GURE INGURUNEA

Iraunkortasunerako hezkuntzaren arloko eguneroko laguntza ikastetxeei

Ingurugela-ceidak 25 urte bete ditu

Ingurugela-CEIDAk 25 urte bete ditu aurten. Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistemari zuzendutako laguntza zerbitzua da. 15 irakaslez osatuta dago eta iraunkortasunerako hezkuntza eguneroko lanean txertatzeko laguntza eskaintzen die ikastetxeei, Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino eta Lanbide Heziketaraino.

CEIDA (Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegia) Euskal Herriko industrializazio prozesuak garapen ekonomikoa eta ingurumenaren narriadura handia ekarri zituen garaian sortu zen. Gerra ostean, biztanleriaren hazkunde azkarrak, emigrazioak eta industriaren garapenak ingurumen arazo larriak eragin zituzten: ekosistemen suntsipena, naturaguneen okupazioa, lurzoruen kutsadura, baliabideen agorpena…

80ko hamarkadan, demokrazia iristearekin batera, Eusko Jaurlaritza ingurumena leheneratzeko neurriak hartzen eta herritarren kontzientziazioa bultzatzen hasi zen. Ikastetxeak ere ingurumenaren narriaduraz kezkatuta zeuden, eta ikasleak natur ingurunera hurbiltzeari eta haien ingurua hobetzen laguntzeko jarduerak antolatzeari ekin zioten.

Geroago, 1989an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ingurumen sailek Bilboko CEIDA sortu zuten, bi helburu nagusirekin: irakasleen prestakuntza hobetzea eta ikastetxeei ingurumenaren egoera hobeto ezagutzeko, sentsibilizazioa areagotzeko eta ingurumen arazoak konpondu ahal izateko baliabideak eskaintzea.

Hasierako nukleo hori zabalduz joan zen, eta gaur egun bost egoitza daude EAEn (Bilbo, Donostia, Eibar, Legazpi eta Gasteiz). Guztira 15 pertsona aritzen dira lanean egoitza horietan (hainbat hezkuntza arlo eta mailatako irakasleak), eta dokumentazio zentroez arduratzen den pertsona bat dago. Orain dela hamarkada bat, zerbitzuak Ingurugela-CEIDA izena hartu zuen.

Bultzatutako jarduerak

Ingurugela-CEIDAtik bultzatu diren jarduera nagusien artean, lehenik eta behin sentsibilizazioa aipatu behar da. 1992an, Europako COASTWATCH proiektuan parte hartzen hasi zen, gure autonomia erkidegoan Azterkosta izena emanik. Proiektu horrek honako helburu hauek ditu: euskal kostaldearen ezagutza sustatzea, haren arazoez kontzientziatzea eta nola babestu eta hobetu ahal den azaltzea. Geroago, 1996an, Ibaialde sortu zen, metodologia berdintsua zuen baina ibai ekosistemen ingurukoa zen proiektu bat.

Gaur egun, Azterkosta eta Ibaialde egitasmoak Aztertu proiektuan elkarturik daude. Gure autonomia erkidegoko kostaldearen eta ibaien egoerari buruzko datu ugari ematen dituzten pertsona eta talde laguntzaileen sare zabal bat eratu da. Aztertu sentsibilizazio programaren helburuak honako hauek dira: ingurumen arazoak ezagutaraztea, kontzientzia piztea eta ingurunea zaindu behar dela ikusaraztea.

Zerbitzuaren beste jarduera ildo garrantzitsu bat material didaktikoak sortzea eta hedatzea izan da. Ingurumenaren eta ingurumen hezkuntzaren arloko mota askotako baliabideetan espezializatutako dokumentazio zentro bat dago Ingurugela-CEIDAren egoitza bakoitzean. Horrekin batera, hasiera-hasieratik IHITZA aldizkaria argitaratu du. Ingurumen hezkuntzako profesionalei zuzendutako argitalpena da, baina familiei ere irekita dago eta oso kontuan hartzen du bere inguru hurbila, hau da, herria edo auzoa.

