LURRA IZENEKO PLANETAN

Energia berriztagarrien eta aurrezte nahiz eraginkortasun energetikoaren aldeko apustua

Bizkairako energia iraunkorreko estrategia 2020

Ingurumen Zuzendaritza. Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkairako Energia Iraunkorreko Estrategia (EESB 2020) onarturik, Bizkaiko Foru Aldundiak bere politika energetiko propioa jarri du abian. Politika horrek bi oinarri nagusi izango ditu: energiaren arloko aurrezpena eta eraginkortasuna, eta energia berriztagarrien sustapena. Horrela, Foru Aldundiak gure lurraldean aberastasuna eta garapen ekonomikoa sortzeko egin duen apustua zehazten da, ekonomia berdea bultzatuz.

2008tik, Energiaren Azken Kontsumoak Bizkaian izan duen beherakada Barne Produktu Gordinarena baino handiagoa izan da. Jaitsiera horrek oso lotura estua du bizi dugun krisi ekonomikoarekin, baina, neurri batean, eraginkortasun energetikoa apur bat hobetu izanaren ondorioa ere bada.

Bizkaian, energiaren azken kontsumoaren % 47 industriaren sektorean egiten da. Garraioaren sektoreak, berriz, energia guztiaren % 29 kontsumitzen du. Lehen sektoreari Bizkaian kontsumitzen den energiaren % 1 dagokio, eta bizitegien sektoreari eta zerbitzuei % 13 eta % 10 hurrenez hurren.

Oraindik ere, Bizkaian energiaren barne kontsumo gordinaren kopuru handi bat erregai fosilei (petrolioa eta haren deribatuak nagusiki) eta gas naturalari dagokie: % 39 eta % 45 hurrenez hurren. Energia berriztagarriek gure lurraldeko azken kontsumoaren % 7 soilik hornitzen dute.

Planifikazio energetiko tradizionala energiaren eskaria aurreikustera bideratu da nagusiki, arrazoizko kostu batekin betetzeko helburuarekin, kontsumitutako energiaren jatorria eta haren ondorio ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak kontuan hartu barik. Gaur egun, hainbat gobernu beren politika energetikoak modernizatzen ari dira, energia aurrezteko, energia berriztagarrien sustapenaren bidez ingurumenarekiko jokabidea hobetzeko, eta ingurumena babestearekin eta gizakien ongizatea hobetzearekin zerikusia duten ondasun eta zerbitzuen hornikuntzan eragile aitzindariak izateko eta, horrela, enplegua sortzeko eta garapen iraunkorragoaren bidean aurrera egiteko.

Testuinguru orokor horren barnean eta iraunkortasunarekin duen konpromisoa betez, Bizkaiko Foru Aldundiak etorkizun energetikoari buruzko gogoeta estrategikoa egin eta Bizkairako Energia Iraunkorreko Estrategia 2020 (EESB 2020) landu du. Aldundiak oso helburu zehatzak jasotzen ditu estrategia horretan: energiaren arloko aurrezpena eta eraginkortasuna, energia iturri berriztagarri eta garbiak, gure Lurralde Historikoko ondare natural eta kulturalaren kontserbazioa eta eragileen arteko elkarlana.

Estrategia prestatzeko prozesua

EESB 2020 estrategia prestatzeko prozesuan, parte-hartzea sustatzea izan da printzipio nagusietako bat. Foru Aldundiak hainbat eragile instituzional, sozial eta ekonomikoren laguntza bilatu du horretarako. Azpimarratzekoa da Energiaren Euskal Erakundearekiko elkarlan handia, estrategia prestatzeko prozesuan erakunde horrekiko koordinazioa indartu egin baita.

Bide osagarri bi erabili dira prozesu hori aurrera eramateko: (1) Kanpoko parte hartze prozesua, ingurumenaren, ekonomiaren, kulturaren eta gizartearen arloko Bizkaiko eragilerik garrantzitsuenekin iritziak trukatzeko elkarrizketa pertsonalak eginez; eta (2) Barneko parte-hartze prozesua, Bizkaiko Foru Aldundiko sailetako pertsonaz osatutako Eragile Panel batekin iritziak trukatzeko saioak antolatuz.

Estrategia prestatzeko orduan fase logiko batzuk bete dira:

Lehen fasean, erreferentziazko testuingurua ebaluatu da, hau da, energiaren ikuspegitik Bizkaian hartu diren (edo gaur egun prestatzen ari diren) politika eta tresna garrantzitsuenak identifikatu eta aztertu dira, hala Foru Aldundiarenak nola udalerrienak (Energia Iraunkorraren arloko Ekintza Planak) eta eskualdeenak (Urdaibaiko Energia eta Ingurumen Plan Zuzentzailea). Gainera, Europar Batasuneko, Estatuko eta Euskadiko hainbat dokumentu ere aztertu dira.

