BAZENEKIEN?

Energia

Eguzki-energia berde eta eraginkorrago bat lortzeko sekretua zelula bakarreko organismo batzuen oskolean egon daiteke. 100 milioi urteko antzinatasuna dute eta diatomea dute izena. Alga mota bat da. Munduko ozeano guztietan eta uretako kate trofikoen oinarrian agertzen dira eta nanoteknologiako adituen arreta bereganatu dute. Diatomea delako horien eskeletoa argia atzematen duten poroz estalita dago. Zientzialari batzuk, horien artean Greg Rorrer, erdieroaleak diren materialak hazi eta eskeletoetan txertatzen ari dira. Zelula fotovoltaikoetan sartzean, sorgailuen eraginkortasuna %50 handitzen da. Ez dago gaizki hain antzinakoa den izaki batentzat.

Biodibertsitatea

Nola sortu da Ebola gaixotasunaren agerraldia? Jon de Lahuerta OMEko mediku aholkularia da eta patologia tropikaletan aditua. Bere esanetan, Afrikan berdintasunik eza gero eta handiagoa da (bitxikeria moduan, esan dezakegu Audi markako auto gehiago daudela Ruandako hiriburuan, proportzioan, New Yorken baino), herrialde pobre eta baliabidez agortuak izateaz gain. Bada, ebolaren krisiaren kasuan, esaterako, eragina izan du birusaren animalia gordailua sagu-zaharra izateak. Sagu-zahar horiek bizi ziren basoetako zuhaitzak moztuz joan dira, eta animalia horiek, gosez, herrietara hurbildu dira. Basamortua hurbil duten herrialdeetan ez dago ebolarik.

Eskuragarritasun unibertsala

«Oztoporik gabeko arte-eskola: Sortuz hazten gara». Hori da FormArteren leloa. Arte plastikoen eskola gaztea da, 2013an sortua (Zancoeta 1), eta berezia, baliabide honen balio nagusia ikasleak baitira: Urritasun psikikoa duten ikasleak. «Ez gara zentro okupazional bat, baizik eta prestakuntza ematen duen zentro bat; haur hezkuntzatik unibertsitate-mailara arte ematen dugu, Arte Ederrak ikasi nahi dituztenentzat ere» esan dute Prestakuntza Zentro integratzaile honetakoek (http://formartebilbao.com/).

Integrazioa

Lau segundoro pertsona bat bere lekutik mugitzen da munduan; hau da, begiak kliskatzen ditugun bakoitzean pertsona batek ihes egin beharrean ikusten du bere burua. Horien erdiak adingabeak dira. Pertsona horien erdiak baino gehiago bost herrialde hauetakoak dira: Afganistan, Somalia, Irak, Sudan eta Siria.

Integrazioa

Lau segundoro pertsona bat bere lekutik mugitzen da munduan; hau da, begiak kliskatzen ditugun bakoitzean pertsona batek ihes egin beharrean ikusten du bere burua. Horien erdiak adingabeak dira. Pertsona horien erdiak baino gehiago bost herrialde hauetakoak dira: Afganistan, Somalia, Irak, Sudan eta Siria.

Genero berdintasuna

Gure gazteriaren heren batek onargarri ikusten du bikotekidea kontrolatu eta bere izenean erabakiak hartzea, CIS institutuak 2014an egindako ikerketa honen arabera: «Genero-indarkeriaren pertzepzioa nerabe eta gazteengan». Gehien-gehienek emakumeen aurkako indarkeria fisikoa eta hitzezkoa gaitzesten dute baina %67k soilik arbuiatzen dute bikotekidea kontrolatu eta bere gain agintzeari buruzko ideia. Horrela izanik, hiru gaztetik batek uste dute «ezinbestekoa edo onargarria dela egoera batzuetan» bikotekidearen ordutegiak kontrolatzea, bere lagun eta senideekin egoten ez uztea, bere izenean erabakitzea ikasi edo lan egin dezakeen, bere telefono mugikorra begiratzea edo zer egin dezakeen eta zer ez inposatzea. Ufff… oraindik ere horrela gabiltza! Kezkagarria. Funtsezkoa da gure gazteek jarrera horietan indarkeria dagoela antzematea.

Garraioa

«Inork ez dio Udalari eskatzen <emaidazue auto bat>, baina bai <emaidazue aparkatzeko leku bat>. Nik erosiko dut autoa, baina beste batek ordain diezadala aparkatzeko lekua» (Ibon Areso, Bilboko alkatea). Eztabaida hori helduko da (hala dio Mikel Murgak, trafiko eta garraioan nazioarteko aditua), autoa erosi eta aldi berean garajea erosteaz hitz egingo dugu. Zera bezalakoa da, baten batek idi parea erosi eta alkateari galdetzea ea non gorde ditzakeen.

Ingurunea

Helburua hauxe da: mendearen amaierarako tenperatura igoera bi gradukoa baino ez izatea industria-aurreko mailekiko. Hori lortzeko, datozen hamarkadetan emisio askoz gutxiago sortu beharko dira -%40 eta %70 bitartean murriztu beharko dira 2010 eta 2050 bitartean-, 2100ean ia zerora jaisteko. Aldaketa Klimatikoaren arloko adituen Gobernu arteko Taldearen V. Ebaluazio Txostenaren arabera, CO2 kontzentrazioak «800.000 urtetako aurrekaririk gabekoak izango dira»; era berean, atmosferaren eta ozeanoen berokuntza aipatu dute, ozeanoen azidotzea eta poloetako izotz-geruza murriztea.

Elkartasuna eta garapena

Egoerarik negargarrienetako bat adingabeen salerosketa da. Ohikoa da adingabeak herrialdeetako mugetara heltzea, bere gurasoak direla adierazten duten identifikatu gabeko helduekin batera. Salerosketarako erabiliko diren susmoa dagoenean, egiten den lehenengo gauza beste nortasun bat ematea da, gizaki-trafikoaren zirkulua hausteko. Hala ere, harrera-etxeetara eramaten dituzten nerabe batzuk handik gutxira irteten dira eta mafien esku erortzen dira berriz ere. Gizarte erakunde eta erakunde publikoen arteko koordinazioa funtsezkoa da drama hori eteteko, eta horretan nahikotxo hobetzen ari gara. Kontua da zer gertatzen den Estatuaren babespean dauden 20.000 etorkinek 18 urte betetzean. Litekeena da egoitza-baimena galtzea, hori mantentzeko lan-kontratu bat behar baita. Gainera, pertsona horiek hamaika urte gutxiagoko babes-egitura dute, familia bat dutenekin alderatuta.

Hondakinak

Zenbat kostatzen da telefono mugikor bat birziklatzea? Kontuan hartzen baditugu bilketa, garraio, biltegiratze, sustapen eta kudeaketa gastuak, lau zentimo inguru izango da. Espainian, 20 milioi tresna botatzen dira urtero, eta gehienak zakarretara. Hondakin kopuru izugarria da; izan ere, Tragamóvil ekimenaren arabera (http://www.tragamovil.es/), piezen %90 ezin dira berriro erabili. Behin ingurumenerako kaltegarriak diren materialak kenduta, plastikoa, beira, beira-zuntza eta metalak berreskuratu daitezke, hala nola burdina, kobrea eta urrea ere. Birziklatzeaz arduratzen den Alemaniako Remondis enpresak kalkulatu du mugikor bakoitzak metal preziatu horren 23 miligramo dituela batez beste.