finantza merkatuetan eta ekonomian, iraunkortasuna, garapena eta norvegiarren etorkizuneko belaunaldien gizarte ongizatea bermatzeko asmoz. Horrekin batera, Funtsak jarduera eremu dituen komunitateen garapen iraunkorra sustatu nahi da.
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.