INGURUMENAREN GESTIOA
Aldundiaren sistema eredugarria: egitasmoa eta iraunkortasun eragileak
Bizkaia 21 egitasmoa, iraunkortasunaren bidean
Bizkaiko Foru Aldundia
Bizkaia 21 Egitasmoa (2011-2016) Bizkaiko Foru Aldundiaren iraunkortasunaren aldeko apustu sendoa baieztatzen duen tresna da, foru organoaren eskumeneko gai ezberdinetan iraunkortasuneranzko norabidea ezartzen duten jarduketak jasotzen dituelarik. Bere ezartze eta jarraipenerako sortutako Iraunkortasun Eragile ezberdinen sare egonkorrak bere ezarpena ziurtatzen du eta baita iraunkortasun gai ezberdinen lanketa egokia ere, guztia beste administrazio askorentzat eredugarria izan daitekeelarik.
Zer da Bizkaia 21 Egitasmoa?
2005ean onetsi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak lehenengo Bizkaia 21 Egitasmoa, iraunkortasunerantz egitearen aldeko mugimenduei erantzuna emateko, batez ere Europakoei, bere indarraldia 2010era arte luzatuz. Horren ostean, Bizkaia 21 Egitasmoa (2011-2016) iritsi zen, oraingo honetan, aurrekoaren ildo beretik, foru sailei dagozkien jarduketetan iraunkortasun-irizpideak txertatzen laguntzeko asmoz, lurraldea eta bizkaitarrak iraunkortasunaren bidetik joan daitezen.
Beti esaten da garapen iraunkorraren kontzeptua administrazioaren jarduketa eremu guztietan txertatu beharra dagoela eta, beraz, Bizkaia 21 Egitasmo berriak Bizkaiko Foru Aldundiaren sail eta egitura guztiak ukitzen ditu.
Lehenengoaren gisa, gaur egun indarrean dagoen Bizkaia 21 Egitasmoa 6 printzipio nagusitan oinarritzen da. Hasteko, ekonomia, ingurumen, gizarte eta kultur alderdiak erabakiak hartzeko moduan txertatzean; bigarrenik, belaunaldien arteko zuzentasunean, hartzen diren erabakiak ondoren etorriko direnak kontutan izanda hartzen laguntzen duena; hirugarren lekuan, oinarrizko beharrak betetzea, pobreziaren kontrako borroka eta belaunaldi barruko zuzentasuna sustatzean; laugarrenik, gobernantza ona eta partaidetza sustatzean; bosgarren tokian, kultur identitatea sustatzean; eta, azkenik, zeharkakotasuna sustatzea erabakiak hartzean.
Egitasmoaren oinarria eta antolaketa
Bizkaia 21 Egitasmoa Aalborg+10 Konpromisoen inguruan dago antolatuta. Izenak berak dioen bezala, konpromiso horiek 10 dira, eta Ildo Estrategikoetan banatu dira, hots, jarraitu beharreko jarraibideetan edo jokabideetan. Halaber, horietako bakoitzak bere helburuak ditu, eta horien barruan, helburuak lortzeko egin beharreko jarduketak. Guzti horren jarraipena egin ahal izateko, adierazleak ere txertatu dira helburu bakoitzeko.
Egitasmoan, guztira, 10 Aalborg+10 Konpromiso, 34 Ildo estrategiko, 93 Helburu eta 336 Jarduketa daude jasota. Hala, politikek Bizkaiko Lurralde Historikorako eta hura osatzen duten udalerrietarako hazkunde iraunkorreko ereduaren alde duten konpromisoa bideratzen duten ekintzak bildu dira dokumentuan.
Guzti horiek modu egokian ezartzen direla bermatzeko, jarduketa bakoitzak Foru Aldundiko Zuzendaritza Nagusi bat edo gehiago du arduradun bezala identifikatuta. Ezarpena bermatzeaz gain, Zuzendaritza bakoitzak dagozkion jarduketen jarraipen zehatza egiten du, egon daitezkeen oztopoak identifikatu eta konponbidea ahalik eta lasterren zehaztu ahal izateko.

Orain arteko emaitzak
2011 urtean indarrean jarri zenetik, Bizkaia 21 Egitasmoaren lorpenak ugariak dira eta bere ezarpen maila ona eta eraginkorra dela baieztatzen duten adibide ugari dago. Gainera, adierazgarria eta esanguratsua da dagoeneko bertan jasotako jarduketen % 84 martxan dagoela, nahiz eta bere indarraldia 2016ra arte luzatzen den.
Aurrekoarekin lotuta, adibide horietako bat herritarrentzako Ingurumen Informazio Sistema hobetzearena da. Egitasmoan jasotako jarduketa da eta, hori gauzatzeko, Ingurumen Sailetik tresna ugari ahalbidetu dira hori horrela izan dadin. Horien artean garrantzitsuena, beharbada, Bizkaia 21 web ataria sortzea izan da. Atari honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak iraunkortasunaren arloko informazio eta tresna baliagarriak jartzen ditu eskuragarri eta, halaber, enpresen, erakunde sozialen eta herritarren komunikazioa eta parte-hartzea sustatzen du. Horrez gain, Aldundiko Iraunkortasun Adierazleen hedapen publikoa ere egiten da (Bizkaia 21 web atarian, besteak beste).
Iraunkortasunak ingurumen alderdiak bakarrik jorratzen ez dituenez, badaude martxan jarritako beste hainbat esparrutako jarduketak. Esaterako, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusitik Aldundiko langileriaren mugikortasun iraunkorra sustatzeko, urrutiko lan esperimentaleko ildoak abiarazi dira (telelana) talde konkretuekin, lortutako emaitzak onak izanik.
