IRAUNKORTASUNA
Hiri Hondakinak. 2013ko balantzea
Bizkaiko hondakinen birziklapena eta berrerabilpena europako helburura iritsi dira
Ingurumen Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia. Bizkaiko Foru Aldundia
Bizkaiko Lurralde Historikoak dagoeneko bete du Europak 2020rako ezarritako helburua, hau da, hiri hondakinen % 50 gaika biltzea eta bereiztea, eta hiri hondakinen sorrera, gaikako bilketa, bereizketa eta tratamenduaren datuak hobetzen segitzen du. Bestetik, Bilboko Tratamendu Mekaniko eta Biologikoko Planta abian dagoenetik, 2013an sortutako zaramaren % 16 soilik utzi zen hondakindegietan.
Aurreko bost urteetan bezala, 2013an ere Bizkaiak hiri hondakinen sorrera, gaikako bilketa, bereizketa eta tratamenduaren datuak hobetu zituen. Guztira, 2012an baino 14.362 tona gutxiago sortu ziren (% 2,3 gutxiago), biztanleriak 2.000 pertsonako murrizpen txikia izan zuelarik. Bilboko Tratamendu Mekaniko eta Biologikoko Planta abian dagoenetik, balorizazio material edo energetikoaren portzentajea nabarmen gehitu da, % 84raino (% 50 eta % 34 hurrenez hurren). Sortutako zaramaren % 16 soilik utzi da hondakindegietan. Horrenbestez, Bizkaiak urteak daramatza Europar Batasunak hondakinen isurketaren arloan 2016. urterako ezarritako helburuak betetzen, eta dagoeneko bete ditu berrerabilpenaren eta birziklapenaren arloan 2020rako ezarritakoak.
Bilketa, bereizketa eta tratamendua
Bizkaiko Hiri Hondakinen Kudeaketako Planaren ohiko bigarren berrikuspenak bide eman du hondakin frakzio bakoitzaren fluxuak zehatz-mehatz ezagutzeko. Gaur egun, behatokiaren metodologiak gaikako bilketa eta bereizketaren datuak zehazten ditu batetik, eta azken birziklapenaren datuak bestetik (hau da, benetako birziklapenarenak).
Kontuan izan behar da gaika bildutako hondakinen frakzioak jasotzen dituzten aurretratamendu plantek gaiaren arabera bereizten dituztela, berrerabiltzeko edo birziklatzeko. Aitzitik, bere ezaugarriengatik birziklatzera bideratu ezin den kopuru handi bat geratzen da. Horregatik, energetikoki balioztatzen da edo, hori ezinezkoa bada, hondakindegi kontrolatuetara bideratzen da. Beraz, orain arte birziklapen gisa zenbatzen zen portzentaje bat deskontatu behar da, balorizazio energetikoan edo deuseztapenean sartzeko. Nolanahi ere, Zabalgarbira iristen den masako zaborraren parte bat metalak edo materialak dira. Horiek bereizi eta birziklatu egiten dira. Horregatik, hondakin horiek benetako birziklapenaren azken kontaketan sartu behar dira.
Etxeko zabor gutxiago
2013an 605.601 tona hiri hondakin jaso ziren, aurreko urtean baino % 2,3 gutxiago. Jaitsiera hori etxeko hondakinen frakzioan eta merkataritzako hondakinen frakzioan gertatu da, bietan.
Biztanleko hiri hondakinen sorrerak ere behera egin du: 535 kg/biztanle/urte 2012an eta 524 kg/biztanle/urte 2013an. Prebentzio politikei emandako bultzada eta, batez ere, krisi ekonomikoa dira Bizkaian izandako jaitsiera horren arrazoi nagusiak.
Frakzio guztien gaikako bilketaren indizeei dagokienez, hobetu egin direla azpimarratu behar da (ikus 1. taula). Gainera, gaika bildutako 236.348 tona hondakinei TMB plantan gaika bereizitako 65.026 tonak gehitu behar zaizkie. Hondakin horiek berrerabili, birziklatu eta balioztatu egiten dira. Kopuru hori 2013an sortutako hondakinen erdia da gutxi gorabehera.