Bigarren fasean, Bizkaiko Lurralde Historikoaren hasierako egoeraren diagnostikoa egin da, hiru alderdi nagusi oinarritzat hartuz: lurraldea (baliabide endogeno berriztagarriak, paisaiaren eta naturaren elementuak, baliabide historiko-kulturalak…), sozioekonomia (sektoreen egitura, biztanleria, industria eta eraginkortasun energetikoaren nahiz energia berriztagarrien arloko eragileak eta gaitasunak) eta energia (energia kontsumoa, energia elektrikoaren sorkuntza eta azpiegitura energetikoak).

Hirugarren fasean, esparru estrategikoa zehaztu da. Alde batetik, etorkizunean Bizkaiak izan beharko lukeen eredu energetikoaren oinarriak eta osagaiak identifikatu dira. Beste alde batetik, eredu hori oinarritzat hartuz, eredu energetiko iraunkorrago baterantz aurrera egiteko gainditu beharko diren erronkak identifikatu dira, hau da, lortu nahi ditugun helburuak edo emaitzak.

Esparru estrategikoa zehaztu ondoren, ekintza plana diseinatu da, 2016rako eta 2020rako ezarritako helburuetarantz aurrera egiteko finkatu diren ildoetan abian jarri beharreko 10 ekimen berritzailez osatua.

Bizkaiko erronka energetikoak

Lau dira norabide horretan aurrera egiteko Bizkaiko Lurralde Historikoak gainditu behar dituen erronka energetikoak: (1) Energia gutxiago kontsumitzea eta eraginkortasun energetikoa hobetzea, dirua aurrezteko eta ingurumenaren gaineko inpaktuak arintzeko, sektore guztietan gutxiago eta eraginkortasun handiagoz kontsumituz; (2) Petrolioarekiko eta gas naturalarekiko mendekotasuna murriztea, prezioen gorabeherek eta erreserbak dituzten herrialdeetako gatazkek sortzen duten segurtasun gabezia gutxitzeko, nagusiki garraioan energia gutxiago kontsumituz eta energia berriztagarriak sustatuz; (3) Kontsumo energetikoa jarduera ekonomikoaren eboluziotik bereiztea, aberastasuna, enplegua eta aukerak sortuko dituen garapen eredu berritzaile eta iraunkor batean aurrera eginez, energia gutxiago kontsumituz eta ingurumenaren gaineko inpaktua apalduz; eta (4) Jarduera energetikoa ondare natural eta kulturalaren kontserbazioarekin bateratzea, aldi berean herritarren bizi kalitatea, ongizatea eta osasuna hobetuz.

Laburbildurik, estrategia horrekin Foru Aldundiak apustu irmoa egiten du sail guztietan energia aurrezteko eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko, politika eraginkorren bidez. Gainera, udalerriekin dituen harremanen bitartez, Foru Aldundia Bizkaiko Lurralde Historiko osora, bizkaitar guztiengana eta enpresetara iristen da.

Horrela, bere politika energetikoa diseinatzean, jokabide energetiko iraunkorrak sustatzen dituen administrazio aktibo bihurtzen da Foru Aldundia, bere eskumenen eremuan eta, bereziki, Bizkaiko gizarte osoan. Azken helburua gizarte kontzientziatua eta arduratsua edukitzea da, energia erabiltzeko modua aldatzeko eta energiak ingurumenean duen inpaktua arintzeko prest egongo den gizarte bat, gutxiago kontsumituz eta energia berriztagarriak lehenetsiz.

EKIMEN BERRITZAILEAK

EESB 2020 estrategiak 10 ekimen berritzailez osatutako ekintza plan bat jasotzen du. Ekimen horiek gidalerro estrategikoen inguruan zehaztutako esparru estrategikoa osatzen duten ardatz estrategikoetan eta lan ildoetan jarriko dira abian. Ekimen berritzaileak gauzatu ahala, Bizkaiak bere erronka energetikoak gainditu eta eredu energetiko berri baterantz aurrera egingo du. Eredu hori oso lagungarria izango da Euskadiko Energia Estrategian 2020rako ezarritako helburu energetikoak lortu ahal izateko.

1. Iraunkortasunean oinarritutako Hezkuntzarako Bizkaiko Ekintza Egitasmoan energia oinarrizko elementu gisa txertatzea

2. Berraktibatu +: aktibatu + programa zabaltzea eta indartzea

3. Bizkaia green deal: etxean aurrezte eta eraginkortasun energetikoa sustatzea

4. 2050ean Bizkaiko Foru Aldundia energiaren arloan iraunkorra izatea

5. Ingurumen erreforma fiskala: eredu fiskal berri baten alde egitea

6. Kontratazio energetiko berdea: irizpide energetikoak gehi¬tzea kontratazio agirietan

7. Ekogarraioa: Bizkaian garraio iraunkorrago baterantz

8. Bizkaiener: energia iraunkorraren arloan espezializazio adimenduneko ildo bat sustatzea

9. Ekoeraginkortasun energetikoa: energia gutxiago, lehiakortasun gehiago

10. Tokiko Agenda 21: energia oinarrizko elementu gisa txertatzea tokiko agenda 21etan eta haien ekintza planetan.