BAZENEKIEN?
Energia
Globo aerostatiko berezi bat zeruan barrena milaka metro egiteko eta hodeietako hezetasuna harrapatzeko gai da, gero energia garbi bihurtzeko. Zentral hidroelektrikoen logikari jarraituz, globo aerostatiko horrek itsatsita daukan hodi baten bidez harrapatzen du hodeitako hezetasuna. Gero, hezetasuna turbosorgailu batera pasatzen da eta elektrizitatea eta ura lortzen dira. Asmakizun berritzailea eta kostu gutxikoa da. Sistema muntatzearen guztizko prezioa 8.000 euro inguru da.
Biodibertsitatea
Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza eman dio «Gure zura» kanpainari. Kanpaina horren bitartez, basogintzaren eta zuraren sektoreak iraunkortasunarekin duen konpromisoa adierazi nahi da. Kanpainaren burua Bittor Oroz da, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea. Orozek nabarmendu du bertoko zura kontsumitzeak Euskadin aberastasuna eta enplegua sortzen laguntzen duela, gure ingurunearen landa garapena bultzatzen duela eta onura ekologikoak ere ekartzen dituela. Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendari eta PEFC erakundearen (basogintza sektorearen iraunkortasuna bermatzen duten erakundeetako bat) lehendakariorde Ikerne Zuluagak iraunkortasun ziurtagirien garrantzia azpimarratu du. Zuluagak adierazi duenez, ziurtagiri horiek egiaztatzen dute basoen eta baso-lursailen erabilerak «biodibertsitatea, baliabideen oreka eta birsortzeko gaitasuna bermatzen dituela eta orain nahiz etorkizunean gure herrialderako aberastasuna sortzen duela».
Eskuragarritasun Unibertsala
ONCEk emandako datuen arabera, itsuak diren edo ikusmen ezgaitasuna duten 180 haurrek ikastetxe arruntetan ikasten dute Euskadin, ONCEko laguntzaile talde espezifikoen eta hezkuntza administrazioaren laguntzarekin. Ikusmen ezgaitasuna duten haurrak hezkuntza normalizatuan integratzeak indarrean dagoen legeriak jasotzen duen joera orokorrari erantzuten dio. Izan ere, helburua pertsona guztiak barnebilduko dituen sistema bakar bat sortzea da, ikasleek hezkuntza laguntza ekitatiboa eta kalitatezkoa jasotzeko duten eskubidea lehenetsiz eta ikasle bakoitzaren behar espezifikoak errespetatuz.
Integrazioa
Orain dela bi urte, Bizkaiko Gurutze Gorriak Taller Cultura izeneko programa jarri zuen abian, etorkinei gaztelania ikasten laguntzeko helburuarekin. Horrela, etorkinek beren ingurune berria ezagutuko dute eta hobeto moldatuko dira gestioak egiteko, dokumentazioa lortzeko edo, besterik gabe, beraien etniakoak ez diren dendetan erosteko. Boluntario talde batek hizkuntza bikoteak osatzen ditu etorkinekin, gaztelaniaz hitz egiteko eta solasean aritzeko. Harreman hori oso aberasgarria da eta bikotekideek elkarrengandik ikasten dute: batek gaztelania ikasten duen bitartean, besteak beste kultura bat ezagutzen du. Batzuetan adiskidetasun harremanak ere sortzen dira.
Garraioa
Ibilgailu elektrikoak «azeleratzen» jarraitzen du Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren, Energiaren Euskal Erakundearen eta IBIL enpresaren eskutik. Enpresa hori 2009an sortu zen, Repsolen laguntzaz, auto elektrikoak kargatzearekin zerikusia duen guztia kudeatzeko helburuarekin. Ibilgailu elektrikoak taxiaren gremioan sartzen ari dira nagusiki. Bizkaiko hiriburuan, esaterako, bi taxi elektriko daude, Radio Taxi Bilbao enpresakoak biak. Bata, Nissan Leaf markakoa, guztiz elektrikoa da, eta bestea, Toyota Pruis markakoa, hibrido entxufagarria. Ibilgailu horiek erabili dituzten bezeroak oso pozik agertu dira, eta erosotasuna nabarmendu dute, ez baitago ez bibraziorik ez zaratarik.
