BAZENEKIEN?
Genero berdintasuna
Milurtekoko helburuetako bat genero berdintasuna sustatzea eta emakumeak eta neskak ahalduntzea da. Izan ere, emakumeen ahalduntzeak egonkortasun ekonomikoa susta dezake. Baliabideak eskaini behar zaizkie emakume pobreei eta genero berdintasuna sustatu behar da etxean eta gizartean, hori oso onuragarria baita garapenarentzat. Bestetik, obra publikoetan, nekazaritzan, finantzetan eta beste sektore batzuetan emakumeei aukera gehiago emateak hazkunde ekonomikoa azkartzen du eta gaur egungo nahiz etorkizuneko finantza krisien ondorioak arintzen laguntzen du.
Eskuragarritasun unibertsala
Liburutegiek gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen dituzte pertsona guztiek irakurtzearen plazeraz gozatzeko aukera izan dezaten. Besteak beste, liburuak braille sistemara egokitzen dituzte eta telelupak ematen dizkiete ikusteko ezgaitasuna duten pertsonei. Braillera egokitutako testuak dituzten liburutegiak unibertsitateko ikasleentzat, profesionalentzat eta irakurtzeaz gozatu nahi duten pertsona guztientzat pentsatuta daude. ONCEko Bibliografia Zerbitzua arduratzen da testu liburuak, literatura, liburu teknikoak nahiz profesionalak eta interes orokorreko aldizkariak braillera transkribatzeaz. Alcala de Henaresko Unibertsitateko liburutegia izan da horrelako argitalpenak gehitu dituen azkena.
Integrazioa
Bizkaian 16.000 gor inguru daude, baina oso kolektibo heterogeneoa da: entzuteko gaitasuna, ezpainak irakurtzeko gaitasuna, hitz egiteko gaitasuna… Pertsona horien komunikazio gaitasuna ez dago entzuteko ezgaitasun mailaren menpe, bizitzan zehar jaso duten estimulazioaren menpe baizik. Haurrak hezkuntza arruntean integratzeko egin diren aurrerapenei esker, gero eta gazte gehiago iristen dira unibertsitatera. Urtero, entzuteko ezgaitasuna duten 24 pertsona inguru matrikulatzen dira EHUn. Gaur egun, Euskal Gorrak elkarteak enplegua bilatzen ari diren 240 pertsonez osatutako lan poltsa bat kudeatzen du. Gainera, urtero hogei kontratu inguru ixten ditu, mota askotako lanpostuetarako.
Elkartasuna eta garapena
Cafés Pendientes izeneko ekimenak elkartasun ekintza bat egitera gonbidatzen gaitu, irabazi asmorik gabea eta konfiantzan oinarritua. Ekimen solidario horretan parte hartzen duen establezimendu batera joan, gure kafea hartu, eta ordainduta utziko ditugu beste kafe batzuk, baliabide nahikorik ez duen edozein pertsonak establezimendu horretan kafe bat hartzeko aukera izan dezan. Pertsona bakoitzak ordainduta uzten dituen kafeak arbel batean idazten dira. Ideia hori Napolin sortu zen (Italia), «Caffe Sospeso» izenarekin. Sare sozialei esker, hainbat herrialdetara zabaltzen ari da eta jendearen erantzuna oso ona izan da. Informazio gehiago web orri honetan: Cafespendientes.es.
Biodibertsitatea
Itsas populazioaren ehuneko 60 inguru itsasertzetik hurbilen dauden 60 kilometroetan bizi da. Datu bitxia da hori. Izan ere, itsaso eta ozeanoen azalerarekin alderatuta, itsasertzari dagokion azalera oso txikia da. Munduko ozeanoek Lurraren %71 estaltzen dute eta haietan bizi diren espezie ezagunen kopurua bi milatik gorakoa da.
Garraioa
Bezeroek 8,16ko puntuazioa eman diote Metro Bilbaori, 10etik, zerbitzuaren kalitateari dagokionez. Horrek erakusten duenez, 2013an hasi zen goranzko joera finkatu egin da. Aipatzekoa da Bezeroen Arretak jaso duen puntuazioa: 8,12 puntu, metroaren historiako altuena. STIGA enpresa independenteak landutako Bezeroen Asebetetze Indizearen arabera, Metro Bilbao Garraio Publikoko enpresarik onena da estatu mailan.
Ingurunea
Espainiako uharte handien artean, Formentera da itsasertz osoa Natura 2000 sarean daukan bakarra. Gaur egun, natura uharteko baliabiderik erakargarriena eta aktibo nagusia da. Formenterako itsasertzak hirurogeita hamar kilometro ditu eta Europako Natura 2000 sare ekologikoko sei eremu desberdin ikusi ahal dira bertan. Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak eta Europar Batasuneko Intereseko Lekuak dira.
Kontsumo arduratsua
Urtero ia 4.000 milioi tona elikagai ekoizten dira munduan. Kopuru horren erdia kontsumitu egiten da, eta gainerakoa zaramara botatzen da. Datu kezkagarria da, baina are kezkagarriagoa da jakitea gosea pairatzen duten 1.000 milioi pertsona daudela munduan. Zirkulua are gehiago itxiz, honako hauek dira Espainiako estatuari dagozkion datuak: urtero 8 milioi tona elikagai inguru xahutzen dira, eta 11 milioi pertsona pobrezia edo gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan daude, Caritasek emandako datuen arabera.
Hondakinak
Gaur egun, erosketak egiten ditugun bakoitzean poltsa berriak erabiltzen ditugunez, haien erabilera oso laburra da (5-10 minutu besterik ez). Plastikozko poltsak egiteko behar diren lehengai eta energia kopuruak kontuan hartzen baditugu, xahuketa ikaragarria da. Ingurumen inpaktua apaltzeko irtenbiderik onena berrerabilpena da. Poltsa berrerabilgarri bakar batek erabilera bakarreko 125 poltsa ordezka ditzake. Horrela, dirua aurrezteaz gain, kutsadura eta animalientzako arriskuak gutxitzen dira.
Energia
Nevadako Unibertsitateko (Reno, AEB) ikertzaileek oso aurkikuntza interesgarria egin dute: kafe aleen hondarrek olioak dituzte, %11 eta %20 arteko kopuruan, eta olio horiek biodiesel gisa erabili ahal dira. Kate horrek urtean sortzen dituen kafe hondarrak erabiliz, 8 milioi dolarren irabaziak lortuko lirateke urtean. Kontuan izan behar da urtean 7,2 milioi tona kafe ekoizten direla AEBetan, eta 7.000 milioi kilo mundu osoan. Horrekin 1.300 litro biodiesel ekoitzi ahalko lirateke, eta irabaziak oso handiak izango lirateke.