BRIKOLAJE EKOLOGIKOA
Etxetik bertatik baliabide natural berriztagarriak babesten lagundu ahal dugu
Nola birziklatu zura?
Matxalen Apraiz
Oso ugariak dira norberak planetako baliabide natural berriztagarriak babesten laguntzeko egin ditzakeen gauzak. Zura dugu baliabide horietako bat. Nola birziklatzen den eta etxetik bertatik bigarren aukera bat emateko zer egin dezakegun azalduko dugu artikulu honetan.
Baliabide natural berriztagarriak erabili ondoren berreskuratu ahal diren baliabideak dira. Hala, zurez fabrikatutako produktu batek pentsa genezakeen baino bizi-ziklo luzeagoa du. Haren bizitza baliagarria bukatu dela dirudienean, berriz erabiltzeko aukera ugari sortzen dira. Habe zaharrak, esaterako, zoladura gisa erabil daitezke, dekorazio elementu liluragarri bihurturik, edo ohol gisa balia daitezke hainbat gauzatarako. Eraikuntzaren arloan, Sidneyko Olinpiar Jokoetarako egin zen Clydesdale pabilioia oso adibide berezia da. Mundu zabalean zur birziklatua erabiliz eraiki den instalaziorik ikusgarrienetako bat da.
Gaur egun, zurezko hondakinak berreskuratu eta kudeatzen dituzten hainbat enpresa daude. Berreskuratzen den zura birrindu ondoren, arkitekturan, industrian, dekorazioan eta beste hainbat arlotan erabil daitezkeen aglomeratuzko oholak egiten dira. Sei zuhaitz behar dira tona bat aglomeratu egiteko; zura birziklatzen bada, aldiz, ez da zuhaitz bat ere bota behar. Gainera, zura birrintzean sortzen den txirbila zelulosa bihur daiteke.
Zurarekin nahastura organiko deskonposatuak ere egin daitezke, eta ongarri natural gisa erabili. Txirbila eta zerrautsa karbono asko daukaten materialak direnez, oso konpost ona lortzen da.
Trenbideetan hormigoizko zeharragak jartzen direnean, zurezkoak hiri-altzariak egiteko material gisa birziklatu ahal dira (parterreak, jadinerak…), edo oihanbideak eta ezpondak mugarritzeko balia daitezke.
Jasotzen den zur erabilia energia iturri garbi eta kontrolatu gisa ere birziklatu ahal da (biomasaren bidezko energia kogeneraziorako plantak).
Zura etxean birziklatzea
Etxean bertan zura birziklatzen lagundu ahal dugu, bota nahi ditugun altzari zaharrekin objektu txikiak eginez (kutxak, jostailuak, apaingarriak…). Bestetik, altzariak zaharberritu, beste itxura bat eman eta haien bizitza baliagarria luzatu ahal dugu, irudimen apur batekin eta tratamendu egokia emanez.
Bota nahi dugun zura egurrezko berogailuetarako erregai gisa ere berrerabili ahal dugu. Horixe da zura erretzeko erarik garbiena. Hori bai, zura bota edo erre aurretik, hobe da bigarren erabilera bat eman ahal dion enpresa, lantegi edo eskola batera eramatea, kontsumitu ahal den produktu berri bat egin dezaten.
Zurezko palet industrialak birziklatzea
Paletak birziklatzea gure altzariak edo dekorazio elementuak egiteko behar dugun lehengaia dohainik lortzeko aukera ona da. Paletak zurezko listoiekin egindako egitura karratuak edo laukizuzenak dira. Mota guztietako produktuak pilaturik garraiatzeko erabiltzen dira. Pinua edo beste zur motaren bat erabili ohi da listoiak egiteko (zuraren jatorria baso kontrolatuak izan behar dira). Paletak oso merkeak dira eta, industrian kopuru handietan erabiltzekoak direnez, zura ia ez dago arbastaturik.
Oso merkeak direnez, leku askotan bota egiten dituzte garraiorako erabili ondoren. Zura noblea ez bada ere, kalitate onekoa da. Horregatik, baliabide bikaina da gure etxeari itxura ekologikoa eta berezia emango dioten altzari landugabeak egiteko.
Ezer gutxi behar dugu horrelako altzariak egiteko: irudimen apur bat, esku-zerra edo zerra elektrikoa, iltzeak, itsasgarria, lixa, margoa eta lan pixka bat. Zura datorren bezalaxe erabili ahal dugu, edo apur bat lixatu. Zura tratatzeko modurik egokiena eta ekologikoena linazi olioa ematea da. Koloreztatu nahi badugu, olio naturalekin egindako bernizak eta margo ekologikoak aurkituko ditugu merkatuan.
Zur birziklatua erabiltzen badugu, gure planetako bizitza babesten laguntzen dugu, zuhaitz gutxiago mozten direlako. Gainera, produktu birziklatuak erabiltzeak energia kontsumoa gutxitzen du. Erregai fosil gutxiago kontsumitzen badira, CO2 gutxiago isurtzen da eta, beraz, euri azidoa eta berotegi efektua murrizten dira.

ZEINTZUK DIRA ZUREZKO HONDAKINAK?
• Ebakinak: Forma eta tamaina askotako zur zatiak dira, zentimetro gutxikoak nahiz metro ingurukoak. Nagusiki zuraren eta altzarien sektorean sortzen dira.
• Zerrautsa eta txirbila: Zerrautsa zura eraldatzeko eta ebakitzeko prozesuetan zuretik ateratzen den hautsa da. Txirbila apur bat handiagoa da.
• Paletak: Zurezko paletak salgaien garraioan oinarri gisa erabiltzen diren plataforma horizontalak dira. Industria guztiak sortzen duen hondakina da.
• Zurezko ontziak: Batzuk txikiak dira (fruta kutxak, adibidez), eta beste batzuk oso handiak (makinak garraiatzeko erabiltzen diren kutxak, esaterako).
• Altzariak, ateak, etab.: Oro har, tamaina handiko hondakin astunak dira. Herritarrek sortzen dituzte, altzariak zaramara botatzen dituztenean.
• Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak: Eraikuntzan zura erabiltzen da kofratuetarako, habeetarako, euskarrietarako, ate eta leihoetarako… Behin erabili ondoren, gauza horietako gehienak bota egiten dira.
• Inausketako hondakinak: Hala mendian nola hiriguneetan zuhaitzak mantentzeko eta zaintzeko lanak egiten direnean hondakinak sortzen dira: enborrak, adarrak eta hostoak.
• Bobinak: Kanalizazio handietako kableak eta mahukak zurezko bobinetan biltzen dira. Erabili ondoren, bobina horiek hondakin bihurtzen dira.
• Zur tratatua: Zeharragak, zutoinak… Birziklatzen zailagoak dira, jaso duten tratamenduagatik.