LURRA IZENEKO PLANETAN

Animalia basatien bila (II)

Bisonteak Muga-Mugan

Testua eta argazkiak: Andoni Canela

Looking for the wild proiektuaren barruan, Andoni Canela argazkilaria bidaia bat egiten ari da planetako sei kontinenteetan barrena, animalia basatien bila. Bidaiako bigarren etapa honetan bisonte amerikarraren bizitza kontatzen digu. Animalia indartsu hori aske bizi da oraindik Estatu Batuetako ordoki handietako natur erreserba batzuetan.

Ipar Amerikako ordoki zabaletara iritsi ziren lehen esploratzaileen deskripzioek paradisu zoragarri batez hitz egiten digute. Aspaldiko garai batean, milioika bisonte bizi ziren Mississippi ibaiaren eta Mendi Harritsuen artean dagoen Eden amerikar horretan. Talde izugarri handiak osatzen zituzten, eta, denak batera lasterka hasten zirenean, lurrak dar-dar egiten zuen haien hanken azpian.

Orain dela mende bat inguru, gizakiek ia erabat desagerrarazi zuten bisonte amerikarra (Bison bison). Gizakiak edozer suntsitzeko daukan ahalmen ikaragarriaren beste adibide bat da hori. Erabateko sarraskia izan zen. Egindako kalkuluen arabera, europarrak hara iritsi aurretik, Ipar Amerikako bisonteen kopurua 40 eta 50 milioi bitartekoa zen. Hala ere, erokeria dirudien arren, 1890ean 50 bisonte basati inguru soilik gelditzen ziren, Yellowstone parke nazionalean babesturik. Estatu Batuetako arrantxo pribatuetan eta zoologiko batzuetan beste 700 bisonte inguru zeuden, baina gehienak behiekin nahasirik.

Zenbait adituren arabera, ehiztariek 30 milioi animalia baino gehiago hil zituzten oso denbora laburrean (hamar urte, 1860tik 1870ra arte). Bisonte amerikarraren sarraskia sistematikoa eta mugarik gabea izan zen. Batzuetan, okela eta larrua saltzeko hiltzen zituzten bisonteak. Baina, sarri askotan, bisontearen ehiza kirol hutsa zen, ordoki handietako belardietan ehunka gorpu usteltzen utzi zituen kirol penagarria.

Mende askotan zehar, Amerikako ordoki handietako jatorrizko herriak (siuxak, apatxeak, arapahoak, navajoak, komantxeak, uteak…) bake onean bizi izan ziren bisonteekin. Harreman hori funtsezkoa zen haien eguneroko bizitzan eta kulturan, gauza asko lortzen baitzituzten bisontetik: jateko okela, janzteko eta babeslekuak eraikitzeko larrua, tresnak egiteko materialak, erregaia ekoizteko gorotzak…

Orain Badlands Parke Nazionalean nago. Lur eremu honetan lakotak bizi dira, siux herriko tribu nagusietako bat. Haien lurraldea da. Iluntzen duen bitartean, koioteen marruak aditzen dira inguruan, gau izartsua bezain garbi. Hontz baten ulua ere entzuten da. Gure kanpalekutik hurbil dagoen basotxo batetik dator. Frank eta Unai (9 urteko nire semea) berriz elkartu dira hemen. Orain dela hiru urte, hementxe ezagutu zuten elkar.

Frank Robertson lakota da, eta aitaren aldeko aitonak Ptahotonpe izena jarri zion jaiotzean («bisonteek egiten duten hots baxua» esan nahi du beraien hizkuntzan). Unai, berriz, bisonteen bila etorri den ume espainiarra da. Bien artean sua piztu dute, afalduko dugun okela prestatzeko. Suak berotzeko ere balioko digu, gauak oso hotzak baitira mila metrotik gorako altitudean dagoen ordoki honetan.

Egunsentiko lehen argi izpiekin batera, ohetik jaiki eta inguruak arakatzen hasi gara, zentzuzko distantzia baten segurtasunetik behatu ahal izango dugun bisonte talde baten bila. Eguraldia aldakorra da. Hodeiak eta ostarteak, eta haize gogorra. Frank eta Unai troka sakon batean sartu dira. Lokatza heze dago oraindik, azken eurien ondorioz. Hortxe ikusi ditugu lehen oinatzak, trokaren hondoan. Berriak dira. Bisonteak ez dabiltza urrun. Inguruan dauden muino ugarietako baten tontorretik, eta prismatikoen laguntzarekin, lehen bisonte taldea begiztatu dugu. Eguzkiak bete-betean jotzen ditu animaliak, koloreen arteko kontrastea nabarmenduz: batetik, lur idorraren kolore argia; bestetik, bisonteen ile marroia, ia beltza.

Lakotek Mako Sica deitu zioten lurralde honi (‘bad land’, lur txarra), gauza batzuetarako oso txarra zirudielako edo, hona iritsi ziren lehen kolonizatzaile europarrek esan zuten bezala, «zeharkatzeko oso txarra» zelako. Badlands deritzon lur eremua oso zabala da, eta gaur egungo Hego Dakota estatuko hego-mendebaldean dago. Paisaiaren ezaugarri nagusiak belardi handiak eta buztin materialez eratutako mendiak dira. Horren ondorioz, kolore ugari nahasten dira eremu honetan: gorrixka, okrea, askotariko grisak eta belardiak urtaroen arabera hartzen dituen tonalitateak.