Genero berdintasuna
Zazpikaleetako, Bilbo Erdialdeko, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko, Zabalako, Txurdinagako, Santutxuko eta Otxarkoagako 600 dendak eta 241 ostalaritza establezimenduk «Ez beti da ez. Ekina jazarpena da. Jazarpena, erasoa» kanpainan parte hartu zuten Aste Nagusian, Bilboko Udalarekin eta Bilboko Konpartsekin batera. Kanpainaren helburua jaietan berdintasuna eta emakumeen eskubideekiko errespetuzko jokabidea sustatzea zen. Bilbobus, Euskotren eta Astondoa Piroteknia ere atxiki zitzaizkion indarkeria matxistaren kontrako kanpainari.
Kontsumo arduratsua
Gaur egun Euskadi ekologikoagoa eta iraunkorragoa da, krisiari esker eta industriaren lepotik. Hala dio Euskal Autonomia Erkidegoko azken Ingurumen Profilak (urtero gure ekosistemako adierazle nagusien osasuna aztertzen duen txostena). Azterlan horren arabera, azken urteotan aurrerapen handiak egin dira ingurumena gehiago errespetatzen duen eta atseginagoa eta bizitzeko egokiagoa den Euskadi baterantz. Hobekuntza nabariak egin dira honako arlo hauetan: klima aldaketa, airea, ura, lurzorua, biodibertsitatea, baliabide naturalak eta hondakinak. Paradoxikoki, krisiak eragin handia izan du hobekuntza horretan, zeren eta, industria jarduera murriztu denez, substantzia kutsatzaile gutxiago igortzen baitira atmosferara. Beraz, enpresak dira bilakaera positibo horren «errudun» nagusiak, ingurunea errespetatzeko kultura handiagoari eta ekoeraginkortasunaren arloko aurrerapenei esker ere. Garraioa, ordea, kutsatzeko ahalmena gehien handitu duen sektoreetako bat da oraindik.
Ingurunea
Euskadiko Biodibertsitate Zentroak 14.000 bistari izan zituen iragan ikasturtean. Guztira, 13.580 ikaslek eta 874 irakaslek bisitatu zituzten Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak kudeatzen dituen instalazioak. Gehienek (7.953) eskola programa didaktikoan parte hartu zuten, eta 5.627k jarduerak eta bisita gidatuak aukeratu zituzten. Lan saioetan parte hartu zuten ikastetxeen %91 Bizkaikoak izan ziren, %5 Gipuzkoakoak eta %4 Arabakoak. Irakasleek 9,42 puntuko ebaluazioa eman zieten lan saioei (iaz 9,38 puntu eman zieten).
Elkartasuna eta Garapena
La Caixak 11.514 kilo elikagai jaso ditu Euskadin dituen bulegoetan, Gurutze Gorriarentzat eta gizarte bazterketa pairatzen duten edo pairatzeko arriskuan dauden Euskadiko pertsona eta familientzat. Elkartasun kanpainaren helburua ekarpenek eta dohaintzek udan izaten duten beherakadari aurre egitea zen. Boluntarioek, La Caixako langileek eta bezeroek eman dituzte elikagaiak. Guztira 550 tona jaso dira Espainiako estatu osoan. Batez ere, oso elikagarriak diren oinarrizko produktuak jaso dira: arroza, pasta, lekale lehorrak, olioa eta kontserbak. Haurren gosaria edo askaria aberasten duten elikagai asko ere bildu dira, hala nola zerealak, galletak, ahiak eta fruta zukuak. Bankuak Euskadin dituen 130 boluntarioak arduratu dira elikagaiak hautatzeaz eta kutxak dagokien lekura eramateaz.
Hondakinak
Palentziako Zerealen Zentro Teknologikoko (Cetece) eta Europako beste zentro batzuetako ikertzaileek ehuneko ehun biodegradagarria den plastiko bat garatu dute. Europako Bread4pla proiektua («plastikorako ogia» esapidearen akronimoa) 2010ean jarri zen abian, moldeko ogiaren azalarekin eta bizkotxo hondarrekin egindako polimero plastiko bat lortzeko asmoz. Gero, polimeroa produktu horiek kontserbatzeko erabili ahalko zen, zikloa itxiz. Europar Batasuneko Life+ programak finantzatu du hondakinak tratatzeko eta balorizatzeko proiektu hori. Orain bukatu da, arrakasta handiz, guztiz biodegradagarriak diren eta, gainera, «industriako hondakinekin eginda» dauden plastikozko poltsak eta erretiluak lortu baitira.