ALBISTE LABURRAK
Muskizen eta Zierbenan panpa belarra kentzeko programa
Bizkaiko Foru Aldundiak, Muskiz eta Zierbenako Udalekin batera udalerri hauetan espezie honen presentzia gutxitzeko programa bat jarri dute martxan. Helburua biodibertsitate eta paisaian kalteak ekiditzea da, eta Barbadungo paduran eta Areako hondartzan espezie honen kolonizazioa galaraztea. Horretarako administrazio hauek panpa belarra eremu publikoetatik kentzeaz arduratuko dira (hondartza, ibaiertzak, padurak, mendi publikoak, errepideak, etab.), eta gai honi buruzko aholkularitza eskainiko diote behar duenari.
Urdaibaiko Biosfera Erreserba: garapen jasangarrirako ikaskuntza-tokia
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren osoko bilkurak «Garapen jasangarrirako interpretazio, ikerketa, gaikuntza eta hezkuntzarako PICE plana» abian jartzea onartu du pasa den otsailean, 2025era arte indarrean egongo dena. Patronatuko buru Josean Galerak azaldu duen moduan, Plan berriak jasangarritasunaren gainean maila globalean, estatalean eta lokalean ikasteko espazio bihurtzeko jarduera-ildoak biltzen ditu. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila buru duen planak, tokiko eragile guztiekin elkarlanean egindakoa, natura- eta kultura-ondarearen balioa nabarmentzeko garatuko diren ekintzak ere jasotzen ditu, ekonomia berdea eta erakargarritasun turistikoa garatzeko oinarritzat.
Iraunkortasunerako konpromiso eskutitza: Aktibatu + adierazpena
Busturialdea-Urdaibai, Lea-Artibai eta Uribe-Kosta eskualdeek aurrera jarraitzen dute iraunkortasuneranzko bidean. 2015ean zehar, Aktiba zaitez + programa garatzen ari den eskualdeek beste urrats bat eman dute, «Iraunkortasunerako konpromiso eskutitza. Aktibatu + adierazpena» sinatuz, iraunkortasunaren alde hartu duten konpromiso gisa.
Bizkaiko biodibertsitateari buruzko estrategia
Bizkaiko Lurralde Historikoaren % 18 Natura 2000 Europako sarearen barruan dago, eta azaleraren % 26,5 Erkidegoaren intereseko habitat gisa katalogaturik dago. Paisaia txit baliotsu honetan, babes-kategoria batzuetan sartzen diren eta desagertzeko arriskutan dauden florako 28 espezie eta ornodunen faunako 122 espezie bizi dira, gune horiek baitituzte babesleku. Ondoko hauek dira mehatxu nagusiak, besteak beste: espezieen benetako banaketa, erabilerak aldaraztearen zioz habitatak erauztea eta espezie aloktono inbaditzaileak agertzea.
Ingurumen Sailak, martxoan onetsi den Bizkaiko Biodibertsitateari buruzko Estrategiaren bidez, hurrengo bost urteotan (2015-2020) abiaraziko diren ekintzak proposatzen du Lurraldearen biodibertsitatea babestu, lehengoratu eta balioesteko.
Ingurumen Sailak agiri hau plazaratu du nazioarteko, Estatuko eta Autonomia Erkidegoetako helburuei erantzuteko, eta bai Bizkaia 21 Programari doazkion konpromisoei aurre egiteko ere. Azken finean, biodibertsitatearen galera garbia saihestu ez ezik, hura hobetzeko baldintzak aldeztu eta sorraraztea ere bada Estrategia horren xedea.
Lantegi Batuak-ek laneratzeko aukera berria irekitzen du Bizkaian urritasuna duten pertsonen artean
Lantegi Batuak erakundea A-8ko Amorebieta-Etxanoko Petronorren zerbitzu-gunea kudeatzen hasi da. Repsolrekin lortutako akordioari esker urritasuna duten 8 pertsona –3 emakume eta 5 gizon– laneratuko dira. Guztira 11 pertsonako taldea arduratuko da 450 m2 dituen zerbitzu-gune osoa kudeatzeaz.
Beste gauza batzuen artean, Lantegi Batuak-ek gune horretako denda, kafetegia, sukaldea eta terraza kudeatuko ditu. Ostalaritza arloko prestakuntza espezifikoa jaso duten langileak dira. Pertsona horiei lan egiteko aukera emateaz gain, jendaurreko lan bat denez, urritasuna duten pertsonen gaitasunak ikusarazi egingo dira, batzuetan aurreiritzietan oinarrituta egoten diren estereotipoak apurtzeko.
Lantegi Batuak-ek laneratzeko aukerak irekitzen jarraitzen du Bizkaian urritasuna duten pertsonen artean. Ostalaritzaren sektorean bi esperientzia arrakastatsu izan ditu dagoeneko, BBK Bilbao Good Hostel eta Diversity.