Black Hills mendixkak ere Hego Dakotan daude eta izaera sakratua dute lakotentzat. Handik hurbil Wind Cave Parke Nazionala eta Custer Parke Estatala daude. Oso egokia izango litzateke Badlands parkearekin loturaren bat egotea eta bisonteak haraino joan ahal izatea, Buffalo Gap National Grassland zeharkatuz eta Pine Ridge erreserbaraino iritsiz. Lakotek gobernatzen duten erreserba horretan jatorrizko eskulangile eta artista amerikarrak daude oraindik. Askotariko lanak egiten dituzte bisonteen hezurrak, adarrak eta larrua erabiliz.

Sarritan, bisonteek parkeko errepideak gurutzatzen dituzte, ibilgailuei jaramon handirik egin gabe. Frank eta Unai doazen furgoneta errepide erdian gelditu da, animaliei pasatzen uzteko. Berehala, hogeita hamar bat bisontek furgoneta inguratu dute eta miazkatzeari ekiten diote, txapa metalikoaren zapore gaziaren bila. Aukera bikaina da haien anatomia aztertzeko. Unairen begiek bisonteen gorputz erraldoia arakatzen dute. Izan ere, bisonteak oso animalia handiak dira, «Ipar Amerikako ugaztun lehortar handiena». Arrek 800 eta 900 kilo bitarteko pisua dute, eta batzuek tona bat pisatzen dute.

Emeak txikiagoak dira eta 500 kilo inguru pisatzen dute. Bisontearen siluetak bi ezaugarri nabarmen ditu: buru handia eta gorantz apur bat makotutako adar konikoak. Buruaren eta lepo lodiaren atzean daukan konkorrak are itxura handiagoa ematen dio, eta buru-makur ibiltzen delako irudipena areagotzen du. Ilajeak ere irudipen hori sortzen laguntzen du: bisontearen ilea oso sarria da gorputzaren aurreko aldean eta buruan, eta ia laua atzeko aldean. Aurrealdeko gorpuzkera indartsu hori funtsezkoa da elurrean eta izotzean ibiltzeko eta lurra janari bila iraultzeko.

Yellowstone Parke Nazionala

Hego Dakotako ordokietatik urrun samar Yellowstone Parke Nazionala dago. Horra iristen den orori leku mitiko batean dagoela iruditzen zaio beti, parkea bisitatzen duen lehenengo aldia ez izan arren. Ipar Amerika osoko bisonte saldorik ugarienak hor bizi dira, eta erraza da ehunka bisontez osatutako taldeak aurkitzea. Bisonte basatien saldo baten erdian bakarrik gelditzea uste baino askoz arriskutsuagoa izan daiteke. Arrisku horretaz ohartarazten duten kartel asko daude parkean.

Denboraldiz kanpoko urtaroetan, hau da, udazkenean eta neguan, oso bisitari gutxi egoten dira Yellowstonen. Horregatik, hori da parkean ibiltzeko sasoirik onena. Elurrak zuriz janzten du animalien ilaje iluna. Udazkenetik negurako aldaketa bizkorra izaten da Mendi Harritsuetan, eta oso nabaria, egun gutxiko epean kolore marroia desagertu eta zuria nagusitzen baita. Bisonteek orduan berritzen dute ilea. Are sarriagoa bihurtzen da, lurralde horretako bizitzaren muturreko baldintzak jasan ahal izateko. Mendiak eta basoak zuriz janzten direnean, neguko lozorroa hasten da Yellowstonen, munduko lehen parke nazionalean. Orduan, bisitaririk gabe, badirudi Yellowstone iraganera itzultzen dela, shoshoneak, bannockak edo absarokak lurralde horretan ehiza egiteko soilik sartzen ziren garaira. Gainerakoan, bakean uzten zuten eremu bolkaniko hori. Hango natura ederra eta oparoa zen berez, baina suminkorra eta hilgarria ere izan zitekeen, eta errespetua zen oreka bermatzeko biderik onena.

ETORKIZUNERAKO ERRONKAK

Ingurugela-CEIDAk 25 urte bete ditu irakaskuntzarako laguntza ematen, eta bere lana emankorra izan dela uste du. Izan ere, gaur egun oso ugariak dira ingurumena hobetzeko lanean ari diren ikastetxe, pertsona eta erakundeak. Dena den, ez dugu ahaztu behar gure gizartea oraindik ez dela oso iraunkorra eta guztion etxea etorkizuneko belaunaldientzat zaintzen eta errespetatzen jarraitu behar dugula.

Krisi latza pairatzen ari garen arren, Nazio Batuen Erakundeak Etorkizun Iraunkorrerako Hezkuntzaren Hamarkada luzatzeko asmoa du, eta Eusko Jaurlaritza 2020rako Ingurumen Esparru Programa lantzen ari da eta Eskolako Agenda 21 programako proiektuak bultzatzen eta finantzatzen jarraitzen du.

Bide luze guztiak lehen urratsarekin hasten dira, eta Ingurugela-CEIDAtik bide hori gurekin batera egiteko deia egiten dizuegu. Denon artean hobetu behar dugu guztion etxea, hau da, Lurra.

http://www.lookingforthewild.com/