Hasieran paperean soilik argitaratzen zen. 2000tik aurrera bertsio digitala gehitu zitzaion paperezko aldizkariari. Eta gaur egun, iraunkortasun irizpideei jarraituz, bertsio digitalean soilik argitaratzen da, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz.

Dena dela, Ingurugela-CEIDAren lan ildo garrantzitsuena prestakuntza izan da beti. Hasieran, ingurumen hezkuntzaren arloko formakuntza eta aholkularitza ematen zizkien EAEko ikastetxeei. Gaur egun, aldiz, iraunkortasunerako hezkuntzari buruzko aholkularitza ematen du. Trebakuntza hori ikastaro presentzialen eta urrutiko prestakuntza saioen bidez egiten da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren prestakuntza planaren barruan, ingurumen arazoak ikastetxeetan txertatzen laguntzeko eta irakasleei iraunkortasuna lantzeko aukera emango dieten metodologiak jorratuz. Urtean 500 prestakuntza ordu inguru ematen dira eta 1.000 irakaslek baino gehiagok hartzen dute parte ikastaroetan. Ildo horretan, ikastetxeei zuzendutako zerbitzu honen ibilbide luzean antolatu diren topaketak eta jardunaldiak ere aipatu behar dira.

Ingurumen Hezkuntzako I. Jardunaldiak (Sukarrieta, 1982) urratutako bideari jarraituz, 1991n II. Jardunaldiak egin ziren Bilbon, ordurako CEIDAk antolatuta. Orduz geroztik, ikastetxeen, administrazioen eta ingurumen ekipamenduen esperientziak trukatzeko eta hausnartzeko jardunaldiak antolatu dira urtero. Azken urte honetan, Iraunkortasunerako Hezkuntzaren inguruko XXIII. Topaketak egin dira. Topaketa bakoitzean 100 pertsona inguru elkartzen dira.

Ikastetxeekiko lana

1985etik, Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Hezkuntzaren arloko proiektuak sustatu ditu, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeentzako diru-laguntza deialdien bidez. Ingurugela-CEIDA sortu zenetik, diru- laguntzez gain irakasleentzako prestakuntza ere eman da, ikastetxean bertan, klaustroak bilduz eta ikastetxeei aholkularitza emanez.

Hasieran, ikasleak ingurumenera hurbiltzeko proiektuak lantzen zituzten ikastetxeek, baina gero haien errealitatetik hurbilago dauden proiektuak lantzen joan dira, hau da, ingurumen arazoei buruzko proiektuak (hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitatea…). Proiektu horiek guztiak ikastetxeetako eguneroko bizitzan eta curriculumetan txertatu dira.

Hasierako Eskola Ekologikoa, Eco-School eta Ekologia Eskolan programetatik gaur egungo Eskolako 21 Agenda programaraino oso bide luzea egin da. 1992an Rio de Janeiron egin zen Lurraren Goi Bilerak ezarritako irizpideei jarraituz, gure autonomia erkidegoko udalerrietan Tokiko Agenda 21 prozesuak garatzen ari ziren ordurako. Prozesu horietan, udal bakoitzak bere ingurumen egoeraren diagnostikoa eta iraunkortasunerako ekintza plana egin behar zituen. Horretarako, herritarren parte-hartzean oinarritutako prozesu ugari abiatu ziren herrietan.

Eskolako Agenda 21 programa ere prozesu horiei atxiki zitzaien eta udalerrietan haurrek eta gazteek parte hartzea lortu zuen, ikastetxeetako foro eta batzarren bidez.

Orain dela hamar urte abian jarri zen programa horretan, ikastetxean era iraunkorrean bizitzeko eta lan egiteko beharrezkoak diren ezagutzak, jarrerak eta balioak artikulatzen dira eta, gainera, oso kontuan hartzen da ikasleen inguru hurbilena: herria, hiria. Programa hori eta aholkularitza zerbitzua akuilua izan dira ikastetxeentzat: proiektuak aurkezteko, beharrak aztertzeko, prestakuntza espezifikoa eskaintzeko eta proiektuen jarraipena egiteko.