Zabor gutxiago hondakindegietan
Beste urte batez, masan biltzen diren hiri hondakinen kopurua gutxitu egin da. 206.420 tona balorizazio energetikora bideratu dira, eta hondakindegietan 97.807 tona soilik utzi dira, hau da, 2012an baino % 41,5 gutxiago.
Bilboko Tratamendu Mekaniko eta Biologikoko Planta abian jartzearen ondorioz, portzentajeetan Bizkaiko kudeaketa sistemen eskema globala optimizatu da: Bizkaian sortzen diren hondakin primarioen % 84 aurretratamendu sistemetara bideratzen dira, balio materiala (% 50) edo energetikoa (% 34) aprobetxatzeko. Gainerako % 16a bakarrik uzten da hondakindegi kontrolatuetan, inolako aprobetxamendurik gabe. 2013an, azpiegitura abian jarri zen eta proba eta egokitzapen fasean egon da. Horregatik, 65.026 tona bakarrik tratatu dira. Kopuru hori urteko 180.000 tonako ahalmen nominaletik urrun dago oraindik. Ondorioz, 2014. urtean kopuruak asko hobetzea espero daiteke.
Eraginkortasuna birziklapenean
Gaika bildutako eta bereizitako hondakin guztietatik, % 70 baino gehiago modu eraginkorrean berrerabili edo birziklatzen dira. Horri hondakin sekundarioen zati handi bat gaineratu behar diogu (metalak eta zepak), balorizazio energetikoaren bidez tratatzearen emaitza direnak; horiek ere birziklatzen dira. Ia % 7 lurrundutako ur gisa galtzen da, % 7 energetikoki balioztatzen da eta % 16 hondakindegi kontrolatuetan uzten da, ezin delako inola aprobetxatu.

Guztira, benetako birziklapenak sortu diren hondakin guztien % 42,3 baino gehiago hartzen ditu, eta portzentaje hori Europan buru den herrialdeak (Alemania) lortutakotik hurbil dago. Estatistiketarako, gainera, kontuan hartu beharko genuke TMB plantan 43.552 tona biohondakin egonkortu direla, Europan berrerabiltze eta birziklatze tasak kalkulatzeko zenbatzen baitira. Beraz, hori kontuan izanda, 2013an Bizkaiko portzentajea % 49,5 litzateke. Holanda, Belgika, Alemania eta Austria bakarrik iritsi dira urrunago. Hala ere, azken bi herrialde horiek soilik gainditzen dute % 60a (ozta- ozta). Europar Batasuneko herrialde guztiek 2020an bete behar duten helburua, Hondakinen Esparru Zuzentarauaren arabera, % 50 da. Bizkaiak helburu hori ia beteta dauka 2013. urtean, eta 2014an sobera gaindituko du, Tratamendu Mekaniko eta Biologikoko Planta ahalmen osoan lanean arituko baita. Gainera, frakzio organikoaren birziklapena bultzatuko da, bosgarren edukiontzi pertsonalizatuaren bidez.

BIZKAIAK HONDAKINDEGIEN ZUZENTARAUA BETETZEN DU
Bizkaiak sobera betetzen ditu hondakindegien 1999/31/CE Zuzentarauak 2016. urterako jarritako helburuak (zehazki, 2009an lortu zuen hori). 2013an % 74,2 murriztu da hondakindegietan uzten diren gai biodegradagarrien kopurua. Murrizpen horrekin, Bizkaiak sobera betetzen du EBk 2016ko uztailerako eskatutako helburua (% 65eko murrizpena gutxienez). Murrizpen hori % 100 izatea nahi du Bizkaiko Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralak (zeroko isurketa gordina). Helburu horretara hurbilduko gara Tratamendu Mekaniko eta Biologikoko Planta bere ahalmen osoan martxan jartzen denean.