INGURUMENAREN GESTIOA

Ingurumenaren kudeaketak mugikortasun iraunkorra sustatzen du

Energia berreskuratzeko sistemak bilboko metroan

Testua: Esteban Lamikiz – Metro Bilbaoko proiektuen koordinazioburua Argazkiak: Metro Bilbao

Sortu zen une beretik, Metro Bilbaok ingurumenaren alde jokatu du beti. Energia berreskuratzeko erabiltzen dituen sistemek gaur egungo teknologiarik aurreratuena dute, eta irtenbide berriak ikertzen jarraitzen du.

Bilboko metroaren balio nagusietako bat mugikortasun iraunkorrari egiten dion ekarpena da. Sortu zen une beretik, Metro Bilbaok ingurumenaren alde jokatu du beti. Bizkaiko garraio publikoa egituratzen duen ardatza izanik, zeharkatzen dituen udalerriak osasungarriagoak bilakatzen lagundu du, erregai fosilen kontsumoa eta berotegi efektuko gasen isuriak minimizatuz. Gaur egun, metroari esker, 133.000 ibilgailu gutxiago ibiltzen dira errepideetan. Datu hori oso garrantzitsua da, metroan egindako bidaia batek autoan egindako batek baino 7,5 aldiz gutxiago kutsatzen duelako.

Bestetik, Metro Bilbao enpresa aitzindaria izan da beti ingurumen kudeaketaren arloan. Ingurumen kudeaketaren ISO 14001 ziurtagiria lortu duen lehen metroa izan da (2002an jaso zuen), eta 2005ean Europar Batasunak sustatzen duen EMAS (Environmental Management Audit Scheme) aitorpena jaso zuen. Halaber, 2008ko abenduan, IHOBEk eta Klima Aldaketaren Euskal Bulegoak abian jarritako «Stop CO2 Euskadi» ekimenari atxiki zitzaion. Eta 2012an bigarren aldiz berretsi zuen Karbono Aztarnaren Ziurtagiria. Iaz berriro lortu zuen ziurtagiri hori.

Bilboko metroa bere funtzionamendurako behar duen energia berreskuratzen saiatzen den garraiobidea da; hala izan da beti. 1995ean inauguratu zen egunetik erabiltzen duen balazta sistemari esker, trenek ibiltzeko behar duten trakzio energiaren %52 berrerabiltzen da. Baina hori ez da Bilboko metroak energia berreskuratzeko erabiltzen duen sistema bakarra, energia aurrezteko sistema berriak ikertzen baititu etengabe. 2010ean, enpresak energia eraginkortasunaren aldeko apustu garbia egin zuen. Horretarako, Energia Kudeaketarako Buruzagitza sortu zen, Administrazio Zuzendaritzaren menpe. Jardunbidea sistematizatzeko helburuarekin, kontsumoa aztertu zen, energiaren arloko kostua gutxitzeko moduak bilatu ziren eta irtenbide teknikoki bideragarriak eskaintzen dituzten prototipoak garatu ziren.

Garrantzi handiko lehen urratsetako bat azpiestazio elektrikoetan gelaxka alderantzikagarrien «Ingebergs» sistema ezartzea izan zen. Sistema horri esker, sare elektrikora itzuli ahal da balazta sistemak berrerabili ezin zuen energia zinetikoa. Gaur egun, estatu osoan instalazio berritzaile hori daukan metro bakarra da.

2013an, Bilboko metroak 72.018.107 kWh energia kontsumitu zuen guztira. Kopuru horren %70 (50.412.675 kWh) trenak ibilarazteko erabili zen, eta %30 lurpeko geltokietako instalazioen funtzionamendurako. Gelaxka alderantzikagarriei esker, metro zerbitzuaren funtzionamendurako behar den energia guztiaren %7,15 aurreztu zen. Portzentaje horren %4,72 (3.394.132 Kwh) sare nagusira itzultzen da, eta %2,43 (1.750.689 kWh) lurpeko geltokietan kontsumitzen da. Trazatuan banatuta dauden hamabi azpiestazioetatik, bostek gelaxka alderantzikagarrien sistema daukate. Beste zazpietan ez da ezarri, lor zitekeen aurrezpenak ez zuelako berdintzen egin beharreko inbertsioa.

Beste jarduketa eremu bat Trafikoko Teleaginteak trenen zirkulazioa antolatzeko erabiltzen duen modulua egokitzea izan da, energia eraginkortasunaren irizpideak aplikatuz. Sistema horren zeregina trenen martxak eta abiadurak diseinatzea da, energia kontsumoa murrizteko asmoz. Helburua trenek geltokien artean ematen duten denborak dakarren kontsumo gehigarria kentzea da. Une honetan, aplikatu beharreko abiadurak eta azelerazioak zehaztuko dituen simulagailua lantzen ari da. Horren helburua %8ko aurrezpena lortzea da.

Bestetik, argiztapen teknologia berriak ezarri dira geltokietan, energia kontsumoa gutxitu ahal izateko. Besteak beste, eta argiztapena era eraginkorrean kudeatzeko, presentzia kontrolatzen duten sakagailuak erabiltzen dira gauez, hau da, tren zerbitzurik ez dagoenean eta garbiketa eta mantentze lanak egiten direnean. Halaber, eskailera mekanikoetan eta beste leku batzuetan T5 hodiak jarri dira lanpara konbentzionalen ordez, eta lurpeko geltoki guztietan led argiak jartzen hasi dira. Lehenago, teknologia hori Abandoko geltokian probatu zen, prototipo gisa. Sistema berria oso eraginkorra dela egiaztatu da: lehen kontsumitzen zen energiarekin alderatuta, %50eko aurrezpena lortu da argiztapenean. Gainera, eta irizpide berdinarekin, led argiak jarri dira UT500 serieko 24 trenetan, eta laster UT550 eta UT600 serieetako trenetan jarriko dira.

Azkenik, hodi erradiatzaileen bidezko berokuntza sistema bat ezartzen ari da Sopelako tailerrean. Aurrerantzean gas naturalaren bidezko berokuntza erabiliko da gasoliozko galdaren eta aerotermoen ordez. Horri esker, bost urte eta erdi soilik beharko dira inbertsioa amortizatzeko.

Bukatzeko, aipatu beharra dago Metro Bilbaok Iraunkortasunaren aldeko Euskal Enpresen Elkarteko Idazkaritza Teknikoaren ardura daukala. Elkarte horrek hamargarren urteurrena ospatu du orain dela gutxi.

ENERGIA ERAGINKORTASUNA BILBOKO METROAN

Metroari esker, egunero 133.000 ibilgailu aparkatuta gelditzen dira eta ez dituzte errepideak erabiltzen.

Energiaren arloan, honako printzipio honetan oinarritutako kultura bat garatu du: ahalik eta gutxien kontsumitu eta ahal beste berreskuratu.

Gelaxka alderantzikagarrien sistema bat daukan metro bakarra da estatu osoan. Sistema horri esker, kontsumitutako energia guztiaren %7,15 berreskuratzen du.