ALBISTE LABURRAK
Foru Aldundiak bertoko espezieekin basoberrituko du Atxarrea mendia
Gautegiz-Arteagako Udalarekin lankidetzan, Bizkaiko Foru Aldundiak haritz, gaztainondo, gereziondo, pago eta arteekin basoberrituko ditu Atxarrea mendiko 12 hektarea. Mendiko partzela hori baso aprobetxamendurako intsinis pinuz estalita zegoen. Atxarrea mendia Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago, eta basoberrituko den partzela osoa naturagune berezi horretako Artadi Kantauriarrak Babesteko Eremuan.
Bizkaiko bizikleta bideei buruzko Foru Araua onartu da

Uztailaren 28an indarrean sartu zen ekainaren 27ko 10/2014 Foru Araua, Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu ostean. Foru arauaren xedea Lurralde Historikoko bizikleta bideak arautzea da, eta bi helburu nagusi ditu: batetik, bizikleta bideak mugikortasun iraunkorra garatzeko bide azpiegitura berri gisa onartzea; bestetik, bizikleta bideak arautzea, bizikleta garraiobide gisa sustatzeko eta Bizkaia bizikletazko mugikortasunerako egitura saretu baten bidez egituratuz. Egitura hori dagokion Lurralde Plan Sektorialean zehaztu beharko da.
Ur araztuen berrerabilpenari buruzko legea egingo du Bruselak 2015. urtean
Europako Batzordea uraren berrerabilpenari buruzko lege espezifiko bat prestatzen ari da. Bruselaren asmoa araudi berria 2015ean ezartzea da, eta juridikoki loteslea izango da Europar Batasuneko estatu guztientzat. Ur baliabideen erabilera bikoitzari buruzko zuzentarauak proposatuko ditu eta herrialde nahiz eskualdeek nekazaritzaren, hirigintzaren, industriaren eta aisialdiaren arloko ustiapenerako helburu zehatzak finkatzea eskatuko du.
Euskadiko herritarrek etxeko 70.195 tona ontzi birziklatu zituzten 2013. Urtean

Euskadiko herritarrek gero eta konpromiso handiagoa dute birziklatzearekin eta ingurunea babestearekin. Izan ere, ontziak birziklatuz eta ekodiseinuaren bidez ingurumena zaintzeko egiten den lana koordinatzeaz arduratzen den Ecoembes erakundeak emandako datuen arabera, 2013an etxeko 70.195 tona ontzi birziklatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Batez beste, pertsona bakoitzak 15,5 kilo ontzi arin utzi zituen edukiontzi horian (plastikozkoak, metalezkoak eta brikak), aurreko urtean baino kilo bat gehiago. Kartoizko eta paperezko ontziei dagokienez, biztanle bakoitzak 31,2 kilo utzi zituen edukiontzi urdinean (estatuko batezbestekoa baino %50 gehiago). Eta edukiontzi horian oker utzitako hondakinen portzentajea %18,6 izan zen, estatuko batezbestekoa baino askoz ere txikiagoa (%30). Horrek erakusten duenez, EAEko herritarrek oso argi daukate ontziak birziklatzea garrantzitsua dela ingurumena zaintzeko.
Oso ongi altua Bizkaiko hondartzei eta hobekuntzak kudeaketa sistemetan

Iragan denboraldian, Bizkaiko hondartzei buruzko gogobetetasun orokorrak kota altuei eutsi die. Erabiltzaileek 10etik 7,93ko nota eman diete. Ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30era arte iraun duen bainu-denboraldian normaltasuna eta gorabeherarik eza izan dira ezaugarri nagusiak. Otsaileko eta martxoko denboraleen ondorioz egoera zaila sortu zen, sarbide eta instalazioetan gertatutako kalteengatik; hala ere, tartean dauden erakundeak hondartzen kudeaketari dagokionez erronkarik garrantzitsuenetako bati ekiteko gai izan dira.
Gainera, aurten gora egin du kalitatea kudeatzeko sistemetarako ISO 9001 ziurtagiria eta ingurumena kudeatzeko sistemetarako ISO 14001 ziurtagiria daukaten Bizkaiko hondartzen kopuruak. Gaur egun, 28 hondartzetako 15ek dauzkate ziurtagiri horiek, Eako hondartza gehitu baita. Horrez gain, nabarmendu behar da Bakio, Arriatera-Atxabiribil (Sopela) eta Plentziako hondartzak ingurumen arloko aipamen nagusia den EMAS Erregistroan sartu direla, eta Gorlizek, berriz, turismo kalitateko Q aipamena duela.
Ospitale ekologikoagoak

Galdakaoko, Gorlizko eta Gurutzetako ospitaleak energia berriztagarrien erabilera handitzea eta CO2 isurketak gutxitzea helburu duen Europako proiektu pilotu bati atxiki zaizkio. Guztira, kontinente osoko 15.000 ospitale sartu dira proiektu horretan.