Bestalde, Kultura Saileko Kirolen eta Gazteriaren Zuzendaritza Nagusitik, bizkaitarren osasuna hobetzeko jarduketak ere garatzen ari dira. Besteak beste, jarduera fisikoaren onurei buruzko sentsibilizazio kanpainak egiten dira, eta Bizkaiko udalerrietan hitzaldi eta jardunaldi teoriko-praktikoak antolatzen dira.
Aldundiko Gizarte Ekintza Sailetik ere, ekintza ezberdinak jarri dira martxan arriskuetan edo beharrizanetan babes egokia bermatzeko asmoz. Horietako batzuk ondokoak dira: laguntza teknikoak eta laguntzak ezartzea mugikortasun urriko adinekoen etxebizitzen barruko egokitzapenerako, mendekotasuna duten adineko edo horien zaintzaileentzako diru-laguntzak ezartzea, etab.
Lehen sektoreari dagokionez, Egitasmoan jaso bezala, nekazaritza gune iraunkorra eta horren landa ezaugarriak errespetatzen eta handitzen dituzten politikak indartzeko helburuarekin, Nekazaritza Sailetik Bizkaiko Lurren Bankua sustatu da, nekazaritza-ingurumen programak eta laguntzak eta ekoizpen ekologiko eta integratua bultzatzen dira.
Euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzeko ere, erabat finkatuta dauden eta Egitasmoan jasota dauden jarduketa ezberdinak gauzatzen dira etengabe. Besteak beste, Bizkaiko gizarte elkarteek eginiko euskarazko jarduerak bultzatu, udal eta mankomunitateetako gizarte hizkuntza eragileak trebatzeko eta koordinatzeko ikastaroak antolatu eta euskararen erabilera sustatu Bizkaiko Foru Aldundiaren barne funtzionamenduan.
Horiek guztiak adibideak baino ez dira. Egitasmoko jarduera bakoitzaren aurrerapen maila ezagutu nahi izanez gero, Bizkaia 21 web atarian dago eskuragarri.
Iraunkortasuna guztiona da
Egia da Bizkaia 21 Egitasmoarekin Bizkaiko Foru Aldundiak, bai bere barnean eta bai Bizkaia mailan, iraunkortasuna sustatzea duela helburu, baina ez da ahaztu behar guztiok hartu behar dugula parte iraunkortasuneranzko bide luze honetan. Beraz, zu zeu ere parte hartzera gonbidatzen zaitugu, Bizkaia 21 web atariko «Iraunkortasun Pertsonala» atalean jasotako jardunbide (Aktibatu + ekimena esaterako), adibide, dekalogo eta argitalpenetan datozen aholkuak martxan jartzera animatuz. Guztion artean bakarrik lor dezakegu Bizkaia norabide egokian jartzea.
Informazio gehiago Bizkaia 21 web ataria: www.bizkaia21.net

EGITASMOAREN JARRAIPENA: IRAUNKORTASUNEKO ERAGILEEN FOROA
Jarduketa guztien jarraipena egiteko asmoz, Iraunkortasuneko Eragileak izendatu dira Bizkaiko Foru Aldundiko Zuzendaritza Nagusi guztietan (pertsona bat edo gehiago Zuzendaritza bakoitzean). Beraiek egingo dute Egitasmoaren jarraipen zuzena eta, era eraginkorrean koordinaturik lan egin ahal izateko, Iraunkortasuneko Eragileen sare egonkor bat sortu da.
Bizkaia 21 Egitasmoaren jarraipena ahal bezain sistematizatua izan dadin, mugarri finko batzuk ezarri dira. Seihileko bakoitzean, jarduketa bakoitzeko aurrerapen mailaz informatzen da, honako egoera hauek bereiziz: «hasi gabea», «hasita», «garapen bidean» eta «garatuta». Era berean, urtero Egitasmoan jasotako adierazleen kalkulua egiten da, jarduketek Bizkaiko iraunkortasunari egindako ekarpenak aztertzeko eta baloratzeko.
Eragileen Foroaren helburua Zuzendaritza Nagusi guztiak harremanetan jartzea da, ohiko zereginek eta lantzen dituzten gaiek harreman hori berez sortzea eragozten baitiete. Izan ere, iraunkortasunaren kontzeptuak administrazioaren barneko hesiak gainditzea eskatzen du, arlo guztiak elkarrekin lotuta daudelako.
Iraunkortasuneko Eragile bakoitzak bere Sailaren edo Zuzendaritzaren eskumenekoak diren gaiei buruzko azken informazio ematen du, eguneratuena. Horrela, Foru Aldundiak beharrezkoa den informazio guztia edukiko du iraunkortasunaren arloko erabakiak hartzeko orduan. Halaber, Iraunkortasuneko Eragileen Foroak parte hartzen du Foru Aldundiak ingurumenaren arloan abian dituen edo abian jarri nahi dituen ekimen gehienetan.
Garapen iraunkorraren arloko lana Iraunkortasuneko Eragileetan oinarrituta egiteko eredu hori guztiz aitzindaria eta berritzailea da, eta beste administrazio batzuek jarraibidetzat har dezakete. Bizkaia 21 Egitasmoko beharrak betetzeko sortu den lantaldetik abiatuta, iraunkortasunean lan egiteko sare egonkor eta eraginkor bat eratu da. Foru Aldundiko sail eta arlo guztiak ordezkaturik daude sare horretan.