Eskolako Agenda 21 hezkuntza komunitateak ikastetxean eta udalerrian iraunkortasuna lantzeko hartzen duen konpromisoa da. Udalerriko ikastetxeak (hala Haur Hezkuntzakoak nola Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoak) elkarlanean aritzen dira, beren arazoak eta irtenbideak aurkezten dituzte eta proposamenak helarazten dizkiete udal arduradunei. Udal arduradunek, berriz, proposamenak entzun eta erantzuna eman behar diete. Ikasleek era aktibo eta kritikoan parte hartzen dute beren ikastetxeari eta udalerriari buruzko erabakietan.

Eskolako Agenda 21 (EA21) 2003an jarri zen abian, 27 ikastetxeren parte-hartzearekin. Gaur egun, 450 ikastetxe baino gehiago (EAEko derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeen %60 inguru) eta 180.000 ikasle baino gehiago parte hartzen ari dira proiektuan. Hori dela eta, Etorkizun Iraunkorrerako Hezkuntzaren Hamarkadaren baitan (2005-2014), Unescok iraunkortasunerako hezkuntzaren arloko jardunbide egoki izendatu du EA21.

Halaber, aipatu beharra dago orain dela zazpi urte errekonozimendu sistema boluntarioa ezarri zela («Eskola Iraunkorra» errekonozimenduak). Horren bidez, ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programaren barruan garatutako esperientzia onak ezagutarazi nahi dira. Errekonozimenduaren azken helburua ikastetxearen lana eta kalitatea gorestea da, hezkuntzari, parte-hartzeari eta iraunkortasunari dagokienez.

Ebaluaziora aurkeztu ahal izateko, ikastetxeek gutxienez 5 urte eman behar dituzte EA21 proiektuan, eta errekonozimendua hiru ikasturterako ematen da. Ebaluazioa gainditzen duten ikastetxeak Iraunkortasunerako Eskolen Sarean (IRAES) sartzen dira. Gaur egun, errekonozimendua jaso duten 89 ikastetxe daude Ingurugela-CEIDAn.

Azkenik, aipatu beharra dago Brasilgo Hezkuntza eta Ingurumen ministerioek Brasilia 2010 Haur eta Gazte Biltzarrean parte hartzera gonbidatu zutela IRAES 21. Gonbidapena onarturik, orduz geroztik ikasleek eskola biltzar askotan parte hartu dute, Euskadiko lau gazte bileratan, estatuko konferentzia batean eta Europako batean.

AZKEN UNEAN SALBATURIK

Kronika idatziek kontatzen dutenez, batzuetan ehiztariek mila bisonte baino gehiago hiltzen zituzten egun bakar batean, dibertsioagatik soilik; bisonteei abian zihoazen trenetatik ere tiro egiten zieten, tiro-barraketako panpinak balira bezala. Eta bereziki larria zen Estatu Batuetako armadak zeukan agindu ofiziala: animalia hori erabat desagerraraztea, haren beharra zeukaten herri indigenak suntsitzeko neurri gisa.

Yellowstonen geratu ziren berrogeita hamar bisonteak eta genetikoki oraindik puruak ziren beste batzuk abiaburutzat harturik, espeziea apurka-apurka berreskuratzea lortu zen. Gaur egun, egindako kalkuluen arabera, aske bizi diren 20.000 bisonte inguru daude Ipar Amerika osoan. Hala ere, naturagune babestuetan bizi dira eta ezin dira handik irten. Honako hauek dira bisonteen bizileku nagusiak: Yellowstone eta Grand Teton (Wyoming, Montana eta Idaho); Wind Cave, Custer eta Theodor Roosevelt (Ipar eta Hego Dakota); Henry Mountains (Utah) eta National Bison Range (Montana). Bisonte horiei basoko bisonteak gehitu behar zaizkie (nagusiki Kanadan bizi den subespezie bat da). Bestetik, milioi erdi animalia baino gehiago elikagaien industriarako okela ekoizten duten abeletxe eta arrantxoetan bizi dira.

http://www.lookingforthewild.com/