ALBISTE LABURRAK

Bizkaiko hondartzen kudeaketa erreferentzia izan da ekohondartzen 2014ko biltzarrean

Iazko azaroan, Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartu zuen Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egin zen Hondartza-Ekohondartzen Nazioarteko XVI. Biltzar eta Erakusketan. «Bizkaiko hondartzen kudeaketarako sistema integratua. 10 urte hobekuntza etengabearen eta ingurumen bikaintasunaren alde lanean» goiburuarekin, Bizkaiko kudeaketa politikak azaldu ziren. Politika horiei esker, Bizkaiko hondartzen erdiek AENOR elkarteak ematen dituen kalitate eta ingurumen ziurtagiriak lortu dituzte, eta gure lurraldea erreferentzia bihurtu da Espainiar estatuko beste lurralde batzuentzat. Gainera, Bakioko hondartzak, Arriatera - Atxabiribil hondartzak (Sopela) eta Plentziako hondartzak ingurumen babesaren ISO 14001EMAS ziurtagiria daukate (ingurumenaren arloko altuena), eta Gorlizko hondartzak kalitate turistikoaren ISO 9001 Q izendapena lortu du. 2014an, Bizkaiko 28 hondartzen kudeaketak oso balorazio ona jaso zuen.

«Antzarren bidea» Urdaibai Bird Centerren

Europa mailan naturarekin lotutako esperientzia berri bat ezartzeko asmoz, Urdaibai Bird Centerrek turismoaren arloko proiektu berritzaile bat garatu du: «Antzarren bidea». Donejakue Bidearen tankerakoa da, baina antzarren migrazio bidaia du oinarri. Gainera, ibilbideak Europako naturagunerik ederrenetako batzuk zeharkatzen ditu, hala nola Finlandia, Suedia, Danimarka, Alemania, Holanda, Belgika, Frantzia eta Iberiar penintsula.

Meatzaritzaren Interpretazio Zentroa Abanto Zierbenan

Bizkaiko Foru Aldundiak, Abanto Zierbenako Udalak eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioak hitzarmen bat sinatu dute Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkearen Interpretazio Zentroa egiteko. Zentroa bukatu gabe dagoen eraikin batean kokatuko da, Corta-ren paisaia ikusgarriaren gainean. Kokapen hori dela eta, leku estrategiko paregabea da Meatzaldean meatzaritzaren kultura kontserbatzeko eta ezagutarazteko egingo diren proiektuak bateratzeko eta integratzeko.

«Smart Local Governance» nazioarteko topaketa

Iazko azaroan, Ezagutzaren Hiri Digitalen Batzordea bildu zen Bilbon. Bileraren helburu nagusia hirien arteko elkarlana eta ezagueren trukea bultzatzea izan zen, toki administrazioetan gobernantza ona sustatzeko asmoz. Mundu osoko hirien, hiri elkarteen, nazioarteko erakundeen eta mundu akademikoaren 80 ordezkarik baino gehiagok parte hartu zuten bileran. Ezagutzaren Hiri Digitalen Batzordearen helburua hau da: batzordekideen arteko aliantza bat lortzea tokian tokiko agintariek bultzatutako ekonomia lehiakorra erdiesteko. Ildo horretan, ezagutza, berrikuntza eta teknologia berriak sortu, hedatu, eskuratu eta erabiliko dira komunitate bakoitzaren garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko.

Espezie inbaditzaileei buruzko neurriak Europan

Europar Batzordeko Kontseiluak espezie exotiko inbaditzaileen sarrera eta hedapena prebenitzeko eta kudeatzeko araudi bat onartu du. Espezie exotiko inbaditzaileek biodibertsitatean eta hari lotutako ekosistemen zerbitzuetan dituzten ondorio kaltegarriak eta giza osasunean nahiz ekonomian eragin ditzaketen kalteak prebenitzeko, minimizatzeko eta arintzeko arauak ezarri ditu. Batzordeak Europar Batasunarentzat kezkagarriak diren espezie inbaditzaileen zerrenda egingo du. Zerrenda hori sei urtez behin berrikusi eta eguneratuko da. Hemendik aurrera, debekatuta egongo da espezie horiek EBko lurraldera nahita ekartzea, mantentzea edo haztea, Batasunaren barruan garraiatzea, merkaturatzea, haztea edo ingurumenean askatzea. Batzordeak araudiaren aplikazioa ebaluatuko du 2021eko ekainaren 1ean.

Konposterako materia organiko gehiago biltzea proposatu du Aldundiak

Ingurumen Sailaren ustez, konposterako materia organiko kozinatua biltzeko esperientziak oso arrakastatsuak izan dira. Basaurin egindako esperientzia pilotuak erakutsi du etxeetatik bildutako hondakin organiko kozinatuen kopurua oso txikia dela eta konposta egiteko prozesuan desagertu egiten dela, amaierako produktuaren kalitatean inolako eraginik izan gabe. Egoera horren aurrean, Aldundiak konposterako materia organiko gehiago biltzea proposatuko die edukiontzi marroia ezarri duten udalerriei, hondakin kozinatuak ere bota ahal izateko.